Bi enpresa epaituko dituzte berriz, ez zutelako hartu amiantoaren kontrako neurririk

Ataria 2020ko abenduaren 21a

Asviamie taldearen elkarretaratzeetako bat.

Automobilgintzari lotutako Tolosaldeko Irovisa eta Artikutza enpresek amiantoaren eraginez hildako langile ohi baten alargunak jarritako salaketari egin beharko diote aurre, asteazkenean. Alargunak amiantoari aurre egiteko neurririk ez hartzeagatik, gizarte segurantzako sarien %50eko errekargoa eskatzen du. 

Asviamie amiantoaren biktimen taldeak jakinarazi duenez, asteazkenean, hilak 23, Donostiako epaitegi batek Jesus Maria J.R.-ren alargunak jarritako salaketa bat hasiko da ebazten. Jesus Maria J.R. amiantoaren eraginez garatutako biriketako adenokartzinoma bat dela eta hil zen 2015ean eta alargunak gizarte segurantzako sarien %50eko errekargoa eskatzen die Tolosaldeko Artikutza eta Irovisa enpresei, amiantoari lotutako prebentzio neurriak eta segurtasun neurriak ez betetzeagatik.

Jesus M.J.R. Talleres RAG SA enpresan (gaur egun Artikutza SA) aritu zen lanean mekaniko bezala 1970 eta 1972 urteen artean eta 1975etik 1984ko irailera bitarte Irovisan. "Urte horietan amianto zuntzekin aritu zen inongo babes neurririk gabe", esan du Asviamie taldeak.

2017 Donostiako epaitegi batek zigorra ezarri zien Artikutza eta Irovisa enpresei, langile hau amiantoz kutsatu zelako. Bi enpresek 154.000 euro ordaindu zizkieten Jesus Maria J.R.ren alargunari eta seme-alabei kalte-galerengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!