ERREPORTAJEA

Emakumeek emakumeez idatz dezaten

Irati Saizar Artola 2021ko ots. 6a, 07:58
Asteazken arratsaldean izan zuten lantegiko saioetako bat, Tolosako kultur etxean. ATARIA

Wikipediako genero arrakala gainditzeko lantegi bat eskaintzen ari da Aiora Mujika, Tolosako kultur etxean. Edonork idatzi dezake entziklopedia horretan, eta nola idatzi eta editatu irakasten ari da; asmoa, eskualdeko emakumeen inguruko informazioa txertatzea da.

Wikipedia entziklopedia askean nola idazten eta nola editatzen den ikasten ari dira Tolosako Jabetze Eskolako lantegi batean. Zehazki, Wikipedian dagoen genero arrakala gainditzeko helburuarekin ari dira lantegia aurrera eramaten. Batetik, artikuluak idazten dituztenak emakumeak izatea nahi dute, eta bestetik, emakumeen inguruko edukiak sortzea. Aiora Mujika anoetarra ari da prestatzaile lanetan eta hilabetean behin egin ohi dute saioa. Azaroan ekin zioten lantegiari eta asteazken honetan izan dute hilabete honi zegokion saioa. Azken eguna martxoaren 3an izango dute.

Bi orduko saioak egiten dituzte, izena emana duten hiru emakumeko taldean. «Momentuz ikasten ari gara nola editatzen den, eta behin hori jakinda, helburua Wikipedian emakumeei presentzia gehiago ematea da», zehaztu du Mujikak. Emakumeen presentzian «hutsune asko» nabari ditu, eta horri buelta ematen saiatuko dira, eremutzat bereziki Tolosaldea hartuta: «Edukia Tolosaldeko emakumeetan enfokatzea nahiko genuke; biografiak idatz ditzakegu, baina esaterako mugimendu feministaren historiak gurean izan duen eraginaz ere idatzi genezake; gauza mordo batez idatz daiteke».

Datuei begiratuta, Wikipediako editoreen %10a baino ez da emakumea eta biografien %18a baino ez dira emakumeei buruzkoak. «Biografiak begiratzen hasten bagara, gehienak gizonezkoenak dira. Azken batean, historia ere horrela izan delako, akademia munduan gizonezkoen presentzia zabalagoa izan da». Emakume izenak agertzen joatea nahiko luke Mujikak, «eta horrez gain, emakumeak ere izan gaitezela editatzen dugunak».

300 hizkuntza, 300 entziklopedia

Wikipediaz hitz egiten denean, 300 hizkuntza desberdinetan dauden 300 entziklopediei buruz hitz egiten dela azaldu du Mujikak. «Ez dago Wikipedia bat eta bakarra». Lantegiaren kasuan, euskarazko Wikipedian aritzen dira lanean.

Entziklopedia askea da, beraz, edonork idatz dezake: «Ordenagailu bat eta interneterako konexioa duen edonork du aukera bertan informazioa idatzi eta editatzeko, ez dauka beste inork oniritzia eman beharrik». Hala ere, Mujikak kontatu du euskarazko Wikipediaren kasuan, wikilarien komunitate bat dagoela, zer publikatzen den eta zer ez begiratzen duena, batez ere laguntzeko asmoz.

Mujikak dio Wikipedian irakur ditzakegun artikuluak normalean ez direla pertsona bakar batek idatzitakoak izaten: «Elkarlanean idatzi ohi dira, auzolanean osatutako entziklopedia bat da». Izan ere, eduki bat sortu dezakezu gaur, baina, bihar edo hemendik bi urtetara beste edonork aldatu, zuzendu edo osatu dezake. Hortaz, ez dute sinadurarik eramaten artikulu horiek, «kolektibo osoarenak direlako».

Denon artean osatutako informazioa izatea, pertsonalki ariketa interesgarria dela uste du Mujikak: «Batzuetan mesfidatiak gara egiten dugunarekin. Zerbait idazten dugunean norbait etortzen bada, eta zerbait aldatzeko eskatzen badigu, eraso moduan hartzen dugu, eta nik uste Wikipedian editatzeak perspektiba hori aldatzeko aukera ematen digula». Izan ere, nabarmendu du norbaitek zerbait aldatzen duenean, «asmo onez» izaten dela.

Bestalde, beldurra galtzeko aukera ere ematen duela aipatu du: «Entziklopedia batean idatzi behar izaten da, eta barrera moduko batzuk pasa behar izaten ditugu: Zein naiz ni hemen idazteko? Onartuko al dute nik idazten dudana?». Konfiantza hartzen ahalegintzen ari dira lantegi horietan; lehenengo ikasten, eta hortik aurrera gogoaren eta aukeren arabera ekarpenak egiteko moduan izango direla dio anoetarrak.

Wikipedia fidagarria da?

Topiko bat da Wikipedian edonork idatz dezakeenez, ez ote den fidatzekoa esatea. Mujikak dio gauzak zalantzan jartzea beti dela ona. «Ariketa osasuntsua da irakurtzen duzun hori zalantzan jartzea, baina aspektu guztietan egin beharko genuke, bai Wikipediarekin, baita prentsarekin ere, telebistarekin edota lagun batek kontatutako txutxu-mutxuarekin». Horregatik da garrantzitsua Wikipedian idazten eta editatzen jakitea, jartzen den informazio orori erreferentziak eta bibliografiak erantsi behar baitzaizkio. «Gauzak beti kontrastatu behar dira».

Erlazionatuak

Emakumeak erakusleihora

Jon Miranda Labaien 2021 ots 06 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!