Urtebete pasa da COVID-19a Txinatik mundu osora zabaldu zenetik. Txinako berriak mundu osora zabaltzen ari zirela, eskualdean, inauteriak ospatzen ari ziren herritarrak, neguko jai berezienetan murgildu eta munduko beste aldetik iritsitako harrabotsari iskin egitea lortuz. Aurten, ordea, ez da posible izan. Tolosako inauteriak bertan behera geratu dira, eta baita lehenago ospatu ohi diren Lizartza eta Berastegikoak ere. Era berean, Abaltzisketan eta Amezketan ere, ez da talai dantzaririk ezta txantxorik ere ikusiko.
Ostegun Gizenarekin, Tolosan ez ezik, Tolosaldeko eskualde osora ere zabaltzen da jai giroa. Aurtengoek ez dute ohiko irudirik utziko, baina ATARIA-k egunero aurreko urteetakoek utzitako irudi eta pasarteak bilduko ditu webgunean larunbatetik hasita, larunbata kaldereroen eguna izango baita.
Ostegun Gizenetik aurrera aurreko urteetako bideo eta argazkiak ikusi ahal izango dira ataria.eus webgunean, eta baita azken urteetako Inauterizale Kuttunen errepasoa, mozorro original eta ikusgarrienen bildumak eta bestelako albiste eta erreportajeak ere.
Egiten duzuna gara dio ATARIA-ren leloak eta horri jarraiki zuen argazki, bideo, pasarte edo iritziak bildu nahi ditu. Animatzen direnek ataria@ataria.eus helbidera idatzi dezakete. Inauteri festarik egongo ez bada ere, gora inauteriak!