Lehiberri Kudeaketa Eskola eta Hazilan, lanketa zehatzagoa egin ahal izateko

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 1a, 19:59

Tolosaldea Garatzenek martxoko formazio eskaintzaren berri eman du. Hainbat alorretako doako lau ikastaro eskainiko ditu Lehiberri zentroan, eta baita enpresei begirako Lehiberri Kudeaketa Eskola eta 20-44 urte arteko gazteak laneratzeko formazio jarraitua eta enpresetan praktikak eskaintzen dituen Hazilan programa ere.

Hilabeteroko ohiko formazio eskaintzaz gain, bi kolektiborekin lanketa zehatzago eta sakonagoa egiteko programak abiatuko dira martxoan, Tolosaldea Garatzenen eskutik. 

Horiek horrela, Hazilan programaren bidez konpetentzia sozioprofesionalak garatzeko formazioa eta praktikak enpresetan eskainiko ditu eskualdeko garapen agentziak. Prestakuntza duten 20 eta 44 urte arteko gazteak lan-merkatuan sartzeko programa da hain justu, Hazilan. Horretarako, hiru esparrutan egiten da lan: oinarrizko konpetentzia sozioprofesionalen formazioan, enplegu bilaketarako eta lan-aktibaziorako prestakuntzan, eta lan esperientzia errealean.

Askotarikoak izan daitezke gazte horien profilak: lanik gabe daudenak, beren ikasketekin bat datorren lanpostu baten bila dabiltzanak, edo lanean egonda, beren baldintzak hobetu nahi dituztenak. Guztiek goi-mailako ikasketak edo ikasketa horiek homologatze bidean izan beharko dituzte parte hartu ahal izateko.

2021eko lehen taldea osatzen ari da Enplegu Saila, eta lan@tolosaldea.eus helbidera idatzita edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Hazilanen gunean datuak beteta eman ahal izango da izena. Formakuntza doakoa da eta taldea martxoaren 15ean hasiko da lanean, eta bi fasetan banatuko da prestakuntza. 

Lehen fasean, AKTIBATU izenekoan, formazioa jasoko dute, apirilaren 15era bitarte, Lehiberri Zentroan (Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00). 50 orduko prestakuntza teoriko-praktikoan, konpetentzia pertsonal eta emozionalak (autonomia, motibazioa, erantzukizuna, espektatiben kudeaketa…) lanbide-konpetentziak (komunikazioa, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzea, plangintza…) eta lan merkatuan kokatzeko konpetentziak (automarketina, ekintza plana, elkarrizketetarako prestakuntza…) jorratuko dituzte. Horrez gain, taldeka ere jardungo dute enpleguaz beste 30 orduz, coach batek gidatuta. Lehen fasea amaitzeko, bost orduko jarraipen pertsonala egingo zaio bakoitzari.

Hilabete iraungo duen lehen fasea amaituta, bigarrenari ekingo diote. KOKATU fasean, praktikak egingo dituzte, Tolosaldeko enpresa batean, norberaren profilera egokitutako lanpostuetan, lan esperientzia hartzeko eta lan aukerak sustatzeko.

 

Lehiberri Eskola

Era berean, Enpresen Sailak Lehiberri Eskola kudeaketa eskola antolatu du aurten ere, Gipuzkoako Bazkundearekin elkarlanean. 2021eko programak doako bederatzi ikastaro barnebiltzen ditu, eta presentzialki eskainiko dira –osasun eta edukiera neurri guztiak hartuta– Lehiberri Zentroan. Aurtengo edizioa martxoaren 11n hasiko da eta hilabete bakoitzean hitzordu bana izango da urtea amaitu arte, abuztuan izan ezik.

Izen-ematea tolosaldeagaratzen.eus webgunean edo lehiberri@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatziz egin daiteke. Nahi beste ikastarotan eman ahal izango da izena. Hauek dira ikastaroak:

  • Neuromarketina: bezeroen emozio eta sentimenduak nola konektatu
    Martxoak 11, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Javier Garcia

  • Team building, nola sortu talde eraginkorrak
    Apirilak 22, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Javier Moreno

  • Kanban enpresan
    Maiatzak 13, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Cayetana Arri

  • Adimen emozionala harreman interpertsonalak hobetzeko
    Ekaninak 3, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Ana Muro

  • Nola atera etekina bezeroekin izandako elkarrizketei
    Uztailak 1, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Javier Moreno

  • Nola finkatu prezioak: helburuak, kostuen analisia eta balio erantsia
    Irailak 23, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Cayetana Arri

  • Komunikazioa, hitzez harago
    Urriak 14, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Javier Garcia

  • Denboraren kudeaketa eraginkorra
    Azaroak 11, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Ana Muro

  • Finantzetan adituak ez diren zuzendarientzako finantzaketa
    Abenduak 2, 09:00-13:00
    Lehiberri Zentroa
    Hizlaria: Cristina Elola

Beste lau ikastaro

Arestian aipatutako ikastaroez gain hilabete honetan zehar beste lau ikastaro eskainiko ditu:

  • Ahozko ingelesa
    Martxoak 17 - Ekainak 16. 
    Asteazkenero, 13:00-15:00, Lehiberri Zentroa

Elduaien hizkuntza eskolarekin elkarlanean, enpresei begirako Ahozko Ingelesa lantzeko ikastaroa izango da, B2-C1 maila artekoa. Prezioak: Lehiberri Forora atxikitutako enpresentzat 100€, gainerakoentzat 300€.

  • Lana aurkitzeko erremintak (1)
    Martxoak 17, asteazkena
    09:00-12:00, Lehiberri Zentroa

Lanbideko plataforma, posta elektronikoari zukua ateratzeko gakoak eta Infojobs plataforma erabiltzen irakatsiko da.

  • Etorkizuneko negozio ideia eta eredu arrakastatsuak
    Martxoak 24, asteazkena
    09:00-14:00, Lehiberri Zentroa

Epe labur, erdi eta luzera espero diren tendentzietan sakontzeko aukera emango da eta aldi berean, testuinguru honetan sortzen diren negozio aukera ezberdinak ezagutuko dira.

  • Lana aurkitzeko erremintak (2)* Aurreko saioaren berdina

    Martxoak 24 asteazkena
    09:00-12:00, Lehiberri Zentroa

Lanbideko plataforma, posta elektronikoari zukua ateratzeko gakoak eta Infojobs plataforma erabiltzen irakatsiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!