Ez ohiko urtea joan da, eta kultura eta kultur sortzaileek eragina barru-barrutik bizitu dute. Eskualdeko sortzaileek, ordea, sortzen jarraitu dute, eta 2020ak uzta oparoa utzi du liburuei eta diskoei dagokionean.
Urtea hastearekin batera, Tolosako Udalak eta Alberto Luengo biologoak Tolosako fauna: landa behaketa liburua argitaratu zuten.
Martxoan, Hik ez dakik zer den beldurra narrazio bilduma kaleratu zuen Erein argitaletxearekin Karlos Linazasoro tolosarrak. Aldiz, bi urtez Bizkaiko D ereduko ikastetxe bateko ikasleei jarraipena egin ostean, Eider Saragueta ikerlari ibartarrak, hizkuntzaren inguruko tesi bat liburu bilakatu zuen: Translanguaging hezkuntza eleanitzean. Ikerketa etnografiko bat.
Apirilean, ikasgelan pilatutako ohartxoekin bilduma osatu, eta Hezkuntzaren Soziologia liburua kaleratu zuen Joxi Imaz Bengoetxeak. Igor Estankonak, Susa argitaletxearekin Moskito bosgarren poema liburua kaleratu zuen, azkenekoa argitaratu zuenetik hamaika urtera datorrena; besteak beste, nazioaz, aitatasunaz, bikoteaz eta heriotzaz.
Maiatza hastearekin batera, Kutsaldian liburua itzuli zuen euskarara Xabier Olarra itzultzaile tolosarrak, Fernando Reyrekin batera eta Erein argitaletxeak plazaratu du. Juan Kruz Igerabide adunarrak Noiz arte arrazoi liburua idatzi zuen. Umoretsu, baina aldi berean eztena sartuz zenbait gaietan eta gogoeta sakonak iradokiz ageri da aforismoetan. Alberdania etxearekin kaleratutako liburuan, Koldobika Jauregi alkizarrak bere ekarpena egin du azala eta liburu barruan dauden irudiak osatuz.
Ekainak geologian murgiltzeko aukera ekarri zuen. Amezketako San Martin atseden-lekuan aurkeztutako proiektuen artean aurkitzen da, Asier Hilario tolosar geologoak egindako Geodibertsitatea, gure lurraldearen memoria ezkutua liburua.
San Ferminen bueltan, Josu Ozaita Azpiroz antropologoak Sanferminetako azken erritua: Villavesaren entzierroa liburua argitaratu zuen.
Irailean, Bidea Ipar liburuak ikusi zuen argia Tolosan. Iker Karrera amezketarra protagonista duen eta Unai Ugartemendia kazetari eta idazleak idatzitako liburua da. Ibarraren eta piperraren arteko harremanari buruzko liburu bat egin du Josu Ozaita antropologoak: Piparra. Ekoizleekin, herritarrekin, biltzaileekin eta abarrekin hitz eginda.
Hausnarketa pertsonaletik abiatutako proiektua egin du Mikel Chamizok. Under Lockdown konfinamenduari buruz idatzitako hamaika piezek osatzen duten liburuxka da. Inoiz ikusi gabeko partiturak dira, marrazkiekin apainduta daudelako, baita inoiz bezala egindakoak ere, pianorik ukitu gabe idatziak direlako.
Aforismoa literatura-genero egokiena dela dio Karlos Linazasorok. Hala, gisa horretako bere bosgarren liburua argitaratu zuen idazle tolosarrak, azaroan: Buzón de sugerencias. Bere liburu guztiak bezala, euskaraz idatzi zuen lehenik, argitaratu ahal izateko, baina, gaztelaniara itzuli behar izan zuen eleberria.
Haurrei zuzendutako Gau beltza ipuina argitaratu du Ozaita antropologoak Txalaparta argitaletxearekin; gau beltzaren eta hemengo ohituren inguruko informazioa haurrei gerturatu nahi izan die horrela. Alberto Luengo tolosarrak, esaterako, Mongolian eta Txinan barrena egindako bidaietako bizipenak, ikusiak eta ikasiak auto-editatu ditu De gentes, animales y otras yerbas, Crónica de un viaje por China y Mongolia liburuan. Bernardo Atxaga asteasuarrak, berriz, Euskadi Irratiko Faktoria magazinean irakurritako 115 artikulu bildu ditu Kilker bat autopistan liburuan. Eta Yurre Ugartek zortzi narrazio bildu ditu Lilurabera liburuan. Emakumeak dira protagonista istorio ia guztietan; sorkuntza ogibide duten pertsonak.
Urteko azken hilabetea ere oparoa izan da. Anoetako Burdin Aroko Basagain herrixkan azken 20 urteotan egin diren aurkikuntzak bilduz liburua argitaratu du Aranzadi zientzia elkarteak. Oskia Karrerak Bertsoak argazkitan izeneko bere hirugarren liburua argitaratu du; 75 bertso zahar eta berri bildu ditu, bakoitza bere argazkiarekin. Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak Siberiako neskatila ausarta haurrentzako liburua argitaratu du, eta bukatzeko, Garbiñe Ubedak, Esanezinak liburua argitaratu du, Lekukoa trilogiaren azken liburua.
Musika berria
- Tenpora. Berriro asma nazazu
- Hilotz. Aske
- La Topadora. Voy con todo
- Sin Mala Intención. Cuando llueve demasiado
- Habi. Koloreak
- Inor Navarro. Aversión
- Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran. Ariñeketan
- Iker Piris. Solo
- Alos Quartet. 20 urte zuzenean