Txotxxx oihukatu, eta lagun kuadrillak mahaitik altxa eta kupelen artean sartzeak du xarma sagardotegian. Askorentzat urteroko bazkariak eta afariak dira, lagun artean, familian, lankideekin edota ikasle garaiko kideekin. Aurten ezingo da horrelakorik errepikatu, momentuz behintzat. Lau lagun baino ez mahai bakoitzean, bakoitza bere mahaian. Txotxerako aukerarik ez. Sagardoa mahaian. Botilan edo pitxarrean.
Hori bai, menuak ez du hutsik egingo. Bakailaorik eta txuletarik ez da faltako. Baina kezka eta ezinegona da nagusi sagardogileen artean. Ateak irekitzeak eta nola irekitzeak ere sortzen die ezinegona.
Ofizialki gaur da sagardotegien irekiera, baina hori ere sagardotegi bakoitzaren araberakoa izaten da. Baina semaforoaren koloreei begira egon beharrak, eta herrien mugak erabat baldintzatzen du sagardotegien jarduna.
Aurkeztu zuten gaurkoa izango zela irekiera ofiziala, eta baita nola lan egingo zuten eta bezeroek zein eskaintza izango zuten sagardotegietan, baina egun gutxirako balio izan zien egindako lanak. Muga eta kopuru berriek, ordea, zalantzan jarri dituzte sagardoaren txispa eta parrilako sugarrak.
Tolosaldeko Ataria-k Juan Karmelo Goikoetxea, Lizartzako Goikoetxea sagardotegikoarekin eta Luis Zabala, Adunako Zabala sagardotegikoarekin hitz egin du.
Adunan urtarrilean ireki zuten sagardotegia, baina ixtekotan dira berriz. Aldiz, Lizartzan bihar zabalduko dituzte ateak.
«Froga egiteko ireki genuen urtarrilaren erdian, baina araudi berria sartu zen, eta murrizketa berriekin lana egitea ere ez da erraza», argitzen du Zabalak, eta gaineratzen du: «Gure herria oso txikia da, eta nahiz eta bertakoak sagardozaleak izan eta horretan suertea izan, bezero kopurua dena da». Pasa den asteburuan erreserba batzuk tarteko lan egitekoak ziren, baina «ixtera behartuta gaude; ez legez, baina bai beharrez». Bestela ere, inguruko herriak gorri kolorean egoteak bezero aldetik mugatuta zeudela ekarri du gogora, baina herrira bakarrik mugatzearekin «beste ostiko bat» izan da Zabalarentzat: «Ez da errentagarria irekita mantentzea».
Lanerako gogoa eta ilusioa
«Izugarrizko ilusioarekin geunden sagardo berria jendeak probatzeko. Guri izugarrizko ilusioa ematen digu upategira etorri eta uzta berria probatzeak, baina beste era batera beharko du», esan du Zabalak.
Pitxarretan eta txiritik betetako botiletan sagardoa mahaira eramateko asmoa dute sagardogileek, «sagardo berria botilaratua ere badugu, komertzializatzeko prest eta hura ere jendeari probatzeko eskaintzeko asmoa dugu, eta horrela hasi gara pixka bat lanean, eta pitxarrekin hasteko asmoa beste upel batzuk probatzeko», baina egoera zailaren aurrean, «astetik astera legeak aldatzen dira, eta ezin da luzera begira lanik egin, eta egoera bakoitzera egokitu beharra daukagu», dio adunarrak.
Aurten ekoizpena ere mugatu egin du Zabalak, uztak horretara eramanda hein batean: «Bertako sagarraren uzta oso kaxkarra izan da orokorrean; Gipuzkoa osoan kantitate aldetik gutxi izan da. Tristea da esatea horretan lanean arituta, eta tripako mina ematen du, baina ia ondo eta dena etorri da». Iaz, aldiz, uzta historikoa izan zutela gehitu du: «Guk sekula egin dugun sagardo kopururik handiena egin genuen, eta aurten aspaldiko urteetako txikiena».
Merkatua ere horrela dagoela esan du: «Elkarteak itxita, tabernak erdipurdi eta sagardoaren kontsumoa... bada eskerrak etxeetan betiko bezeroek edaten jarraitzen duten, eta bi edo hiru kaxaren bila etortzen diren». «Hauspo pixka bat ematen digu horrek eta eskerrak. Jendea gurekin gogoratu zen», gaineratzen du.
Iazkoari begiratuta, Errege egunaren bueltan ireki ohi dute Adunan sagardotegia, eta behintzat, hilabete pare batean lana egin zuten: «Justu denboraldia fuerteen astera zihoanean itxi behar izan genuen sagardotegi guztiok, baina zerbait lan egin genuen lehengo urtean». Eta «martxa honetan ziurrenik aurten egingo ez duguna. Iaz kexa ginen, baina zerbait lan egin genuen, eta aurtengoak ez dauka itxura hobea».
Adunarraren kasuan, udan berriz ere irekitzea erabaki zuten iaz, baina lan egiteko era ezberdina dela eta, horretara ere egokitu behar izan zuten.
«Denboraldi txar bat edo kaxkarragoa uste dut guztiok ere eusteko moduan gaudela, baina jada bigarrengoa horrela joaten baldin bada, ez dakit zein bukaera izango dugun», aitortzen du kezkatuta.
Gauez ireki ezinak buruhausteak baditu sagardogileentzat. «Astean zehar eguerdian ez dago ia ohiturarik sagardotegira joateko, gauez joaten da jendea. Ez dakigu guk nola arrankatu, eta horregatik hasi ginen ostiral, larunbat eta igande eguerdian irekitzen», azaltzen du Zabalak.
Orain artean erabili duten eskemak ez duela balio dio, eta anaiarekin langileekin zer egin hitz egin duela aitortu du, baina galdera asko ditu: «Ireki, irekiko dugu, baina nola? Zein talde? Langileei zer esan behar diegu, bi edo hiru eguerditan lan egiteko? Horrekin ez dago bizimodua ateratzerik. Etxekoekin bakarrik egin?». Baina argi du, bezeroak etortzen badira zerbitzu on bat eskaini beharra dutela, eta horretarako jendea behar dela: «Ez du balio bi lagun bakarrik gaude lanean esateak. Ez da erraza, eta nola egin ez dakigula gaude».
Kezka «asko» eta esperantza «gutxi»
«Orain irekiko dut, baina geroagorako esperantzarekin irekitzen dut», aitortzen du Goikoetxeak. «Iaz ere maiatzaren azkenean ireki nuen berriz Santioak arte, eta ekaina nahiko polita izan zen». Aurten ere asmo bertsuekin da: «Egoera hasi bezala joaten bada, ba aurten ere ekainean ireki egin beharko dut. Uztaila agian ez».
Berez, maiatzaren 20aren bueltan denboraldia bukatutzat eman, eta sagardotegiko ateak itxi egiten dituzte Lizartzan. Iaz, ia ekainera bitarte itxita eduki beharrak, moldaketak egin beharra ekarri zien, eta aurtengorako ere egoerara moldatu beharko direlakoan dira.
Hala ere, jendea gutxiago animatu zela dio: «Ez zen izan martxoan edo apirilean izaten den bezala». Hala ere, gogoan du sagardotegira udan joandako jendeak sagardoa botilatik gustura edan zuela.
Sagardogile txikia dela azpimarratu du lizartzarrak, baina botilen salmentan jaitsiera nabaritu du: «Elkarteak erabat itxita egoteak, eta tabernak erdipurdi, asko antzeman da. Aldiz, etxera bertara jende mordoxka etorri zitzaidan botilak erostera», azaltzen du.
Nola edo ahala aurrera egin badu ere, urte txarra izan zen 2020a Goikoetxearentzat: «Bai sagardotegian, eta baita botilen salmentan ere galerak izan ditut». Lan gutxiago egin du, hori bai, aitortu du janariarekin galerarik behintzat ez duela izan.
Aurtengoari begiratuta, ordea, kezka asko eta esperantzarako tarte gutxi ikusi du sagardogileak: «Oraingo egoera ikusita, ez dakit, iazkoaren adina egiten badugu agian kontentu ez ote dugun izan behar». «Etorri nahi duenak deitzea komeni da aldez aurretik, gauden egoeran oraindik eta motibo gehiagorekin», dio lizartzarrak.
Harrokeriarik gabe, baina tripako minarekin kontatzen du: «Martxoaren 14an itxi behar izan genuenean, guztia hartuta neukan bazkaritarako eta afaritarako, eta baita hurrengo egunetarako ere. San Jose eguna eta... erreserba asko nituen eginda».
Era berean «eskertuta» agertu da Goikoetxea: «Jendeak beldurra ere izaten du, baina udan ireki nuenean jendeak erantzun zuen».
Aurrera begiratu eta ahalik eta ondoen lan egiten saiatuko dela esan du; hori bai, «ahal duguna egin beharko dugu. Hala ere, lanerako jende gutxiago kontratatuko dut, ezin ditugu eskuak bertan harrapatu».
Hilabete batean edo bi hilabeteren bueltan egoerak hobera egingo duen esperantzari eutsi, eta biak ala biak jendea sagardotegira joatera animatzea nahi dute. Sagardoa izango dela guztientzat, eta pazientzia hartuta dastatzeko aukera izango dela sagardotegietan.