Badatoz Olentzero eta Mari Domingi

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 23a, 16:59

Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo diete Tolosaldeko herrietan gaur nahiz bihar goizean eta arratsaldean.

Ezohiko urtea izaten ari den moduan, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ere ezohikoa izango da aurten. Neurri bereziak hartuta, baina, hori bai, ez diote hutsik egingo euren hitzordu garrantzitsuenari, eta Tolosaldeko txoko guztietatik igaroko dira, gaztetxoenen gozamenerako.
Ohiko moduan Gabon egunean igaroko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta harrera egiteko aukera izango dute herririk gehienetan. Bereziena, agian, Tolosarako aukeratu duten kokagunea, Gure Zirkuan izango baitira goiz eta arratsalde. Amasa-Villabonaren kasuan, bestalde, bezperan, hau da, gaur izango dira, 20:30ean egingo dutelarik kalejira herrian zehar.

OLENTZERO ETA MARI DOMINGI ETORRERA

  • Alegia. 17:30etik 19:00etara udaletxeko sarreran. 
  • Anoeta. Frontoian izango dira, 17:00etan.
  • Asteasu. 11:00etan Usarrabi frontoian.
  • Berastegi. Herrian zehar ibilbidea egingo dute, haurrei goxokiak banatuz, 18:00etan abiatuta.
  • Bidania-Goiatz. Herrian zehar ibiliko dira arratsaldean. 
  • Ibarra. Harrera egingo diete Aranen, 11:00etan. 16:30ean, Non dago Olentzero? ikuskizuna, kiroldegian.
  • Ikaztegieta. Arratsaldean egingo die bisita haurrei.
  • Irura. Olentzero eta bere lagunen kalejira, 17:30ean.
  • Lizartza. Olentzaro Bidea egingo dute, 16:30ean.
  • Tolosa. Olentzero eta Mari Domingi Gure Zirkuan izango dira. 12:0etatik aurrera 15 minutuko bisitak egin ahalko dira, aurrez izena emanda. Gainera, jostailu bilketa egingo da, haurrek jadanik erabiltzen ez dituzten jostailuak bildu eta hauek, behar dituztenei emateko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!