Imanol Rojok emaitzak hobetzen jarraitzen du

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 14a, 07:58

Orain arte Munduko Kopan lortu duen postu onena egin du iraupen eskiatzaile tolosarrak, 18. postuan helmugaratuz.

Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrarentzat orain arteko denboraldi onena izaten ari da negu honetakoa. Abenduan Europako Kopako proba bat irabazi zuen lehen aldiz, eta igande honetan Munduko Kopan lortu duen postu onena egin zuen, 18. helmugaratuz.

Rojok urtarrilaren 1etik 10era Tour de Ski lehiaketan parte hartu du. 10 egunetan 8 probez osatutako egutegi gogorra da, eta 3 toki desberdinetan jokatu da, Suitzako Val Müstair eta Italiako Toblach-Dobiacco eta Val di Fiemmen. Tolosarraren bigarren urtea izan da eta oso erregularra izan da Tour osoan, pasa den igandean emaitzarik onena lortuz, Alpe Cermis igoera mitikoan 18.garren helmugaratuz.

Proba horretan eskiatzaile guztiak batera atera ziren, baina ilara desberdinetan, eta Rojo 36. postuan atera zen. Probaren lehen sei kilometroak ia zelaian eta pista estuan izan ziren, aurreratzeko aukera gutxirekin, eta azken hiru kilometrotan 400 metroko aldapa gainditu behar zuten, tartean %30eko maldarekin, eta hor lortu zuen tolosarrak eskiatzaile mordo bat aurreratzea. Tour de Ski bikain horren ondoren, Rojok egun gutxi batzuk errekuperatzeko hartuko ditu eta jarraian Eskandinaviara joango da Munduko Kopako proba batzuetan lehiatzera.

ESPAINIAKO KOPA LINZAN

Estatu mailan, aldiz, eski denboraldiaren hasiera zaila gertatzen ari da. Batetik, Alpino Uzturreko tekniko eta eskiatzaileek EAEn ez dute entrenatzeko elurretako pistarik, eta federazioaren ziurtagiri batzuei esker Aragoiko pista batzuetan entrenatu ahal izan dute azken jaiegunetan.

Joan den asteburuan, Linzan, Espainiako Kopako lehenengo proban parte hartu ahal izan dute. Larunbatean, esprint klasikoan, Alaia Juaristik 18 urtez azpiko mailan irabazlea izan zen. Igandean, estilo librean, proba luzeagoak izan ziren eta 18 urtez azpiko mailan, berriro Alaia Juaristi izan zen irabazlea, Olaia Plazasek hirugarren postua, Laia Arakamak zazpigarrena eta Naroa Amantegik bederatzigarrena lortuz. 16 urtez azpiko mailan Hodei Juaristik zazpigarren postua eta seniorretan Mikel Plazasek zortzigarrena lortu dute.

Alpino Uzturretik tekniko eta eskiatzaileek «erakutsi duten adorea» azpimarratu dute.

Alaia Juaristi, Linzan asteburuan egindako Espainiako Kopan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!