Zazpigarren ilara

«Ezin da ahaztu kultura lehen mailako beharra dela»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko ots. 7a, 08:00

Gaur Zazpigarren ilaran aktore eta zuzendari bana ditugu, biak ala biak euskal dantzen munduan ibilitakoak: Imanol G. Gurrutxaga eta Garazi Beloki.

IMANOL G. GURRUTXAGA

Orain arte Zazpigarren ilaran izandako lehenengo zuzendaria da Gurrutxaga. Iker Laurobaren azken bideoklipak berak zuzenduak dira eta, besteak beste, berak idatzitako bi film labur ere egin ditu: Ezusteko talka eta Nigandik, biak Aitziber Garmendia eta Jose Ramon Soroiz aktoreekin. Hala ere, badaki agertokia zapaltzea zer den, Hika Teatroak zuzendutako Itsasoaren emazteak emanaldian Oinkari dantza taldearekin batera parte hartu baitzuen.

 

GARAZI BELOKI

Diziplina artistiko ezberdin asko ukitu dituen aktorea da Beloki. Txikitatik Ereintza dantza taldean ibili zen eta gerora Aukeran eta Kukai dantza konpainiekin ere egin ditu lan puntualak. Publizitatetik hasi eta animaziora, tartean hainbat film labur eta mikroteatro egin ditu. Esne Beltzaren Ez da ezetz bideoklipeko protagonista ere bada, eta pantaila handian Quim Gutierrezekin batera Te quiero, imbécil filmean egiten du agerraldia.

 

Non egin dituzue ikasketak?

Garazi Beloki. Txikitatik Oreretako kontserbatorioan aritu nintzen euskal dantzak eta dantza klasikoa egiten. Helduago nintzela, Bartzelonako Coco Comin eskolan kantua, antzerkia eta estilo guztietako dantzak ikasi nituen. Beranduago bi urte eta erdiz Meisner interpretazio programa egin nuen EABtako irakasle batekin.

Imanol G. Gurrutxaga. Nik Kataluniako ESCAC zinema eskolan ikasi dut, oraindik praktikak amaitzeko dauzkat COVID-19a dela eta.

Zein izan zen zuen lehenengo lana?

G.B. Lehenengoa Euskal Herrian egindako publizitate lan bat izan zen. Bartzelonan egonda, lehenengo soldata animazioari esker lortu nuen, urtebetetze festetara joaten nintzen Disneyko pertsonaia ezberdinak, piratak… interpretatzera. Asko ikasi nuen, oso lan gogorra baita, batez ere ahotsarentzako.

I.G. Karreraren ondoren egindako lehen lana Maider Oleagaren film labur batean script gisa aritzea izan da.

Laneko anekdotarik izango duzue.

G.B. Qatarrera umeentzako animazio bat egitera joan nintzen behin eta hasieran hango kultura oso arrotza egin zitzaigun emakumeak gizartean zuen rolagatik. Noski, nire aurpegia eta ilea oso exotikoak egiten zitzaizkien eta horregatik selfieak egunerokotasunaren parte bilakatu ziren. Animazioan protagonista nintzen eta umeengana asko gerturatzen nintzen, eta halako batean mutiko batek kolpe bat jo zidan nirekin haserretu zelako. Asko beldurtu nintzen, jarraian laban motz bat atera baitzuen poltsikotik. Handik aurrera, neskatoengana gerturatzea ausartu nintzen soilik. Okerrena gurasoek ez ziotela ezer esan izan zen.

I.G. Niri halakorik ez zait gertatu eta memoria kaxkarra dudanez, anekdota teknikoak datozkit burura. Adibidez, nire film labur bat grabatzen nenbilela planoaren alde batean «aire» asko zegoela esan ordez, «haize» asko zegoela esan nuen. Grabaketak iraun zuen bitartean lankideek barre egiten zidaten.

Imanol G. Gurrutxaga: «Zinemagintza beti dago krisian, baina optimista naiz» 

Nola ikusten duzue euskal fikzioa?

I.G. Handiak izandako oihartzunaren ondoren argi geratu da euskara ez dela oztopo bat zinema egiteko, eta horren eragina nabarmena izan da pantaila txikian ere. Telebista kate bakoitza bere katalogo propioa izatera behartuta sentitu da; ETBren kasuan Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu izan ditugu oso jarraian, guztiak audientzia maila oso altuak izan dituztenak. Hori eskaini baino lehenago Moriarti eta Txintxua ziren fikzioa eskaintzen zuten produktore nagusiak, eta oraindik hala dira, baina atera dira bestelako produkzio batzuk ere, diru gutxirekin film handiak egin dituztenak, esaterako, El hoyo eta Errementari. Jende gehiago ari da sortzen eta oso ondo gainera.

G.B. Oso ados nago, urte gutxitan asko hazi da euskal zinema. Nik guztia Loreak filmarekin hasi zela esango nuke, horren arrakastak gure zinemari bultzada handia eman ziolako. Euskal Herrian orokorrean maila oso altua dago. Profesionaltasun hori erakutsi egin behar da eta euskaraz eginda beste aukera bat eskaintzen zaio ikusleari. Gero eta eskaintza handiagoa dago, eta gero eta azkarrago eskaintzen da.

I.G. Euskal produktuen kontsumoa goraka doa. Euskaraz egitea garrantzitsua da, baina ez soilik euskara batuan. Gazteek kalean euskalkiak erabiltzen dituzte eta batuak ez ditu gehiegi erakartzen. Zineman euskalkiak erabiltzea defendatzen dut nik, kontakizunera gehiago hurbiltzen baitzara ikusle gisa eta horrek enpatia sorrarazten dizu.

Zertan gara onak euskaldunak fikzioa egiten dugunean?

I.G. Orain arte Hollywood kopiatzen saiatu gara eta pixkanaka europarragoak garela onartzen goaz. Euskal zinemak ere badu zerbait espainiar zinematik bereizten duena: hemen ez dira film komertzialak egiten. La isla mínima eta Tarde para la ira filmek hemengo fikzioaren kutsu hori daukate, ikuspuntu gordina eta gertukoa dute, estilo amerikarretik aldendua. Euskal Herriko industria txikia da eta horrek sorrarazten duen intimitatea pantailan nabari da. Euskal estetikaren apustu bat egiten ari dela iruditzen zait eta horren arduradun nagusia Javi Agirre da, euskal fikzio askotan argazki zuzendari gisa lanean aritu dena. Inkontzienteki, bera da tonu bera ematen diona gure zinemaren irudiari. Mikel Serranoren ekoizle lana ere nabarmentzekoa da.

G.B. Nik gidoia aipatuko nuke, gutxi esanda asko esaten baita. Irudiek ia guztia diote. Espainiar zinema esplizituegia izan daitekeela iruditzen zait.

Garazi Beloki: «Gero eta eskaintza handiagoa dago, eta gero eta azkarrago eskaintzen da» 

I.G. Euskaldunak hitz gutxikoak gara. Begiradarekin asko ulertzen da.

Norekin egin nahi duzue lan?

I.G. Jon Garañorekin.

G.B. Ez dut pertsona konkreturik, esperientzia ezberdinek gauza ezberdinak erakusten dizkizute. Nire kasuan, eta adibide bat jartzearren, Mikel Arraiz zuzendariarekin lanean izan dudan konexio hori bilatuko nuke nire lantaldean. Giro ona egotea beharrezkoa da eta hitz gutxirekin elkar ulertzen duzuen zuzendari bat aurkitzea zoragarria da.

Nolakoa da gazteon etorkizuna euskal zinemagintzan?

I.G. Ez dakit hemen hala den, baina orokorrean industria honetan entxufismo asko dago, izan ere, proiektu baten inguruan erabakiak hartzen dituztenak hiru pertsona dira: ekoizlea, gidoilaria eta zuzendaria. Haiek zu ezagutzeak asko laguntzen du lantalde horren parte izatera iristeko. Horrez gain, badira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak, baina beti berdinek jasotzen dituzte. Garai batean inor ez ziren haiek orain betikoetan bilakatu dira. Zinemagintza beti dago krisian, baina optimista naiz. Ordenagailu eta mugikorrak ditugu edozer grabatzeko, orain zuzendari helduak direnek ez zuten aukera hori izan gazteago zirenean. Horrek aukera gehiago ematen dizkigu, baina baita gazteon arteko konpetentzia handiagoa ere industrian sartzeko.

G.B. Ados nago. Izatez, gero eta produkzio gehiago egoteak guri ere lan aukera gehiago sorrarazten dizkigu. Egia da lantalde itxi askorekin topatzen garela, baina ezin da esperantzarik galdu. Ez dakigu noiz lortuko dugun halako talde baten parte izatera iristea, baina bien bitartean datorren lanari positiboki helduko diogu. Duela urte batzuk hemen ez zegoen halako produkzio kantitaterik eta hori pozik egoteko modukoa da.

I.G. Ezin da ahaztu kultura lehen mailako beharra dela. Zinema asko itxi dituzte COVID-19aren aurrean hartu diren erabakien erruz. Zinerik gabe, ezin dira pelikulak proiektatu eta ondorioz, ezin dira pelikulak egin.

 

MOTZEAN

Pelikula bat?

I.G. Hanekeren Amor eta Kurosawaren Vivir.

G.B. Cinema Paradiso eta Braveheart.

Telesail bat?

I.G. Mr. Robot.

G.B. El cuento de la criada.

Genero bat?

I.G. Thriller dramatikoa.

G.B. Thriller psikologikoa.

Aktore bat?

I.G. Jake Gyllenhaal eta Nagore Aranburu.

G.B. Serena Joy.

Zuzendari bat?

I.G. David Fincher eta Yasujiro Ozu.

G.B. Quentin Tarantino.

Pertsonaia bat?

I.G. Nik zuzendutako Ezusteko Talkan Aitziber Garmendiak egiten duena.

G.B. Nik egiteko bada, pertsonaia gaizto bat. Peaky blindersekoak ere gustuko ditut.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!