‘Berrekin Tolosaldea’ autonomo eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko egitasmoa jarriko dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 5a, 11:57

COVID-19aren pandemiak kaltetutako autonomo eta ETEei laguntzeko helburuz, eskualdeko enpresa sarearen diagonosia egingo du Tolosaldea Garatzenek, garatu beharreko helburuak identifikatzen laguntzeko eta diru-laguntzei buruzko orientazioa emateko.

Programaren lehen urratsa eskualdeko enpresen etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua bultzatzea izango da, hortik abiatuta enpresen beharrak identifikatzeko. Horrela, osasun krisiak enpresa-sarean nola eragin duen aztertuko da negozioz negozio. Tolosaldea Garatzeneko Enpresa, Turismo eta Ekintzailetza Sailetako teknikariek bisitak egingo dituzte interesa agertzen duten enpresetara, eta banakako elkarrizketak egingo dituzte, bakoitzaren egoera gertutik ezagutu ahal izateko.

Elkarrizketen helburua enpresen egoeraren inguruko diagnosia egitea izango da. Funtsezkoak diren jarduerak identifikatu eta epe laburreko erronkei buruzko hausnarketa egingo da.

Azterketa eta ondorengo hausnarketa partekatua amaituta, epe luzeko posizionamendua finkatzeko hausnarketa sustatuko da, eta horretarako, epe motzera jarri beharreko helburu eta horiek lortzeko ekintzak zehazten lagunduko da.

Lan-plan hori ezartzeko eskura dituzten diru-laguntza eta programen inguruko informazioa eta orientazioa emango da, azkenik. Modu horretara, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako finantziazio iturriak eta formazio aukerak identifikatzen lagunduko dute Tolosaldea Garatzeneko teknikariek.

Banakako bisita eta aholkularitza

Tolosaldea Garatzeneko teknikariek datozen asteotan abiatuko dute banakako bisita eta elkarrizketa erronda, enpresaz enpresa. Bisita jasotzeko interesa izanez gero, tolosaldea.eus-en jarri den formularioan datuak utzi beharko dira, eta teknikariak jarriko dira harremanetan. Bestelako zalantzetarako, tolosaldea@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 654 501 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!