Pezetak biltzen jarraituko dute

Ataria 2021ko ots. 3a, 07:57

Ibarrako To Pa Ty dendan utzi daitezke pezetak

'Dementzia Bizitzen' proiektua martxan jarri ahal izateko, diru bilketarekin jarraituko du Buru Bihotzez elkarteak.

Buru Bihotzez elkarteak dementzia duten pertsonen autonomia eta integrazioa garatzen laguntzeko eta zaintzaile diren senitartekoak babesteko helburuarekin Dementzia Bizitzen proiektua diseinatu du, eta hori garatu ahal izateko, pezetak biltzeko kanpaina jarri zuen martxan pasa den urtean. Bada, Espainiako Bankuak pezetak aldatzeko epea ekainera arte luzatzea erabaki du, eta ondorioz elkarteak bilketa kanpaina mantentzea erabaki du.

Buru Bihotzez elkartetik jakinarazi dutenez, pezeta zaharrak biltzeko kanpainak harrera ona izan du, abendura bitarte 150.000 pezeta jaso dituztelarik. «Tolosaldeko herritar askok parte hartu dute, beren dohaintzak emanez establezimendu solidarioetan, beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei laguntzeagatik».

Kanpaina luzatzea erabaki dutenez, herritarrei parte hartzeko deia egin diete beste behin. «Ahalik eta pezeta gehien bildu aukera gehiago izango dugu Dementzia Bizitzen programa abian jartzeko, eta modu horretan, bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten ekimenak bultzatu ahalko ditugu», esan dute elkartetik. «Egin dezagun posible, galdutako eta inolako baliorik gabeko pezeta batzuk itxaropen solidario eta konprometitu bihurtzea Alzheimerra eta beste dementzia batzuk pairatzen dituztenekin». Buru Bihotz elkarteak gogoratu du Tolosaldean 650 bat familiak egiten dituztela zaintzaile lanak eta laguntza behar dutela.

Pezeta zaharrak Tolosako Kopybat, Shuyana, Soronea eta Berezi dendetan, La Huerta eta Eko Tolosa fruta dendetan, Goikoetxea estankoan; Alegiako Maritxu janari dendan; Ibarrako Coviran eta To pa Ty dendetan; eta Villabonako Musturinea harategian utzi ahalko dira, bertan jarritako itsulapikoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!