Herriko historia zaintzeko eskatuz
Tolosako Kale Nagusian etxebizitza bat eraitsi zuten uztailean, berri bat egiteko asmoz. Andia dorrea du ondoan botatako etxeak. Dorre hori Tolosako lehen eraikina izan daitekeela kontuan hartuta, herritar talde batek zaintzeko eskatu zuen. Hala ere, hasita zeuden etxebizitza berria eraikitzen. Jesus Mari Agirre herritarrak salatu zuenez, «korrika ari dira eraikitzen, guri inolako kasurik egin gabe».
Kale Nagusiko 17. zenbakian kokatuta dagoen eraikina da Andia dorrea. Zenbait historialari eta idazleren iritziz, Tolosan altxatu zen lehendabiziko eraikina da, X. mendekoa. Oraindik teilatupean dituen bost gargola eta hego fatxadan duen armarria mantentzen ditu. Herritar batzuek kezka eta interesa adierazi dute. Dorre historikoa baloratzea eta zaintzea nahi dute, eta horretarako udalari proposamen bat egin zioten. «Ahal dela, ipar fatxada agerian uztea nahi genuen, edo, behintzat, teknikari talde batek aztertzea», azaldu zuen herritar taldeak.
Baliarraingo historia, libururako
Mikel Prieto historialaria Baliarraingo historia ikertzen ari zen pasa den urte amaieratik. Artxiboak begiratzeaz gain, etxez etxe zebilen herritarrekin hitz egin eta informazioa biltzen. Baliarraingo Udalarekin elkarlanean, guztia liburu batean jasotzekoak ziren urte amaierarako, baina pandemiak lanak bukatzea oztopatu die.
Etxe bakoitzaren gutxieneko informazioa jasoko dute liburuan. «Bertako familiak nortzuk izan diren, etxearen historia eta norbaitek egin nahi badu familiaren edo eraikuntzaren historia, honek abiapuntu edo errekurtso batzuk eskainiko dizkio», Prietoren hitzetan.
1.568 urtera arte atzera egin ahal izan dute, baina «lehen liburuak falta dira, eta hori kolpe handia da familiak osatzeko».