Altuna III.ak puntuak pilatzen jarraitzen du

Ataria 2021eko otsailaren 9a

Mariezkurrena II.arekin batera bosgarren garaipena lortu du, 22-21 irabaziz Peña II-Albisu bikoaren aurka.

Jokin Altunak eta bere bikote Mariezkurrena II.ak partidak irabazten jarraitzen dute Binakako Pilota Txapelketan, oraingo honetan Jon Ander Peña eta Albisuren aurka tanto bakar bategatik izan arren. Hori horrela, bosgarren puntua lortu dute dagoeneko, eta sailkapenean bigarren postuan doaz, lehenengoekin berdinduta. Jon Ander Peñak eta Albisuk beste behin erakutsi dute kontuan hartzeko bikotea dela, eta hiru punturekin geratzen dira oraingoz, sailkapenean laugarren izanik. Peñak partidaren bukaeran azaldu zuenez, “ez da partida gogorra izan, partida txarra izan da nire ustez, baina bukaeraraino borrokatzen jakin dugu. Azken txaparengatik oso triste, baina tanteoa nahiko ona da eta horrekin geratu beharko dugu”.

Iñaki Artola oraindik ez da bueltatu lesiotik, eta datorren asteburu ere ez du jokatuko. Bere ordez Bengoetxea VI.a ari da jokatzen eta Arangurenekin batera lehen garaipena lortu dute, hain justu, Erik Jaka eta Martijaren aurka. Aurreko partidan bezala, 21-22 bukatu zen norgehiagoka hau ere. Orain sailkapenean bi bikoteak daude puntu bakarrarekin, baina Jaka eta Martija geratu dira azken postuan, tanto kopuruengatik.

Promozio mailakoari dagokionez, Iker Elizegik lehen garaipena eskuratu du. Oraingo honetan Arteaga II.aren ordez Bakaikoa izan du aurrelari, eta 22-20 irabazi diote Egiguren V-Ruiz bikoteari. Lehen puntu hori lortu arren, azken postuan jarraitzen dute Arteaga II-Elizegik.

Datorren asteburua

Zazpigarren jardunaldia izango da jokoan asteburu honetan. Larunbat arratsaldean, Iruñeko Labrit pilotalekuan Jaka-Martika eta Peña II-Albisu izango dira aurrez aurre. Jaialdi berean, promozio mailan, Arteaga II-Elizegi eta Salaberria-O. Etxebarria ariko dira elkarren aurka. Astelehen gauean, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, jokatuko du Altuna III-Mariezkurrena II bikoteak eta aurrean izango dituzte Bengoetxea VI.a eta Aranguren. Jardunaldi horrekin ligaxkaren lehen itzuliari amaiera emango zaio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!