Jakintza elkarrekin eraikitzen hasteko unea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 28a, 07:59

Otsailean abiatuko da Tolosaldepedia, eskualdeko ezagutza guztia, herritar guztien eskura egon dadin, Wikipedian jartzea helburu duen ekimena.

Tolosako Udalak, COVID-19aren pandemiak eragindako itxialdiaren ondorioz jarri zuen martxan Tolosapedia egitasmoa. Tolosari buruzko ezagutzan sakondu eta herritarrek elkarren arteko harremanak sustatu zitzaten sortu zen, baina hilabeteak pasa ahala, hainbat aldaketa izan ditu proiektuak. Ondorioz, eskualde izaera hartu du orain.

Gauzak horrela, izaera areagotzeaz gain, izena ere aldatu diote: Tolosaldepedia izango da egitasmo honen izen berria. Otsailean jarriko da martxan, eta urtea amaitu bitarte iraungo du. «Proiektu herritarra eta irekia da, elkarlanean egina, herripedia formatuan garatuko delako eta herritarren ekarpenekin osatu eta zabalduko delako», dio Olatz Peon Tolosako alkateak.

Orain beraz, eskualdeko ezagutza oro Wikipedian jartzea du helburu, informazio hori herritar nahiz kanpotar guztiek eskuragarri izan dezaten. «Proiektua garatzeko hainbat ekintzailez osatutako Talde Eragilea sortu da, eta dinamizatzaile bat izango du», azaldu du Peonek.

Batez ere, Wikipediako euskarazko orrialdean gauzatuko da, baina baita gaztelaniazko eta beste hizkuntzetako Wikipedian ere, herritarren eta aukeren arabera. Gainera, egindako lan guztiekin, sortutako artikuluekin eta egileen izenekin liburu bat argitaratuko da urte amaieran, eta doan banatuko da, parte hartzen dutenen artean.

Editatzen ikasteko

Hilabeteko lehen ostegunetan (otsailaren 4an, martxoaren 4an, apirilaren 15ean, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an), Wikipedian editatzen ikasteko eta Tolosaldepedia proiektuan idazteko lantegiak egingo dira, Tolosako kultur etxean. Saio irekiak izango dira, 17:00etatik 20:00etara. «Norberak bere ordenagailua eraman beharko du, eta eskaerak egin ahala, eskualdeko beste herrietan egin ahal izango dira», azaldu du Xabier Cañas kultura teknikariak. Lantegi horietan izena emateko, www.tolosa.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar da.

Tailer horiez gain, zenbait gaiei lotutako topaketak egingo dira, beti ere, COVID-19aren inguruko egoerak baimentzen duen moduan. Martxoaren 8an izango da lehena, 17:00etatik 20:00etara, Aranburu Jauregian, Itzalpeko Emakumeak erakusketa probestuz. «Informazio-iturriak topatuko ditugu bertan, gure eskualdean Errepublika garaian, gerran eta frankismoan nabarmendu ziren emakumeen inguruan», gaineratu du Cañasek. Topaketa horietan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango lantegietan izena ematea.

%16, emakumeak

Parekidetasunaren gaiarekin jarraituz, Tolosaldepedia proiektuan, arreta berezia jarri nahi da emakumeengan, gaur egun Wikipedian dagoen genero arrakala gainditzeko. «Horrela, Jabetze Eskolaren barruan, azaroaren 4az geroztik lanean ari da emakume talde bat, Wikipedian editatzen ikasten eta Tolosaldeko emakumeen biografiak sortzen eta osatzen», dio Cañasek.

Aipatutako genero arrakala horren erakusgarri, zenbait datu ematen ditu kultur teknikariak. «Wikipediako editoreen %18 baino ez dira emakumeak eta horrek gaien inguruko joera zehaztea dakar. Adibidez, Wikipedian dauden biografien %16 baino ez dira emakumeen ingurukoak». Arrakala hori gainditzeko, Tolosaldeko emakumeei buruzko atal berezia sortu du udalak, «atentzioa hor jartzeko eta lantegietara etortzen direnak, haiek hala nahi izanez gero, horretan lanean jartzeko».

Haurrentzat, errazago

Hezkuntza komunitateak ere parte hartuko du egitasmoan, ikastetxeekin elkarlanean Txikipedia proiektua garatuko baita. Wikipediaren barruan dago integratuta, eta 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia da. «Wikipediaren aldean, bisualagoa da, eta haurrei egokitutako hizkuntza erabiltzen du, esaldi motzagoekin eta azalpen errazagoekin», azaldu du Haritz Azurmendi Galtzaundi Euskara Elkarteko kideak.

Tolosaldepedia egitasmoa adin-tarte guztietara zabaltzeko asmoz, 2020ko urriaren 22an lehen aurkezpen bat egin zitzaien ikastetxeetako ordezkariei, bertako gaztetxoek Txikipedia proiektuan parte hartu zezaten. «Txikipedian editatzea ikastetxeko lanetako bat izango da ikasleentzat, eta ikusgarri egongo da guztiontzat. Hezkuntzaren ikuspegitik, ikaste-esanguratsua deitutakoa garatu nahi da horrela, izan ere, ikasleek egiten duten lana benetakoa da eta isla izango luke», dio Azurmendik.

Dagoeneko zortzi ikastaro eman dituzte Orixe ikastetxean. Ibarrako Uzturpe ikastolak, berriz, bere 50. urteurrena dela eta, edizio topaketa berezia egingo du gaur; gainera, jada osatu dute ikastetxeari buruzko artikulua.

 

NONDIK HASI TOLOSALDEPEDIAN EDITATZEN?

Wikipediaren webguneko Tolosaldepedia orrialdean aurki daitezke artikuluak osatzeko iturriak. Horretarako, TOLOSALDEKO ATARIA-k eskualdearen inguruan argitaratutako artikulu eta testuak eskura jarri eta alfabetikoki sailkatu dira. Gainera, Tolosako Liburutegiak eta Artxiboak bibliografia bat osatu dute tokiko gaien inguruan.

Hamaika modu eta gai daude Wikipedian editatzeko. «Erraza da, baina beharrezkoa da jendeak duen beldur hori galtzea», dio Xabier Cañasek. Adibide batzuk aipatzekotan, 1813ko Tolosako guduari buruzko informazioa ingelesez soilik azaltzen da eta ez dago Tolosako San Joan festetako alardeari edo Bordon Dantzari buruzko artikulurik. Bestela, eskualdeko eraikin historiko, ibai edota pertsonai ugariren argazkiak falta dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!