Kale Kantoitik

Bizkorrenak irabazten du lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Usandizaga 2021eko otsailaren 22a

Bizkorrena denak irabazten du lasterketa, bizkorrena da azkarrena, gehien dakiena. Beti pauso bat aurrerago doana eta bigarrena atzean uzten duena.

Dakien hori besteek dakitena baino askoz ere hobea eta baliotsuagoa da. Inguruko guztiak ezjakinak direla uste du, eta egunero zerbait erakutsi behar izaten du.

Mundua horrelako jendez beteta dago, baina, batez ere, sare sozialetan gertatzen da asko. Gehienbat gai nahiko berriak direnean. Denak zein baino zein bizkorragoak dira, eta bakoitzak azaldutako ideiek besteenek baino pisu handiagoa dute. Egunerokotasuna lehia bihurtzen da. 

Norbaitek zerbait, ezjakintasunetik abiatuta, gaizki esaten duenean, aurretik edo ondoren esandako ideia guztiak baliogabetzen zaizkio. Ordura arte esandakoak ahazten dira. Eta gainerakoak, denak bizkorrenak, aditu bihurtzen dira gai guztietan. 

Gaizki dagoena azaldu ordez, zuzenean erasotzen zaio eta betirako bere fatxada aukeratzen da. Bigarren aukerarik gabe. Sare sozialetan etiketa gehiegi jartzen dira, eta pertsonak betiko markatuta geratzen dira. 

Ez dira ohartzen inor ez dela jaio ikasita. Urteak aurrera joan ahala ikasten dugula, eta gure ingurua aldatzen ari den heinean, honi egokitzen gatzaizkiola. Egunero ikasten eta irakasten dugula, beste batzuei esker dakiguna ingurukoei zabalduz. Gehiago balio du bakoitzak dakiena partekatzeak, erakusteak eta zabaltzeak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!