Koronabirusa

Villabonako ostalaritzak itxi egin beharko du bihartik aurrera

Ataria 2021eko urtarrilaren 11

Osasun sailak emandako azken datuen arabera, Amasa-Villabona eremu gorrian dago eta beraz, ostalaritzak itxi egin beharko du bihartik aurrera. 523,91 intzidentzia tasa du Aiztondoko herriak. Tolosa laranjan dago, 438,14ko tasarekin. 14:00etan emango dute LABIren azken erabakien berri.

COVID-19an positibo ematen dutenen kopuruak gora egin du azken egunetan, eta ondorioz, Amasa-Villabona eremu gorrira pasa da 523,91eko tasarekin. Herriko ostalaritzak itxi egin beharko du, beraz, bihartik aurrera. Dena den, 14:00ak inguruan emango dute LABIren azken erabakien berri eta baliteke beste neurriren bat ezartzea. Tolosa eremu laranjan jarraitzen du 438,14ko tasarekin. 

Azken egunetako positiboei erreparatuta Tolosaldean 43 egon dira urtarrilaren 8tik 10era; 12 Tolosan, 9 Ibarran, 6 Amasa-Villabonan, 5 Alegian, 4 Iruran, bina Berastegin eta Ikaztegietan, eta bana Anoetan, Baliarrainen eta Berrobin.

Egindako test kopuruari dagokionez, urtarrilaren 8an 9.504 egin zituzten eta 658 izan ziren positiboak (%6,9), horietako 203 Gipuzkoan. Hilaren 9an 10.051 test egin zituzten, 509 izan ziren positiboak (%5,1) eta 169 izan ziren Gipuzkoan. Eta atzo 10.706 test egin zituzten, 560 izan ziren positiboak (%5,2), 166 Gipuzkoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!