Oporrak bakerik gabe?

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 26a, 16:58

Saharako ume bat, aurreko larunbatean, Zizurkilen. J. MIRANDA

Fronte Polisarioak egungo osasun egoeragatik eta bigarren urtez bertan behera utzi du Oporrak Bakean programa; Tolosaldean sahararrekiko elkartasun taldeek «penaz» hartu dute erabakia; kezka ere badute Mendebaldeko Sahara gerran dagoelako, SEAD sortu eta 45 urtera.

Bihar beteko dira 45 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela. Tolosaldea Sahararekin elkarteak Tolosako Trianguloan elkarretaratzea egingo du bihar 11:00etan Maroko Mendebaldeko Saharatik at lelopean, data hori gogoratu eta saharar herriarekiko elkartasunez.

Tolosaldea Sahararen elkarteko kide den Gregorio Eizagirrek «amorru eta inpotentzia» handiarekin bizi du Mendebaldeko Sahararekin gertatzen ari dena: «Fronte Polisarioak su-etena hautsitzat jo eta azaroaren 13an gerra egoera ezarri zuenetik ehun egun baino gehiago igaro dira eta egoera geroz eta zailagoa da». Lurralde okupatuetan Saharako militanteen aurkako errepresioa oso bortitza dela dio Eizagirrek, desagerpenak eta giza eskubideen urraketak eguneroko ogia direla. Sultana Jayarena da Marokoren jazarpenaren adibideetako bat, «ez diote etxetik ateratzen uzten eta atarira azaldu izan denetan jipoitu egin dute poliziek».

Nahiz eta Marokok ez duen ofizialki gerran dagoenik onartu, jazarrita dauzka militante sahararrak eta itxita muga guztiak. «Pandemiaz gainera, Marokok interbenituta dauzka komunikazio guztiak eta horrek laguntza humanitarioa bideratzea ere zaildu egiten du. Gaur gaurkoz errefuxiatu kanpamenduetan dagoen jendea laguntzeko dugun modu bakarra agintari sahararrek antolatuta daukaten denda da. Guk hemendik online egin ditzakegu erosketak, hango gure familiak laguntzeko».

Mauritaniako mugan, Guerguerat ingurunean, NBEren misio den Minursok zaindu beharreko zonaldean Maroko alde batetik bestera libre nola zebilen ikusita erabaki zuten sahararrek bidea ixtea. Gatazka gaiztotu eta gerra egoera deklaratu ondoren, Eizagirrek ez daki zein izango den etorkizuna epe motzera. «Sahararrak aspertuta daude, erreferenduma agindu zitzaien duela 30 urte eta ez da inolako aurrerabiderik egin. Argi dute horrela ezin dutela jarraitu».

Aurtengo programa bertan behera

Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak joan den otsailaren 8an iragarri zuen, ofizialki, Oporrak Bakean 2021 programa bertan behera geratuko dela, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. Erabaki «mingarria» dela onartu dute sahararren ordezkariek, jakitun baitira bi herrien arteko elkartasuna mamitzeko garrantzia handiko programa dela urtero gauzatzen dena.

Osasun larrialdiagatik iazkoan ere ezin izan ziren errefuxiatu kanpamenduetako umeak Euskal Herrira etorri udako oporraldia pasatzera baina programa alternatiboak «arrakasta handia» izan zuen Fronte Polisarioaren arabera. «Elkartasun mugimendua zoriondu nahi dugu eta egindako lan guztia eskertu. Mugimendu honek orain arte erakutsi duen konpromiso politiko eta humanitarioarekin esperantza handia dugu».

Tolosaldean Oporrak Bakean programa koordinatzen duen Ana Traperok, «penaz» hartu du erabakia nahiz eta ulertu osasun egoeragatik ezinezkoa dela ekimena gauzatzea. «20 urtetan segidan etorri izan dira umeak gure eskualdera uda pasatzera eta errotuta dago programa. Tolosaldeko udalek egiten dute ekarpena familietara umeak ekartzeko eta herritarren artean ezaguna da egitasmoa. Saharako haur asko pasa dira gure eskuetatik».

Urtero, bataz beste, hamabost bat ume etortzen dira eskualdeko familietara bi hilabete pasatzera, eta azken bospasei urteetan Maiatzak 20 elkarteak koordinatuta aterpetxe bat antolatu izan da Tolosaldean beste dozena bat ume artatzeko. «Euren etxera itzultzen direnean haur horiek beti eramaten dute poltsatxo bat, janari, arropa, opari eta bestelakoez osatuta. Iaz programa ez zenez gauzatu, familiek etxean eduki izan dituzten umeentzako paketeak prestatu zituzten udan. Muga guztiak itxita dauden honetan, oraingoz ezin izan dira prestatutako poltsak errefuxiatu kanpamenduetara bideratu. Aurki egin ahal izatea espero dugu», esan du Traperok.

Kezka eragiten dio programaren koordinatzaileari bi urteko etenak: «Datorren urtean osasun egoerak hobera egin eta Oporrak Bakean berreskuratuko balitz, hutsetik abiatu beharko ginateke. Dena den, nahiago genuke berriro ere antolatu beharko ez balitz, horrek Mendebaldeko Saharak bere lurra berreskuratu duela esan nahiko lukeelako».

Erlazionatuak

«Ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu»

Irati Saizar Artola 2021 ots 26 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!