Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak itxiko dituztela eta udalerri horietan ostalaritza itxi beharko dutela nabarmendu du gaur, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. LABI aholku batzordearen bileran erabakitakoen berri eman du sailburuak eta badira neurri berriak, batez ere, eremu gorrian dauden herriei begira. Horietako bat dago eskualdean: Amasa-Villabona. 523,91eko intzidentzia tasa du eta ondorioz, asteazkena 00:00etatik aurrera herriko joan-etorriak mugatuko dituzte eta eskola kirola ezingo da abiarazi. Izan ere, eskola kirola baimentzea erabaki du gaur, LABIk, baina ez eremu gorrian dauden udalerrietan. Dena den, beste herrietan seiko taldeetan egin beharko da gehienez eta ezingo dira aldagelak erabili.
Mantentzen diren neurriak:
- Euskadiko itxiera perimetrala, hau da, ezin da Euskaditik atera edo sartu.
- Gehienez sei pertsonako taldeak.
- Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.
- Merkataritza eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia 21:00etan.
- Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35ean mugatzea.
- Musika eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.
- Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia, 20:00etatik 06:00etara.
- Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko udalerrietan dauden ostalaritza eta jatetxe establezimenduak eta joko eta apustu-establezimenduak ixtea, azaroaren 6ko dekretuan ezarritako baldintza berberetan.
Neurri berriak:
- Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joan-etorriak murriztu dituzte.
- 150 metro koadrotik gorako merkataritza-establezimenduetako edukierak % 40ra murrizten dira, eta 150 metro koadrorainoko azalera duten establezimenduetako edukierak % 60koa izan beharko du.
- Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko duten herrietan: udalerriko konfinamendu perimetrala, alboko udalerrirako igarobidea salbuetsi gabe, eta taldeko kirol-jarduera etetea.
Eremu gorrian ez dauden herrietarako neurriak:
- Eskola-kirola berrekiteko baimena ematea, soilik entrenamenduetan. Entrenamendu horiek gehienez ere sei pertsonako taldetan antolatu beharko dira, osaera aldatu gabe, eta aldagelak ezin izango dira erabili.
- Profesionalak ez diren dantza-taldeen entseguak baimentzea, eta antzerki-jarduerarako indarrean dauden baldintzekin lotzea.
- Jokoaren eta apustuen sektorea berriz irekitzeko aukera ematea, edukiera, ordutegiak eta ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkion antzeko prebentzio-neurriekin.