«Ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu»

Irati Saizar Artola 2021ko ots. 26a, 16:59
Agustin Agote Garmendia, pankartari eutsita, eskuinean. ATARIA

Aurten Sahara Maratoia birtualki egiteko aukera jarri dute; inguruko bideetan egin daiteke lasterketa eta aplikazio bidez denborak jasoko dituzte antolatzaileek; igandea da parte hartzeko azken eguna.

Gaur bertan zen ospatzekoa Sahara Maratoia Tindoufen, Aljerian. Pandemia egoerak, ordea, ez du ahalbidetu aurrez aurre lasterketa egin ahal izatea, eta aurten, birtualki egiteko aukera jarri dute. Igandera bitarte aukera izango da lasterketa etxe inguruan egin ahal izateko.

Agustin Agote Garmendiak (Irura, 1965) 2010ean egin zuen lehen aldiz Sahara Maratoia, eta ordutik sei aldiz hartu du parte Saharako basamortuko lasterketan.

Aurten ez da nahi bezala ospatuko kirol proba. 

Pandemiak eragin zuzena izan du aurtengo ekitaldian. Antolatzaileek ez dute ezerezean utzi nahi izan proba, eta bertakoei aukera emango diete proba egiteko. Eta kanpotik joaten den jendearentzat, proba birtualki egiteko aukera eman dute.

Zer da zehazki Sahara Maratoia kirol proba?

Kirol proba solidario bat da, distantzia ezberdinak dituena: 42 km, 21 km, 10 km edo 5 km-ko lasterketak izaten dira. Aljeria hegoaldean dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetan egin ohi da. Aitzakia horrekin astebete joaten gara errefuxiatuen kanpalekuetara, eta aste horretan hango familien haimetan hartzen dugu ostatua. 

Helburu solidarioa duela aipatu duzu. 

Bai, izan ere, inskripzioaren zati bat proiektu ezberdinetara bideratzen dute antolatzaileek: izan emakumeentzat, gazteentzat, kirol zaletasuna sustatzeko, kirol eraikinak egiteko edo gizarteko sektore behartsuenentzako.

Bertakoentzat egun ezberdinak izango dira. 

Pentsatu behar da errefuxiatu kanpamenduetan bizi direla, beraien mugikortasuna oso mugatuta dagoela eta ez daukatela ezer egitekorik egun osoan. Monotonia batean bizi dira, eta urtean behin, astebetez, kanpoko jendea beraiengana joatea, beraiekin bizitzera, barre egitera, hitz egitera, elkar bizitzera, zoragarria da eta harreman estua sortzen da. Irrikan egoten dira beste lurraldeetako jendearekin kontaktua izateko. Hor sortzen diren harremanek balio diete mundu mailan leihatila bat irekitzeko. 

Kanpotik joandakoen egonaldiak izango du eragina ekonomian.

Urte batean 850 pertsona joan ginen, hori izango zen jende gehien joan izan den urtea. Harrezkero 350 bat pertsona edo joan izango gara. Ekonomikoki sortzen duen oihartzuna handia da. Alde batetik, inskripzioen bidez lortzen duten dirua dago, eta bestetik, hara joaten garen bisitariok sortzen dugun mugimendu ekonomikoa, bai elikagaiak erostean, artisautzan, eta bestelako komertzioetan. Kontuan hartu behar da, hara joaten garenean hemendik material ezberdinak eramateko aprobetxatzen dugula, osasun edota hezkuntzarako materiala. Orain, pandemiak eragindako frontera itxiera horrek sekulako eragina izan du. Adibidez, iazko otsailean egindako janari bilketako produktuak duela bi hilabete iritsi zaizkie, Algecirasen mugak ezin pasata geratu direlako.

Horregatik, maratoia beste modu batera antolatu dute aurten.

Galera hori nolabait murrizteko, modu birtualean parte hartzeko aukerak zabaldu dituzte. Hiru aukera ezberdin jarri dituzte, eta hirurak dira bateragarriak. Batetik, lasterketan parte hartzeko aukera jarri dute eta aplikazio baten bidez jasoko dituzte antolatzaileek denborak; hemen inguruko bideetan osatu daiteke neurri ezberdinetako lasterketa; oinez, korrika, familian... Bestetik, korrikalarien poltsa jasotzeko aukera dago: kamiseta bat, lepokoa, dortsala eta liburu bat. Eta azkenik, ekarpen bat egin daiteke beharrean diren familiek elikagaiak izan ditzaten. Informazio guztia www.saharamarathon.org  helbidean aurki daiteke.

«Nahiz eta han ezin egon, basamortuan bakoitzaren aztarna uzteko aukera dago»

Sei aldiz hartu izan duzu parte maratoian. Basamortuan 42 kilometro egindakoa zara?

Bai, sei aldiz egin izan dut. Esperientzia zoragarriak izan ditut. 2010ean joan nintzen lehen aldiz, eta lehen aldi hartan buruan kirolaren helburua soilik nuen. Hango historia pixka bat ezagutzen nuen, baina aste osoan beraiekin bizitzeko aukera izatea eta haiek daukaten basamortuko herri nomaden kultura hori ezagutzea sekulakoa izan zen. Zu hara nahi duzun material guztiarekin joan zaitezke, baina beti zorretan geratzen zara, askoz gehiago jasotzen delako, ematen duzuna baino. Eta basamortu erdian korri egitean sentitzen duzun askatasuna ere sentsazio sakona da. 

Hemen nola entrenatzen zara?

Batzuk hondartzetan entrenatzen dute, baina nik asfaltoaz gain mendian ere egiten dut korri, eta horrela prestatzen naiz. Kontuan hartu behar da 650 metroko desnibela duela lasterketak, lurra ere harrizkoa edo hondarrezkoa dela. Hemen negua denean joan ohi gara hara, eta 30 gradutik gorako tenperaturan egin behar izaten da korri. Horregatik, hiru kilometro eta erdiro, anoa gune batzuk jartzen dituzte, edateko eta jateko.

Aurten ere hartuko duzu parte?

Bai, maratoi erdia egingo dut oraingoan. Aste honetan zehar egin daiteke, igandera bitarte. Baina kirola egin nahi ez duenak ere izango du horretarako aukera, bere aletxoa jarri dezakeelako, beraz, eskualdera ere mezu hori zabaldu nahiko genuke: elkartasuna adierazteko, eta nahiz eta han ezin egon, basamortuan bakoitzaren aztarna uzteko moduko aukera badagoela.

Erlazionatuak

Oporrak bakerik gabe?

Jon Miranda Labaien 2021 ots 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!