(H)ari Naizela Ataria Irratiko bertsolaritzari buruzko saioak 200. saiora iritsi da, eta hori dela eta, bertso saio berezia antolatu du bihar, 19:00etatik aurrera, Villabonako Gurea zineman. Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Julio Soto izango dira bertsotan, eta Imanol Artola Felix gai jartzaile lanak egiten.
Imanol Artola Felix-ek berak gidatzen du (H)ari Naizela irratsaioa sortu zenetik. 2016ko urtarrilaren 17an egin zuen lehen saioa eta ordutik, asteazkenero Ataria Irratian entzuteko aukera izaten da. Martxoaren 3an egingo du, hain justu, 200. saioa, eta bertan entzungai izango dira urteurrenaren aitzakian antolatutako bertso saio berezian entzungo diren bertsoaldi onenak. Bertso saio berezi horretako gaia uhinak izango da. Irratsaioa Ataria Irratia-ren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da eta biharko bertso saioa ere elkarlan horretatik sortutako ekimena izango da.
Segurtasun neurriak direla eta, gehienez 140 lagunek jarraitu ahal izango dute saioa Gurea zineman. Eta, sarrera gehienak erosita badaude ere oraindik geratzen dira batzuk. Dena den, bertara joateko aukerarik ez duenak, saioa etxetik jarraitzeko aukera izango du, streaming bidez ere eskainiko baita, Bertsoa.eus, ATARIA eta Harituzen arteko elkarlanari esker. Hala, TOLOSALDEKO ATARIA-ren webgunean ikusi ahal izango da saioa, eta baita bertsoa.eus-en ere. Era berean, Ataria Irratiak saio guztia emango du zuzenean eta 107,6an fm bidez edota ataria.eus/irratia bidez entzun ahalko da.
Aipatu moduan, hurrengo asteko asteazkenean, martxoaren 3an egingo du (H)ari Naizela irratsaioak 200. saioa, eta bertan biharko bertso saioko bertsoaldiak izango dira entzungai. Halaber, biharko bertso saio osoa hurrengo astean zehar izango da ATARIA-ren webgunean, edozein unetan ikusi ahal izateko.