2021ean ere alboan nahi zaitugu

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 31a, 22:00

Atarikide,

Bukatzera doana ez da inorentzat urte erraza izan. Ez omen dago mila urte irauten duen gaitzik, baina milurtekoa baino luzeago egin zaizkigu azkeneko bederatzi hilabeteak, atzaparretan hartu gaituen gaitzari nola ihes egin asmatu ezinik.

Gure txikian, irakaspen handiak ateratzeko balio izan digu, ordea, epealdi honek. Beldurra hezurretaraino sartu zaigun honetan eta ziurgabetasunak kaltebera egiten gaituela jabetu garenean, gure emozioei eta ezinegonei tartea ematen asmatu dugu, egunkariko orri, interneteko jario eta irratiko orduetan. Halabeharrez, elkarrengandik aparte egon behar izan dugun garaian jabetu gara, beste behin, elkarren berri izateko tresna esku-eskura dugula, Tolosaldeko Ataria-n lotzen garela eta txerto lokal horrek babesten gaituela gaitz globaletik.

Mundua goitik behera aldatu zaigunean, gure etxeko postontziek edo sukaldeko irratiek egoskor jarraitu dute berean, euskaraz, tokikoaren berri ematen, demostratuz denboran zehar irauteko tamainak ez duela hainbeste inporta, trinkotuta eta bat eginda egoteak baizik. Jarrera horrek egin gaitu birusaren aurrean indartsu.

Normaltasun zahar eta berriaz hitz egin den garaiotan, Tolosaldeko euskaldunon komunitatean erakutsi dugu normalizazioaren aldeko borrokan trebatuta gaudela, burujabe garela eta determinazioz jarduten dugula. Egunkari eta aldizkariko orrietan, webguneko albisteetan eta irratiko uhinetan gorpuzten da gure gogoa. 

Urteak eman ditugu egiten duzun hori garela esaten. Orain ia egiteko guztiak mugatu zaizkigun garaian jabetu gara, egiteak bezainbesteko garrantzia duela egoteak. Egiten duzuna gara eta gaudelako zara.

Gutxi asko, hau da, Tolosaldeko Ataria, euskaldunok eskualdean egoteko hautatu dugun tokia. Kanpoan ari duen ekaitza etxe barrura sartzen zaigunean ere, elkarren arrimuan, goxo.

2021ean ere alboan nahi zaitugu.
URTE BERRI ON!

Tolosaldeko Ataria-ko lantaldea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!