Urteko azken eguneko manifestaziorako deia egin dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 29a, 13:35

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalbatzek euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena landu eta onartua dute, eta dei egin dute, ostegunean, 18:00etan, Villabona eta Zizurkil artean egingo den manifestazioan parte hartzeko. Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean egingo dute urte azken eguneko manifestazioa.

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalbatzek, alde batetik, euskal presoen urruntze politikarekin amaitzearen aldeko erakunde adierazpena landu eta onartu dute azken asteotan. Eta bestetik, azken urteetan, "ohikoa bilakatu den eta azkena izan dadin esperantzarekin" egiten duten elkartasun manifestaziorako deia luzatu dute. Urteko azken egunean, 18:00etan hasita, Villabona eta Zizurkil arteko bidea egingo dute Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean. Manifestazioa Villabonako Errebote plazatik abiatuko da, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan emango diote amaiera.

Adunako alkate Josu Amilibia, Amasa-Villabonako alkate Bea Unzue eta zinegotzi Xabat Laborde, Asteasuko alkate Pili Legarra eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzola izan dira agerraldian, eta manifestaziorako deiaz gain, onartutako adierazpenaren berri eman dute.

Hasteko, Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila eskatu dute, eta 2011 urtean, ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan, "beharrezkoa da beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz", esan dute.

Euskal gizarteak "bakearen eta bizikidetzaren aldeko" apustu garbia egin duela azpimarratu dute, eta "hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin".

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalbatzek lau puntuko adierazpena onartua dute, eta adierazi dute Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari; Iñigo Urkullu, Lehendakariari; Maria Chivite, Nafarroako Presidenteari; Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidenteari; eta Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei helarazi dietela:

  1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu euskal presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.

  2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.

  3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.

  4. Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten lagunduko luke. Gainera, aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!