Kilometroen eredu berria, une berezian
Zubimusu ikastolak pandemiagatik jaia moldatu behar izan du.
Aurten ez da Kilometroak festa erraldoirik egin. Neurri batean iragarrita zegoen, Gipuzkoako Ikastolen Federazioak urteotan landu duen eredu berriaren lehen urtea zelako. Aurrerantzean jaia deszentralizatu eta ikastola guztiek elkarlanean garatu nahi dute Gipuzkoako ikastolen festa.
Erronka berriari ekiteko ardura zuen Amasa, Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak, baina pandemiak bete betean harrapatu eta erdi bidean geratu dira helburuetako asko. Hala ere, egoerari aurre egiteko gai izan direla eta ikastola «indartuta» atera dela azpimarratu dute Zubimusuko arduradunek.
Urriaren 5ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egin zuten Kilometroen lekuko aldaketa egiteko ekitaldi xumea. Gipuzkoako ikastola guztiek hartu dute testigua 2021ekoa antolatzeko: «Lekukoa hartuko duten ikastolek eta herriek, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko zeregina izango dute».
Zirtotsari buruzko ikerlana garatzen ari da Harituz
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak elkarteak egindako Pello Mari Otaño beka eskuratu du eskualdeko bertsozaleen elkarguneak.
Zirtoa bere horretan ikergaitzat hartzeko moduko generoa badela eta Aiztondon zirtoak bilduma bat egiteko adinako tradizioa baduela uste dute Tolosaldeko Harituz bertsozaleen elkarguneko kideek. Gainera, zirto errimatua bertsolaritzaren ikas-prozesuaren sarrera gisa balia daitekeela pentsatzen dute, eta hipotesi horrekin aurkeztu zuten urte hasieran ikerlan proposamena Pello Mari Otaño bekara.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak elkarteak egin zuten beka deialdia, Zubimusu ikastolaren eta Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarea biltzea, ikertzea eta dibulgatzea zen, eta, epaimahaiko kideen esanetan, Harituz elkarguneko kideek aurkeztutako proposamenak bete-betean egiten zuen bat bekaren helburuarekin. 3.000 euroko ordainsaria eskuratu zuen Harituzek uztailean lana urtebeteko epean garatzeko.
Aiztondoko zirto tradizioaren bilketa lanak egin eta gero, aplikazio didaktikoa prestatuko dute, Harituz-en bertso eskoletako ikasleekin probaldia egiteko.