Zazpigarren ilara

'Dantza'-z tertulia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko ots. 7a, 07:59

'Dantza' pelikularen fotograma bat.

Euskal dantza tradizionalei buruz badakite zerbait Imanol G. Gurrutxagak eta Garazi Belokik, eta horregatik bereziki aproposak dira gaurko tertuliarako, Dantza filmaz solasean aritzeko.

Entzun dudanez, ezpata dantzaren atzean badago zomorroen izurritea ordezkatzen duen sinbologia bat. 'Dantza' filmari eta inauteriei erreferentzia egitearren, 'mozorro' eta 'zomorro' hitzak hain antzekoak izatea kasualitatea al da?

G.B. Sekula ez nuen horretan pentsatu. Badu bere logika puntua. Azken finean, inauteriak festa bat dira eta umeren bati «Ze xomorro!» esan diezaiokezu, bihurria dela adierazteko. Noski, inauterietan bihurrikeria horiek nabarmenak dira. Bi hitz horien arteko erlazioa zalantzan jar dezakegu, baina filmean argi geratzen dena zera da, euskal dantzek naturarekiko duten erlazio zuzena. Sagar dantza, esaterako. Naturari lotutako gizartea garela esango nuke. Mitologiari dagokionez ere, natura da gure zentro-gunea. Filmean hori argi eta garbi geratzen da eta oso ederra da nola erakusten den erlazio estu hori. Paisaia oso desberdinak ikusten dira: desertua, mendia, elurra, euria… eta denak Euskal Herrian ditugu. Gainera, dantza bakoitza horiekin lotuta dago.

I.G. Nire ustez mitologiaren erabilera oso zuzena dauka. Ez da zientzia fikziozko mundu bat sortzen, nahiz eta badituen magia eta FX efektuak agertzen diren une soilak. Mitologia organiko bat ikusten da euskal kulturaren erretratu zabal batekin nahastua.

Zuzendaria dantzaria ere izateak eraginik badu?

I.G. Gertuko gauzak azaldu ohi ditugu zuzendariok eta argi erakusten da Telmo Esnalek dien maitasuna gure dantzei. Euskal dantzak edertzen ditu. Euskal dantzei idatzitako maitasun gutun bat da Dantza. Gainera, filmean bertan ere ageri da dantzatzen, plazan festa ageri den eszenan.

G.B. Tarantinok ere halakoak egiten ditu. [Barreak].

Pasarterik aipatuko zenukete bereziki?

I.G. Nik askotan egin dut ezpata dantza eta filmean modu horretan azaltzea ikusgarria iruditzen zait.

G.B. Lurretik jaiotzen den zuhaitz-landare hori datorkit burura, gero zinta dantza bilakatzen dena. Ez nuen espero eta harrigarria iruditu zitzaidan. Gainera, loratu egiten da eta sagar dantzak ematen dio jarraipena. Enborrak jasotako labankadak ustekabean harrapatu ninduen, baina interesgarria da une horretan sortzen den koloreen desberdintasuna, negua datorrenaren seinalea dirudi.

Imanol G. Gurrutxaga: «Euskal dantzei idatzitako maitasun gutun bat da 'Dantza'» 

Urtaroen presentzia nabarmena da filmean zehar.

G.B. Pelikularen hasiera oso ona da. Musikarik ez dago, baina bai lurra lantzean sortzen den erritmo konstante bat. Txundituta gelditu nintzen.

I.G. Hori da, lehenengo hamabost minutuetan ez dago musikarik. Horrek ere organikotasunera gerturatzen du ikuslea, arima horretara erakartzen du.

G.B. Uraren soinuarekin ere jolasten da.

I.G. Eta txintxarriekin ere bai.

Baita lehen aipatutako zomorro horien burrunbarekin ere. Amaitzeko, Imanol, lehen euskara batua eta euskalkiak alderatzen aritu zara. Terminologia hori nola eramaten da mugimendura?

I.G. Dantza filmaren kasuan ere hala gertatzen da, nahiz eta dialogorik ez izan badu nortasun oso konkretu bat. Koreografia tradizionalak izan arren, jantziak eta musika ezberdinak dira. Euskaltasun propio bat du. Euskara batua dantza tradizionala balitz, filmean ageri den euskalkia dantzakia dela esango nuke. Tio Teronen semeak dantza taldeak ere halako zerbait egiten du: euskalduna dena eraldatu.

 

DANTZA (2018)

 

Zuzendaria.

Telmo Esnal.

Aktoreak. 

Gari Otamendi

Ainara Ranera

Joseba Astarbe

Josu Garate

Amaia Irigoyen.

Ikusgai.

Filmin platforman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!