Urte berriarekin batera hasiko da Eskuz Binakako Pilota Txapelketa

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 29a, 19:47
Argazkia: Baiko

Martijarekin jokatuko du Jakak; Altuna III.a, Mariezkurrena II.arekin ariko da; Artolak Aranguren izango du atzean; eta Peña II.ak Albisurekin osatuko du bikotea. Ostiralean jokatuko dute lehen partida Jakak eta Altunak, Eibarren; finala, maiatzaren 9an izango da, Bilbon.

Ostiralean abiatuko da Lehen Mailako Eskuz Binakako Pilota Txapelketa, Eibarko Astelena pilotalekuan. Txapelketako lehen partidan, Erik Jaka eta Jokin Altuna ariko dira nor baino nor, errebantxaren errebantxa izan daitekeen partidan. Lizartzarrak, Julen Martija izango du atzean; amezketarrak, berriz, Jon Mariezkurrenarekin osatuko du bikotea.

Larunbatean, berriz, Olaizola II-Rezusta bikote indartsuaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Iñaki Artola alegiarrak eta Aitor Aranguren usurbildarrak, Lizarran. Igandean, Bilbon, Urrutikoetxea-Imaz bikotearen aurka ariko dira Jon Ander Peña tolosarra eta Jon Ander Albisu ataundarra. Astelehenean emango zaio amaiera lehen jardunaldiari, Irunen, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Elezkano II-Zabaleta bikoteen arteko partidarekin.

Guztira, beraz, 8 bikote ariko dira nor baino nor, azken urteetako formatu bera mantenduz. Lehen fasean, zazpi jardunaldiko bi itzuli egingo dituzte bikote guztiek, hau da, bi aldiz ariko dira gainerako zazpi bikoteen aurka. Lehen fase horretako bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hirugarren postuan geratzen den bikoteak, seigarren geratzen denaren aurka jokatuko du finalerdietara sailkatzeko partida, eta gauza bera egingo dute, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatzen diren bi bikoteek.

Behin finalerdietako lau bikoteak zehaztuta, hiru partida jokatuko ditu bakoitzak. Azkenik, ligaxkako bi bikote onenek jokatuko dute finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, maiatzaren 9an.

Honakoak dira enpresa bakoitzak aukeratu dituen bikoteak:

ASPE:

  • Jaka-Martija
  • Altuna III-Mariezkurrena II
  • Ezkurdia-Ladis Galarza
  • Elezkano II-Zabaleta

Baiko:

  • Olaizola II-Rezusta
  • Peña II-Albisu
  • Urrutikoetxea-Imaz
  • Artola-Aranguren

Hainbat nobedade

Lehen mailako azken hamar txapelak Asperen aldera erori ostean, urteko lehiaketarik luzeenean indarrak berdindu nahi izan dituztela dirudi, batez ere, Rezustaren aldaketarekin (Baiko enpresarekin ariko baita, Aspek utzita). Baina batzuen eta besteen joko boladak ikusita, ez dirudi erraza azken urteetako emaitza hori aldatzea, batez ere, azken hilabeteetan afizionatuekin jokatu ostean, Jokin Altunarekin jokatuko duen Jon Mariezkurrenak (Asperekin jokatuko du) orain dela bi urtetako sasoia berreskuratzen badu.

Aurreko urtearekin alderatuta, Jon Ander Peña, Aitor Aranguren eta Danel Elezkano dira aurpegi berriak. Bestetik, Mikel Urrutikoetxea aurreko koadroetara itzuliko da. Azkenik, Oinatz Bengoetxeak eta Iker Irribarriak ez dute txapelketan parte hartuko, euren enpresek hala erabaki ondoren.

Momentuz, partidak publikorik gabe jokatuko direnaren ideia darabilte buruan enpresetako ordezkariek, nahiz eta osasun egoeraren bilakaeraren arabera moldatzen joan daitezkeen. Hori bai, azken bi txapelketekin alderatuta, Nafarroan ere jokatuko dituzte partidak, esaterako, larunbatean bertan, Lizarran.

Frontoietara joaterik ezean, telebista izango da partidez gozatzeko euskarri erosoena. Orain artean bezala, ETB-ren lehen katean ikusi ahal izango dira partida guztiak. Alde horretatik ere bada berrikuntza garrantzitsu bat: ostiral, larunbat, igande eta astelehenez jokatuko dira partidak; lehen hiru kasuetan ohiko ordutegian, baina astelehenetakoak gauez jokatuko dira, 22.30ean. Gainera, eta telebistaz zuzenean botatzeko, lehen mailako partida jaialdiko lehena izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!