Irudimenaz zamatuta datoz

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 29a, 11:59

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian 'Motxila ibiltaria' egitasmoa dute martxan. Liburuz, jolasez eta misioz betetako bizkar zorroak txandaka ibiltzen dituzte umeek.

Hilero Aiztondo bailarako etxe batzuetan egonaldia egiten dute Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko liburuzainek umeentzako prestatzen dituzten motxilek. Lau bat astean, motxila barruan topatzen dituzten liburuak irakurtzeko eta mahai jolasekin jolasteko aukera dute gaztetxoek; gero berriro itzultzen dute liburutegira, motxilarekin batera jaso duten misioa beteko duten konpromisoa hartuta. Enkargu horrek eskulan forma hartzen du, eta bildutako material guztiarekin hiru hilez behin erakusketa antolatzen dute liburutegian.

Azkeneko misioari erantzunez, mugimendua mugatuta dagoen garaian, munduan bidaiatzeko ibilgailuak asmatu behar izan dituzte umeek, eta denak bilduta jarri dituzte liburutegiko erakusleihoan. Bailarako gaztetxoen artean Motxila ibiltaria egitasmoak izan duen arrakastaren giltzarrietako bat misio hori dela uste du Irene Urruzola liburuzainak: “Liburutegiaren alboan badago erakusketa gela bat, eta gure jardunean beti saiatu izan gara umeen sormena lantzen eta irudimena pizten. Motxilan material ezberdina sartzearekin batera, umeei misio bat ematea motibagarria izan zitekeela pentsatu genuen”.

Gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko moduak biltzen dituen liburu bat irakurrita heldu zioten liburuzainek motxila ibiltariaren asmoari, eta hala eraman zuten Aiztondora. 2018ko urtarrilean jarri zuten martxan. Hemezortzi motxila dauzkate guztira, eta adinka banatzen dituzte: berdeak, 0 eta 5 urte bitarteko umeentzat; gorriak, 6 eta 9 urte artekoentzat; eta urdinak, 10 eta 16 urte arteko gaztetxoentzat. “Osatzen zailenak motxila urdinak dira, adin horretan hasten baitira umeak liburuekiko interesa galtzen”, esan du Arantxa Zabala liburuzainak. “Orduan eskura izaten dituzte sakelako telefonoak eta bestelako gailuak. Garai batean, ikus-entzunezko materiala ere sartzen genien motxilan, baina konturatu gara bestela ere gisa horretakoak maiz jasotzen dituztela”.

Hiru urteko ibilbidean, berrikuntza gehiago ere egin dituzte Zizurkilen. Motxila berde, gorri eta urdinei beste kolore batekoa ere gehitu diotela azaldu du Zabalak: morea. “Hezkidetza da gure liburutegiaren interesguneetako bat. Naturaren babesaren inguruko liburuek, genero ikuspegia lantzen dutenek edota gizarte gaien ingurukoek presentzia handia izaten dute gure apaletan. Kolore morea duten bi motxila ditugu, eta gisa horretako materiala sartzen dugu horietan”.

Material aukeraketan arreta handia jartzen dute liburuzainek, eta ume bakoitzarentzat motxila pertsonalizatua prestatzen dute. Zabalaren ustez, beti ipuin edo liburu bera aukeratzeko joera izaten dute umeek, eta ikuspegi hori zabaldu nahi diete liburutegitik. “Antolatu izan ditugu gurasoentzako hitzaldiak, eta beti gauza bera nabarmendu izan dugu: gurasoek ere hartu behar dute parte liburu aukeraketan, bideratu egin behar dituzte umeak irakurketara”. Bat dator Urruzola: “Inportantea da irakurketa etxean lantzea. Etxean ikasten dute umeek liburutegirako bidea. Profesional gisa gu gure zatia egiten ahalegintzen gara, eta adi eta eguneratuta egotea eskatzen digu horrek”.

Egitasmo bizia

Motxila ibiltaria etxean jasotzen duten ume horietako baten ama da Nagore Zabala, eta “oso positibotzat” jo du egitasmoa: “Etxean bestelako irakurketak egiten ditugu, baina asko eskertzen dugu proposamenak jaso ahal izatea eta motxilaren bitartez liburutegitik material berrietarako bidea egitea”.

Egitasmoak Aiztondon izan duen arrakastaren adibide gisa Urruzolak aipatu du iaz itzuli beharrik ez den motxila ibiltaria eskatu ziola 5 urteko ume batek Olentzerori. Haur horren ama da Zabala:”Misioaren harira, sortzen da girotxo bat umeen artean. Haientzat gauza handia da etxean, eskulana familian egin eta gero, liburutegian erakustea”. Liburuzainek ahalegina egiten dute umeen ekarpen horiek testuinguruan jarri eta erakusketari osotasun bat ematen.

Plazida Otaño bertsolaria bera irudikatzea, umeek egindako hiria eraikitzea, material birziklatuekin munstroak egitea edo bi xomorroren nahasketatik bakar bat sortzea izan dira orain arte motxilarekin batera etorri diren erronketako batzuk. Giuseppe Arcimboldo Errenazimentu garaiko margolari italiarraren adibideari jarraitu beharko diote haurrek, eta gazteek hurrengoan: barazki eta frutekin osatu beharko dituzte ipuinetako pertsonaien erretratuak. Hiru hilabete barru ikusi ahal izango dira emaitzak liburutegian bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!