Otsailaren 13ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute pentsiodunek

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 9a, 15:00

Tolosan 12:00etan aterako da manifestazioa, Plaza Zaharretik abiatuta. Bertan "pentsio publiko duinak eta bidezkoak" bermatzeko eskaera egingo dute, beste behin.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak deituta, manifestazioak egingo dira otsailaren 13an. Tolosan 12:00etan aterako da manifestazioa Plaza Zaharretik, eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere izango dira mobilizazioak. Eskualdeko pentsiodunen mugimenduak eman du horren berri Tolosan, gaur eguerdian Zerkausian egin duten prentsaurrekoan.

Mobilizazio horietan euren aldarrikapenak Toledoko Itunean jasotzea eskatuko dute, besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta jasangarritasun faktorea ezabatzea. Izan ere, salatu dute Toledoko Itunak pentsiodunen aldarrikapen nagusiak "baztertu" egin dituela eta Kongresuaren bozketaren ostean, "murrizketak ekarri zituzten 2011 eta 2013ko erreformek indarrean" jarraitzen dutela.

Esan dute orain arte egindako erreformak "ideia neoliberalean" oinarritu direla, pentsiodunek pentsio "oso altuak" dituztela eta denbora "gehiegi" bizi direla. Hori horrela, Espainiako Gobernuari eta Kongresuari, zein EAEko eta Nafarroako Gobernuei eskatu die, haien aldarrikapenak bermatuak izan daitezen beharrezkoa dena egin dezatela.

Besteak beste, honako aldarrikapenak egin dituzte: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsioen errebalorizazio automatikoa legez bermatzea, jasangarritasun faktorea eta 40 urteko kotizazioarekin erreturo aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea, genero arrakalarekin amaitzea, pentsio plan eta funtsen zerga desgrabazioak ezabatzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 eurotan ezartzea".

Azkenik, eskualdeko pentsiodunen mugimenduak dei egin die herritarrei otsailaren 13ko mobilizazioetan parte hartzeko, eta bide batez, azken hiru urtetan egiten ari diren mobilizazioei jarraipena emateko, eta "pentsio publiko, duin, bidezko eta nahikoen aldeko konpromisoa berritzeko".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!