Urtekaria 2020

Josi eta josi, sarea osatuz

Ataria 2021ko urt. 6a, 07:59

Nola martxoaren 8an, hala azaroaren 25ean, eskualdeko feministek kaleak hartu zituzten; Emakumeen Eguna mugarria izan da Tolosaldean, herri ezberdinetako emakume, kolektibo eta asanbladak elkar ezagutu eta elkar hartuta hasi baitira bide berean lanean.

Tolosaldeko mugimendu feminista askotarikoa da eta azkeneko urteetan ugaritu egin dira herriz herri emakume talde, kolektibo eta asanblada feministak. «Amalgama» aberatsa da eta elkarrekin komunitate feminista konprometitua osatzen dute. Horren adibide izan da Martxoaren 8a. Eguna horren bezperan, Tolosaldeko festa feminista egin zuten Anoetan, Josi ta Josi lelopean.

Eider Olazar Elduaien gazteluarrarentzat azkeneko bi urtean «ikaragarri» zabaldu da mugimendu feminista eskualdean. «Orain arte modu batean antolatu gara, baina hemendik aurrera nolako antolakuntza behar dugun hausnartu behar dugu elkarrekin».

Aurreko bi urteetan greba feministak antolatu izan ditu Euskal Herriko mugimendu feministak arrakasta handiz. «Greba tresna bat da eta ez helburua. Aurten ez antolatzeak ez du esan nahi, inondik inora, ahulduta gaudenik edo indarra galdu dugunik. Borrokarako prest gaude eta kaleak hartuko ditugu», dio Olazarrek, martxoaren 8ko bezperatan. Martxoaren 8a edota azaroaren 25a bezalako ekimenak antolatu ahal izateko koordinazio puntualetik harago, feminismoaren indarra egituratzeko beharrari erantzun nahi diote feministek, bai Euskal Herrian, eta baita Tolosaldean ere.

Eta halaxe elkartu ziren martxoaren 7an, eskualdeko ehunka feminista, Anoetako plazan. Bi zutabetan banatuta, bata Ibarra eta Alegia ingurutik, eta bestea Aiztondotik, batera iritsi ziren Anoetako plazara, eta han egin zuten ekitaldi nagusia. Txalo artean elkar agurtu ondoren, eskuak morez pintatuta feminismoaren ikurra margotu zuten.

Segidan, Nekane Peñagarikano kazetariak adierazpena irakurri zuen: «Jostea jakintza da. Geure burua formatu dezagun hortaz, hezi dezagun, eta izan zentzu kritikoa. Hariak ere behar ditugu, baina alperrik dira josten ez baldin badakigu. Hariak kenduko dizkigute, baina jakintza ez digu inork ostuko gure barrutik. Geu izan gaitezke hari. Osatu, adibidez, sarea orain arteko emakumeekiko gutxiespenak, prekarietateak eta indarkeriak harrapatzeko eta itotzeko. Josi gure gaitasunak, erabakimena gure esku izan dezagun. Geuk erabaki dezagun zer egin. Geuk aukeratu oihala, geuk hartu neurria eta geure gona motzerako erabili, galtza luzeak egiteko, buruko zapirako edo gobararako. Jakitun gure arteko iritzi kontrajarrietan korapilatu gaitezkeela eta gure artean orratzez zulatu. Inklusibitate hariz josi. Kolore guztiez. Gure azala zuria da, eta beltzarana eta berdatsa eta guztiak morea. Antolatu bakoitzaren indarra eta josi elkarren ezagutzaz. Batasunak jantziko gaitu eta ez da ezer estaltzeko izango. Ikus gaitzaten baizik. Adinak adin, aurrean, parean, gaudela ikusarazteko. Pentsiodunaren esperientzia eta aldarrikapena, aintzat hartu gabeko zaintzailearen indar amaigabea, feminizatutako lanaren prekarietatea... Ipurtagirian zer utzia badaukagu. Lana badaukagu. Aldarrikapenez, bazterrak josi behar ditugu. Josi eta josi. Has gaitezen oraintxe bertan gure artekoa josiz eta ongi etorri ahizpak».

Hariak elkarrekin josiz sortu zuten sarearen erdian jarri zuten aurrez pintatutako ikur feminista eta Erre zenituzten sorginen kantua abestu zuten elkarrekin, irrintzi artean eta Batumorek lagunduta. Eguna borobiltzeko jolas-dinamikoak egin zituzten, eskualdeko emakumeen arteko ezagutzan sakontzeko, eta guztiek batera elkarrekin afaldu zuten jarraian.

Hurrengo egunean, Martxoaren 8an, herriz herri, elkarretaratze eta manifestazioak egin ziren. Beste behin, Tolosaldea morez jantzi zen.

A25, berriro ere morez

«Indarkeria matxistari ez!». Ozen oihukatu zuten azaroaren 22an Tolosako eta Ibarrako Asanblada Feministako kideek Uzturre mendiaren puntan. Hantxe elkartu ziren, pandemia garaian, indarkeria matxisten kasuak gora doazen bitartean. Talde bakoitza bere herritik abiatu zen Uzturre aldera, eta puntan egin zuten topo, bertan ekitaldi nagusia egiteko.

«Pandemiaren erdian Uzturreko puntan elkartu gara feministok indarkeria matxistari ozen EZ esateko! Gure mugikortasuna, harremanak, antolaketa mugatu zaizkigun honetan, mendiak ematen digun askatasun eremua probestu nahi dugu elkarren arteko energiaz bete eta zokoratu nahi gaituen sistema honen aurrean zutitzeko», esan zuten.

Ondoren, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, azaroaren 25ean, ehunka herritar atera ziren kalera, emakumeenganako indarkeria gaitzestera. Herri ezberdinetako eragileek antolatuta, era guztietako ekintzak eraman ziren aurrera.

Tolosaldea izatetik, Tolosa izatera

Eskualdeko herri batzuetan talde feminista ugari sortu dituztela jakitun, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Tolosako Asanblada Feminista izatera igaro da. Lau urte inguru dira Tolosaldeko Asanblada Feminista sortu zela. Orduan, taldeko kideek, «oso beharrezkoa» ikusten zuten eskualde mailako emakume feministak elkartuko ziren gune eta antolakunde bat izatea. «Urte hartan sortu zen lehen greba feminista, eta garai hartan hasi ginen, halaber, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen eskariari forma ematen. Hasiera-hasieratik oso beharrezkoa ikusi dugu eskualde mailakoa izatea, kokapena Tolosan izan arren», diote asanbladako kideek.

Azken urte hauetan, eskualdean gauzak asko aldatu direla azaldu dute. Izan ere, talde feminista ugari sortu dira eskualdeko zenbait herritan, besteak beste, Villabonan, Ibarran, Anoetan edota Altzon. «Horrek, gure taldearen izena birpentsatzera eraman gaitu. Tolosaldeko Asanblada Feminista eskualdeko emakume feminista askoren topagune eta erreferente izan da urte hauetan, eta oso pozgarria da hori. Arrazoi ezberdinak tarteko, ordea, herrietako antolakuntzak nagusitu dira, eta beharrezkoa ikusi dugu Tolosak ere bere taldea izatea. Ondorioz, eta gure ekintzen eremu nagusia Tolosa bera dela kontuan izanik, bertako asanblada izatera igaroko gara». Hala ere, ez dizkiete inori ateak itxi nahi. «Orain arte bezala, Tolosaz kanpoko emakume orok ere lekua du gurean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!