Inauterizaleentzat erronka

Ataria 2021ko ots. 10a, 19:59

Inauterietako Triviala egingo du ATARIA-k bihartik asteartera bitarte, egunero, Instagram bitartez, inauteriekin lotutako galderak zabalduz; parte hartzaileen artean sariak zozkatuko dira.

Ez da txupinazorik izango bihar Tolosako Plaza Zaharrean, ez da, beraz, jairik lehertuko eta ez da txarangen atzetik herritarrak saltoka ikusiko. Asteartita bitarte errepikatuko den egoera izango da, aurten ez baita inauteririk izango. ATARIA-k, baina, inauteri giroa pixka bat zabaltzeko helburuz, proposamena luzatuko die bere irakurleei.

Hain justu, inauterietako Trivialean jolasteko aukera izango dute herritarrek, bihartik datorren asteartera bitarte, hau da, Ostegun Gizenetik Asteartitara. ATARIA-k inauterien inguruko galderak egingo ditu egunero Instagram bitartez. Galdera horiek inauterietako ohiturei buruzkoak izan daitezke, bitxikerien ingurukoak, edota historiari buruzkoak.

Beraz, euren burua inauterizaletzat dutenentzat eta hori lau haizeetara zabaltzea gustuko dutenentzat erronka ezin hobea izan daiteke, egunero proposatuko diren galderen erantzuna jakitea ezinbestekoa baita inauterizale peto-petoa izateko. Egunero tarte atsegina igarotzeko aukera izango da, eta horrekin batera, sariak eskuratu ahalko dira. Izan ere, galderak erantzuten dituztenei posta elektroniko bat uzteko eskatuko zaie, eta asteazkenean, Hausterre Egunean, zozketa egingo da. Irabazle suertatzen direnek ATARIA digitaleko 6 hilabeteko harpidetza eta Mahalako saskia eskuratuko dute.

ATARIA-k herritar guztiak animatzen ditu, bakarka, binaka edo taldeka, proposaturiko jolasean parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!