«Ezjakintasun horretan ezin dugu jarraitu, informazioa nahi dugu»

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 27a, 11:59

Amezketako haurreskolan ordezkapena egitea egokitu zaio Ainize Lasa Oiartzabali. LAB sindikatuko ordezkaria ere bada, eta gertutik bizi du egoera.

Nola iritsi zarete egoera honetara?

2018an langileen aldeko akordio batzuk lortu genituen, Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzak arautzen zituenak. Ikusi dugu, ordea, gerentzia berriarekin ez direla betetzen ari. Ezjakintasuna izan dugu nagusi: ez genekien zer irizpide betetzen ziren ordezkapenak banatzerakoan, haurreskoletako lanpostu hutsak ez ziren ordezkatzen, eta aurtengo ikasturtean, egoera honetan gainera, ordezkapenak langile finkoak ari ziren betetzen.

Eta nola saiatu zarete egoerari buelta ematen?

Mahai negoziatzaile batzuk zeuden martxan, akordioen jarraipena egiteko eta hobekuntza gehiago jorratzeko. Baina gertatu dena da mahai horietan ez dela negoziaketarik eman, gerentzia berria sartu zenetik aldebakarreko azalpenak soilik eman dituelako Zorione Etxezarraga gerenteak. Ez du zentzurik mahai negoziatzaile horrek, gure aldarrikapenak ez baitira lantzen. Guk ezjakintasun horretan ezin dugu jarraitu, informatu gaitzaten nahi dugu.

Zein egoeratan zaudete orain?

Gertatzen ari dena da zalantzan jartzen ari direla Haurreskolak Partzuergoaren funtzioa. Erabaki baten berri ere ez digute ematen eta guztia zalantzan jarri dute. Esan dute agian ez direla errentagarriak, eta gure ustez, hau ez da errentagarritasun kontu bat, zerbitzu publiko bat baita. Badakigu matrikulak jaitsi direla, baina horregatik behar dugu fundamentuzko diru partida bat Eusko Jaurlaritzatik. Doakotasuna eskatzen dugu, izan ere lana erraztu behar zaie familiei haurrak haurreskoletara eraman ditzaten.

Lan hitzarmen bat lortzea da helburuetako bat.

Mahai negoziatzaileen bidez hori zen helburua. Izan ere 2009tik berritu gabe daukagu hitzarmena. Urte asko eraman ditugu borrokan, gauzak ordenatzen, hankaz gora zegoelako guztia.

Aurretik bilerak egin dituzue.

Mahai negoziatzaile batera deitu gintuzten hiru sindikatuak abenduaren 22an. Greba deialdietan guk eskatzen genituen puntu horien inguruan hitz egingo genuela uste genuen, eta sorpresaz, hitz egin zen gauza bakarra izan zen guk lortutako akordio guzti horiek ez zirela zuzendaritza batzordetik pasa eta existituko ez balira bezala zela. Guztia zalantza jartzen hasi ziren gainera; Haurreskola partzuergoaren izaera, haurreskolak ez direla hain beharrezkoak, herri txikietako haurreskolak defizitarioak direla... Kezkatzeko moduko egoera baten aurrean gaude.

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!