Urtekaria 2020

Eraso matxisten aurrean autodefentsa feminista

Ataria 2021ko urt. 6a, 07:59

Urte honetan eskualdean izan diren eraso matxista oro gaitzetsi dituzte asanblada feministek; eta salaketaren berri izan dutenenetan kalera atera dira herritarrak, «ahalduntzeko eta autodefentsarako».

Datuek argi diote pandemia garaian indarkeria matxistak gora egin duela, «hain zuzen, epidemiaren aurrean gobernuek emandako erantzunek, lehendik martxan zeuden mekanismoak areagotzea ekarri duelako». Horrela adierazi zuten Tolosa eta Ibarrako Asanblada Feministek, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Eta azken urte honetan ere eskualdean gertatu dira indarkeria matxista kasuak, eta atera dira berriro ere kalera herritarrak, erasorik onartuko ez dutela onartzeko.

Urtea hastearekin batera egin zen elkarretaratze bat Tolosan, 2019ko abenduaren 24ko gauean eraso matxista bat izan zelako Larramendi auzoan: 19 urteko emakume bat bortxatzen saiatu ziren. Horren aurrean, Tolosaldeko Asanblada Feministak elkarretaratzea deitu zuen urtarrilaren 4an. Jendetza elkartu zen biktimari babesa ematera Euskal Herria plazara, eta argi adierazi zuten: «Saretzeko, indarrak batzeko, ahalduntzeko eta autodefentsarako elkartu gara, eta elkartuko gara».

Baita Zizurkil eta Anoetan ere

Apirilean, Ertzaintzaren parte hartzea eskatu zuen kasu baten berri izan zuen Zizurkilgo Udalak. Eraso matxista oro irmo gaitzesten dutela esan zuten, eta gogoratu zuten indarkeria matxistaren biktimentzako arreta zerbitzua martxan dutela.

Urrian, berriz, emakume batek eraso matxista bat salatu zuen Anoetan. Horren aurrean, Matraka talde feministak elkarretaratzea deitu zuen, «eraso guztiek erantzun bat behar dutelako». Matrakako kideek, «nazkatuta» daudela adierazi zuten: «Badakigu eraso hauek icebergaren goiko aldean daudela, baina egunero-egunero jasaten ditugu isilean pasatzen diren erasoak». Erasoei aurre egiteko, gainera, «ezinbestekotzat» jotzen dute autodefentsa feminista, baita emakumeez ez ezik, gainerako herritarren babesa ere.

Talde kriminala, Tolosan

Abenduaren 16an jakin zen emakumeak jazartzen zituen «talde kriminal» bat atzeman zuela poliziak Tolosan. Polizia Nazionalak atxiloketak egin zituen, Tolosa, Beasain eta Bergaran, emakumeen sexu esplotazioa egitea leporatuta. Polizia Nazionalak argitu zuenez, 17 esplotatutako emakume identifikatu zituen eta horien atzean «talde kriminala» zegoela jakinarazi. Emakumeak sexualki esplotatzeko helburua zuen taldea dela esan zuen poliziak eta hori dela eta zortzi atxiloketa egin zituzten Tolosa, Beasain eta Bergarako bost etxebizitzatan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!