Urtekaria 2020

Bigarrengoz Euskaraldia

Ataria 2021ko urt. 2a, 19:59

COVID-19ak eragindako larrialdi egoeran gauzatu da aurtengo ariketa soziala; Urrats kualitatiboa eman da: norbanakoen konpromisoari eutsi zaio eta euskaraz aritzeko gune babestuak, ariguneak, sortu dira.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hamabost egunetan zehar ia 180.000 pertsona izan dira Euskaraldian parte hartu dutenak. Pandemiak eragin zuzena izan du euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketan, baina, hala ere, parte hartze handia izan duela azpimarratu dute antolatzaileek. Duela bi urteko Euskaraldian 225.154 pertsonak hartu zuten parte. Aurtengoan parte hartu dutenen herena ez zen lehen edizio hartan ahobizi edo belarriprest rolean aritu. Hau da, 50.000 pertsona berri gerturatu dira 2020ko Euskaraldira.


Bestalde, parte hartu dutenen artean %77k eman du ahobizi modura egin du, eta %23k belarriprest bezala egin dute, eta aurreko edizioan gertatu moduan, gehienak emakumezkoak izan dira, hau da, %62.

Tolosaldeari dagokionez, Galtzaundi euskara taldeak eman ditu eskualdeko datuak: «Duela bi urteko ariketaren pare gaude; 7.500 ahobizi eta belarriprest ditugu, gehienak ahobizi-ak. Duela bi urteko antzeko proportzioan ibili gara aurten, hau da, %85 dira ahobizi eta %15 belarriprest». Tolosaldeko 28 herrietatik 24tan sortu ditu Galtzaundik herri batzordeak Euskaraldia antolatzeko. 2020ko Euskaraldian izena eman duten Tolosaldeko herriak dira hauek: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkil.

Euskararen erabilera sustatzeko bigarrenez egin den ariketa berrikuntzekin etorri da, izan ere, arigune-en parte hartzea izan da aurtengoan. Era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuak izan dira arigune-ak. Tolosaldean 290 entitatek eman dute izena, eta 1.100 arigune baino gehiago sortu dira. Eskualdean sortu diren arigune horietan 4.200 pertsona inguruk parte hartu dutela kalkulatu dute ahobizi edo belarriprest roletan.

Euskaraldia euskararen lurralde osorako pentsatutako ekimena da, beraz, eguneroko jardunean euskaraz bizi diren auzo, herri edo eskualdeetan ere gauzatu da 15 egunez. Tolosaldea bada euskararentzat arnasgunea eta aurten antolatu den ariketa sozialean arreta jarri da herri euskaldunetan, euskara naturala eta ohikoa den guneetan. «Arnasguneak ez dira eremu blindatuak; aitzitik, eremu hauskorrak dira. Arnasguneetan sor litezkeen joera aldaketak detektatu eta ekidin behar dira». Euskaraldiaren bigarren edizioak balio izan du gune hauetan ere arreta jartzeko.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Behin Euskaraldia amaituta balorazio «positiboa» egin dute parte hartzaileek. Galtzaundi euskara taldeko Imanol Artolak aurtengo edizioa «oso lasai» bizi izan dutela aipatu du, «gustura eta eroso». Tolosaldeko herrietan duela bi urte baino txapa gehiago ikusi direla aipatu du euskara elkarteko dinamizatzaileak, nahiz eta mugikortasun eta ordutegi muga batzuk izan pandemiagatik.

Aurtengo Euskaraldia «ariketa sozial masiboa» izan da, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek esandakoaren arabera. Orain, aldatutako dinamikei ahalik eta gehien eusteko deia egin dute ekimenaren bultzatzaileek. «Herri gogoa», Amonarrizen hitzetan «hainbat hamarkadatan gauza harrigarriak egitera eraman gaituena», gailendu egin da berriro, eta erakutsi du Euskal Herrikoa «gizarte bizia» dela.

100 urtean lehen aldiz, kalean gehiago

Iazko hizkuntzen erabileraren Tolosako kale-neurketaren emaitzak aurkeztu zituen maiatzean Galtzaundi euskara taldeak. 2019ko neurketan 3.246 elkarrizketen eta 8.647 hiztunen informazioa bildu zuten eta behatutako elkarrizketen %49,1ean euskara erabili zen. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan eta iaz lehen aldiz euskararen presentzia kalean, gaztelaniarena (%48,5) baino handiagoa izan zen. Galtzaundiko kideek nabarmendu dutenez, nahiz eta neurketak egiten duela 34 urte hasi, «ebidentziak» daude esateko 100 urtean lehen aldiz gaztelera baino euskara gehiago entzun dela Tolosako kaleetan. «Tolosarren lekukotza ugari daude bilduta hainbat liburutan eta ahozko ondarea biltzen duen Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan».

Euskararen kale-erabilera 20 puntutan berrindartu da Tolosan azken urteetan. 1985ean, %29koa zen eta iaz, berriz, %49,1ekoa. Aipatzekoa da, 1981ean, Tolosako biztanleen %51 euskalduna zela. 2016an, berriz, %71 izatera pasa ziren. Beraz, kale-erabileran ez ezik, ezagutzan ere 20 puntu egin du gora, 35 urtetan.

Kale-erabileran adin-tarte desberdinen artean alde nabarmenak ikus daitezke. 1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak azkenak izatetik bigarrenak izatera igaro dira. Duela 34 urte, adinean helduenak ziren kalean euskaraz gehien aritzen zirenak; orain, belaunaldi gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Gaur egun, haurren %70ak hitz egiten du euskaraz Tolosako kaleetan. Gazteetan %63ak, heldu-gazteetan %57ak, heldu-nagusietan %44ak, eta adinekoetan %29ak. 2019ko neurketaren datuak dira.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!