Peñak eta Albisuk ezustekoa eman dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 1a, 14:55

Txapelketako bikote sendoenari, Elezkano II-Zabaletari, 20-22 irabazi diote. Jakak, bere aldetik, porrot handia jasan du Martijarekin batera Olaizola II-Rezustaren aurka, 2-22 galduz.

Elezkano II-Zabaleta bikotea Binakako Pilota Txapelketako indartsuena zela erakusten ari zen, batez ere Zabaletaren nagusitasuna baliatuz. Bada, Jon Ander Peñak eta Albisuk garaipen garrantzitsua lortu zuen bikotea horren aurka, bide batez, beraien hirugarren garaipena lortuz, eta edozeini irabazteko gai direla erakutsiz.

Erik Jakak txanponaren beste aldea bizitu behar izan zuen bosgarren jardunaldi honetan, txapelketako beste bikote indartsu baten aurka, Olaizola II-Rezusta, 2-22 galduz. Martijak ez zuen bere eguna izan eta aukerako pilota asko utzi zizkion aurrelari goizuetarrari. Partida bakarra irabazi dute oraingoz Jakak eta Martijak, eta puntuak lortzen hasi behar dute aurrera egin nahi badute.

Iñaki Artolak ezin izan du oraindik jokatu lesioa izan zuenetik eta asteburu honetan ere Bengoetxea VI.a izan da bere ordezkoa. Arangurenekin batera 19-22 galdu zuten Ezkurdia-Ladis Galartza bikoaren aurka. Hori horrela, partidarik irabazi gabe jarraitzen duten txapelketako bakarrak dira Artola eta Aranburu.

Jokin Altunak gaur gauean jokatuko du Mariezkurrenarekin batera Urrutikoetxea eta Imaz bikoaren aurka. Amezketako Larrunarri frontoian jokatzekoak ziren, baina hezetasuna dela eta, Tolosako Beotibar frontoian jokatuko dute.

Promozio mailakoan, Iker Elizegik eta bere aurrelari Arteaga II.ak ez dute oraindik partidarik irabaztea lortu, eta sailkapenaren azken lekuan daude. Asteburuan, 16-22 galdu zuten Zabala-Erostarbe bikotearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!