Tolosaldeko gazteak zientziara eta teknologiara gerturatzea, erronka nagusietako bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 5a, 19:59

Eskualdeko DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek parte hartu dute STEAM gaiekiko pertzepzioari buruzko galdetegian. Neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela erakusten du ikerketak.

Tolosaldeko gazteen STEAM-ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) diagnosia eta haren emaitzei aurre egiteko Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek. Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Iker Urruzola Aizpurua, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakaria, Joseba Amondarain Senperena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendaria, Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Unitateko zuzendaria, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyar STEAM hezkuntzako zuzendaria, eta Iñaki Pakea Arsuaga, Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratuko zuzendaria.

Gaur aurkeztu den STEAM arloko gaien eta lanbideen inguruko galdetegiari DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek erantzun diote. Parte-hartzaileen % 48,6 neskak izan dira, % 47,9 mutilak eta % 3,5 ez-bitarrak. Honako ikastetxe hauetatik jaso dira erantzunak: Anoetako Herri Ikastola, Aralar Institutua, Herrikide Ikastetxea, Laskorain Ikastola, Orixe Institutua, Uzturpe Ikastola eta Zubimusu Ikastola.

Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko izan dezaketen asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jardueraren inguruan ere galdetu zaie. Aitziber Lasa Iglesiasek, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradunak, aurkeztu ditu galdetegiaren emaitzen ondorio nagusiak:

  • Genero-estereotipo tradizionalek gazteek gaiekiko duten interesean eragina dutela esan daiteke. Oro har, neskek interes handiagoa erakusten dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago. Nesken intereseko gai ugari horietan, toki txikia hartzen dute zientziak eta teknologiak; mutilen interesetan, ordea, handia.
  • Genero-estereotipoek indarra dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Neskek osasun-zientziekin eta irakaskuntzarekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat; eta mutilek, berriz, teknologiari lotutako gaiak.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da oro har. Neskek biologian (7,331 ) eta kimikan (6,16) dute interesik handiena; mutilek, aldiz, teknologian (6,70) eta informatikan (6,64).
  • STEM profesionalak pertsona langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta sortzaileak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira. Lanpostu horietan lan egitea ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zailarekin lotu ohi dute gazte askok, eta, ondorioz, bestelako ikasketak hautatzeko aukerak handitu egiten dira.
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila desberdina hautematen dute: mutilen % 45ek, nesken % 25ek eta ez-bitarren % 20k ikusten dute euren burua sektore horretan lanean.
  • STEM profesionalen bizimoduari buruz oso ikuspuntu desberdina dute neskek eta mutilek, eta mutilak dira STEM profesionalen bizimodua hobetoen baloratu dutenak (6,97) eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko interes handiena azaldu dutenak (% 50,7, neskek halako bi).
  • Orokorrean, zientzian eta teknologian jarduten duten emakume eta gizonen arteko lan-baldintzak desberdinak direla uste dute gazteek, baina eskualde mailako ikuspuntua baikorragoa da eta ez dituzte desberdintasunak hainbeste nabarmentzen.
  • Gazteen erdiek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituzten hainbat gazte, neskak zein mutilak.

Oro har, diagnosiaren emaitzek erakusten dute Tolosaldea eskualdeko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela ere bai. Galdetegiaren emaitzak Tolosaldeko STEAM diagnosia ikus-entzunezkoan laburbildu dira. Bai txostena, bai bideoa, ikusgai daude www.tolosaldeagaratzen.eus webgunean.

Bizilabe Tolosaldea

Eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta, aldi berean, eskualdeko lan-jarduera gazteenei hobeto ezagutarazteko asmoz jaio da Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen eta Elhuyarren eskutik. Zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu Bizilabek gazteentzat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako ekimena da hau. Euskadin zientzia- eta teknologia-ikasketak hautatzeko gazteen joera baxua da. Ez, ordea, alor horietako profesionalen beharra. Egungo egoerak agerian utzi du lehenago ere premiazkoa zen gauza bat, zientzia eta teknologiaren aldeko apustua egiteko beharra. Honen guztiaren aurrean, gazteen zientzia eta teknologiarekiko bokazioak indartzeko asmoz lagundu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Elhuyarren eta Tolosaldea Garatzenen proiektua.

Ildo beretik, Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakariak, azaldu du eskualdeko beharrak Euskadikoekin lerrokatuta daudela eta, beraz, garrantzitsua dela zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzerako estrategiak zehazteko orduan nondik abiatzen garen jakitea. Gisa honetako mundu mailako ikerketek erakutsi dute ezen, zientzia eta teknologiaren inguruan gazteek interesa eta jarrera positiboa duten arren, gutxiengo batek baino ez duela hautatzen halako graduak ikastea. Estatu mailako unibertsitate-ikasleen % 54,3 emakumezkoa den arren, ingeniaritzako eta arkitekturako karreretan % 26,4ra jaisten da kopuru hori. Izan ere, oso gaztetatik hasten da interes falta sumatzen nesken artean.

Garazi Andonegi Beristainek, Elhuyarreko Zientzia unitateko zuzendariak, bestalde, azaldu du Bizilabe 2017tik martxan dagoen ekimena dela. Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da, eta, Tolosaldean ez ezik, Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debebarreneko herrietan du eskaintza.

Eskualdean proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan ireki dira Bizilabe zentroak; Tolosan eta Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri dituen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak (ostegunetan), eta, Villabonako kasuan, Gaztelekuan egingo dira (astearteetan). Bietan eskaintza bera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!