Urruntze politika deuseztatzeko eskatuko dute herritarrek urtarrilaren 9an

Ataria 2020ko abe. 30a, 12:00

2019ko deialdia, Bilboko manifestaziora joateko.

Euskal preso eta iheslariak etxerako deia egingo da, aurten, besteak beste, Euskal Herriko 216 herritan; eskualdeko herrietan ere izango dira mobilizazioak, 17:30etik aurrera.

Urte hasierako Bilboko eta Baionako manifestaziorik egin ezin denez, Sarek beste 214 herrietara zabaldu ditu aurten mobilizazioak. Atzo Bilbon egindako agerraldian jakinarazi zuten guztira Euskal Herriko 216 herritan aterako direla kalera, urtarrilaren 9an. Horrela, Bidea gara lelopean, urruntze politika amaitzea eta euskal presoei gradu progresiorako modua ematea eskatuko dute.

Mobilizazio desberdinak egingo dira herriz herri, eta baita eskualdean ere, 17:30etik aurrera: izan giza-kateak, mosaikoa, manifestazioak edo ekitaldi musikatuak. Guztiek, ordea, "argiztatutako bidea" ekimena egingo dute, denek une berean: mugikorretako argiak baliatuz osatutako argazkia. Ondoren, bildutako argazki horiek sare sozialetan zabaltzeko deia egin dute. Horren ostean izango da irakurketa, herri guztietan bera.

Urruntze politika «behingoz» amaitzeko eskatuko du Sarek, aldaketa batzuk egin badira ere oraindik «benetako hauturik» egin ez dela iritzita. Bestalde, euskal presoei «sistematikoki ukatu izan zaien» gradu progresioari bide ematea ere galdegingo du, Euskal Herrira bueltatu ahal izateko ezinbestekoa dela argudiatuz; izan ere, gogorarazi du oraindik 107 euskal preso daudela lehen graduan, gainontzekoetan baino neurri zorrotzagoekin. Sarek salatu du preso horien eskubide ugari «murrizten» dituztela kartzelan.

Herriz herriko deialdiak jaso ahala, agendan izango dira ikusgai.

Zer eskatuko zenioke urte berriari? Zein da bidea?

PILAR GARAIALDE, Tolosako Asanblada Feministako kidea

"Egungo legedi arrunta bete dezatela gobernuek (urruntze politikarekin amaitu, graduen progresioa, baldintzapeko askatasunak, gaixoei askatasuna, umeek gurasoak etxean izan ditzaten… ), zalantzarik ez luzerago ere begiratuko nukeela baina gutxien-gutxienez hauek, oinarri-oinarrizkoak baitira".

"Urte luzez bizitakoak erakusten digu borroka bidez baino ez dela lortuko. Nahitaezkoa dugu borrokan, gu guztion indarrak batu, iritzi eta ikuspuntu desberdinen gainetik bat egin hain oinarrizko aldarriekin, kale, instituzio, zirrikitu guztietan borrokari eutsi eta preso guztiak etxean izan arte, ez etsi".

BEÑAT AZALDEGI, herritarra

"Urruntze-politikaren amaiera iristea nahi nuke. Familia askoren (ia guztien) egoera arintzea, kilometro gutxiago egin behar izatea tokatzen zaien aldiro beren senide presoa bisitatzeko. Gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzea nahitaezkoa izatea, baita adinekoak ere".

"Gizarte presioa eta mobilizazio dinamika sendo bat izatea beharrezkoa jotzen dut. Iraganean bizi den eta legezkotasun-printzipioa nahi erara erabiltzen duen blokea mugitu egin beharra dago, epe motz batean preso guztiak etxeratu eta konponbidea lortzeko".

AINHOA ARTOLAZABAL, irakaslea

"Euskal jendartearen bizikidetzan eta bakegintzan aurrera egiteko urrats berriak ikusi ahal izatea eskatuko nioke urte berriari. Eta bide horretan ezinbestekoa eta premiazkoa da euskal presoen eta haien familien eskubideak eta duintasun pertsonala eta soziala bermatzea".

"Egun indarrean dauden espetxe politikak eta salbuespen neurriak behingoz ezabatuz, mugaren bi aldeetan legedia bete dadin. Eta gai honekiko ere gizarte osoaren sentsibilizazioa sustatuz, ezinezkoa baita bizikidetasun berri bat eraikitzea giza eskubideak aho batez aldarrikatzeko gai ez bagara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!