Datorren astean hiru greba egun dituzte haur eskoletan

Ataria 2021eko otsailaren 18a

Tolosaldeko haur eskoletako langileek elkarretaratzea egingo dute otsailaren 23an, 18:00etan, Tolosako Trianguloan.

Urtarrilean bi greba egun egin zituzten Haurreskolen partzuergoan, eta beste hiru egun dituzte aurretik: otsailaren 22a, 23a eta 24a. Akordioak betetzea, lan hitzarmen berria negoziatzea, langileak egonkortzea, doakotasunak eta hezkuntzan integratzea eskatzen ari dira, besteak beste.

Azken egunetan langileak zain egon dira ea aurreko bi greba egunek eraginik izango ote zuten ikusteko, baina Ainize Lasa Amezketako haur eskolako hezitzaileak azaldu duenez, zain jarraitzen dute. Esan du ez dituztela mahai negoziaketarako deitu. Izan ere, horixe da eskatzen dutena: "Eseri daitezela eta langileriarekin hitz egin dezatela eskatzen dugu". Salatu du, ordea, kasurik ez dietela egiten, eta beraz, borrokan jarraituko dutela.

Elkarretaratze deialdia

Datorren asterako deitu dituzten greba egun bakoitzerako mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte. Astelehenean, EAEko hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituzte eta eskualdekoen kasuan, Donostiara joateko deia egin dute. Udaletxetik hezkuntza delegaziora egingo dute manifestazioa, 11:30ean hasita. Asteartean, kotxe karabana bat egingo dute Eibarren goizean, eta arratsaldean, Tolosaldeko haur eskoletako langileek elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan, Trianguloan. Asteazken goizean, berriz, Lakua atarian egingo dute elkarretaratzea.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!