Goenagaren atzera begirakoa
Alkizan bizi den Juan Luis Goenaga artistaren atzera begirako erakusketa zabaldu zuten irailean, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Sei gune tematikotan dago antolatuta erakusketa eta elkarren segidan daude lanak, egilearen irakurketa kronologikoa eta bere obraren garapena ikusi ahal izateko. Azken 50 urteetan egindako margolanak bildu eta antolatu ditu Mikel Lertxundi Galiana komisarioak. Guztira 128 lan dira.
Donostian jaio zen Juan Luis Goenaga, eta haurtzaroko eta nerabezaroko olio pinturetan dagoeneko antzematen zitzaion joera espresionista. 60ko hamarkadan bere sorkuntza lana euskal errealitate existentzialarekin errotzeko ahalegina egin zuen eta Alkizako Otsamendi etxean hartu zuen bizilekua. Hernio-Gazumeko parajeetan barrena ibili, naturan esku hartu eta argazkiak ateratzen zituen egunez, eta gauez saiatzen zen ikusitako horrek eragindako sentsazioak pintura eta marrazkiaren bitartez esplikatzen.
Aiztondoko dantzarien artean postu onak lortu dituzte
Maitane Irurtzun adunarra eta Gorka Duran billabonarra hirugarren izan ziren urrian Seguran jokatu zen Euskal Herriko Dantza Txapelketan. Amasa-Villabonako Maddi Davilak Gazteen Mailako II. Aurresku Txapelketa irabazi zuen, Errenterian, abenduaren 7an, eta aldiz, Beñat Beobide asteasuarrak abenduaren 13an irabazi zuen Legazpin jokatu zen Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, 2005ean eta 2006an jaiotakoen D kategorian.
Unzurrunzaga eta andres, Sormenaren Kabian
Alkizako Udalak antolatzen duen artistei begirako Sormenaren Kabia beka, aurten, Idoia Unzurrunzaga Llach argazkilariak eta Maria Andres Sanz dantzariak irabazi dute. Beka astebetez luzatuta, iraila eta azaroa bitartean Alkizan izan dira euren proiektua burutzeko, eta Unai Sorarrain bideogile alkizarra bidelagun izan dute. Abenduan jendaurrean aurkeztu zuten beren egonaldian egin duten lana.
Titirijai eta abesbatza jaialdiei eutsiz
Modu ezberdinean bada ere, Tolosako kultur eskaintza izan dira txotxongiloak eta abesbatza kontzertuak. Aurtengoa, Titirijai txotxongilo jaialdiaren 38. edizioa izango da. Bederatzi egunez, txotxongiloz, txotxongilolariz eta haurrez beteak izan dira Tolosako kaleak nahiz Topic zentroa. «Urte korapilatua izaten ari da, guztia hankaz gora jarri zaigu, baina hemen gaude, pozik, jaialdi eder hau martxan jartzeko gogoz», adierazi zuen Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari izendatu berriak. Uztailean hartu zuen kargu berria.
Tolosako Abesbatza Lehiaketa bertan behera geratu bazen ere, egitarau murriztua prestatu zuten abenduaren 8tik 19ra bitarte gauzatzeko. Kontzertu guztiak San Frantzisko elizan izan ziren, eta entzuleek gonbidapenarekin bakarrik sartu ahal izan zuten. Egoerak bermatuz gero, aurten egin ezin izan diren kontzertuak datorren urtean egitea da antolatzaileen asmoa.
Bertsoak eta bertsoaren bueltakoek utzi dute arrastoa
Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Konfinamendua arintzeko bertso txapelketaren jarri zuen martxan, eta apirilean Beñat Mateos Zeberio asteasuarrak irabazi zuen umeen mailako txapelketa eta Ane Zubia Aranalde ibarratarrak, berriz, helduen mailakoa. Ane Zubiak lehen aldiz parte hartu du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Ibartarra finalean kantatzera iritsi zen urrian.
XXXVI. Basarri Bertsopaper Sariko txapela jantzi du aurten Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak. Beñat Mateos, Aner Peritz eta Oihana Aranak irabazi dute VII. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa. Gelen arteko mailako saria, berriz, Abaltzisketako herri eskolako ikasleentzat izan zen. Bigarren postuak hurrenez hurren: Mara Albistur, Joar Garate, Ekaitz Goikoetxea eta Larraulgo eskolarentzat izan ziren.
Asteasuko Pello Errota Sariketan guztira Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartu zuten aurten ospatu den bigarren edizioan. Amaia Iturriotz, Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabal zizurkildarra aritu ziren finalean. Amaia Iturriotzek lortu zuen txapela janztea.