Sexu explotazioarekin amaitzeko eskatu dute

Ataria 2020ko abenduaren 19a

Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zen, Itaiak deituta, aste honetan emakumeen jazarpenaren inguruan izandako gertakariak salatzeko.

Aste honetan emakumeak jazartzen zituen "talde kriminal" bat atzeman dute Tolosan. Horren aurrean eta Gipuzkoa zein Bizkaian gai berari lotuta izan diren beste gertakarien aurrean, Tolosaldeko Itaiak gertatutakoak "gogor salatu eta gaitzetsi" zituen atzo arratsaldean Trianguloan egindako elkarretaratzean.

Itaia Emakume Antolakunde Sozialistak honako irakurketa hau egin du:

"Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berretsi dute aste honetan gertatutakoek.

22 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon; sexu erasoekin lotutako 45 delitu egozten dizkiote, haurren artean pornografia zabaltzearekin batera. Gipuzkoan 8 izan ziren atxiloturiko pertsonak, gutxienez 17 emakume etxebizitzetan bortxaz sexu esplotaziora bideratzeagatik; horietako gehienak emakume etorkinak.

Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea, kasu honetan, prostituziora behartuak izatea edo helburu sexualekin buruturiko mehatxu birtualak jasan behar izatea. Pornografia eta prostituzioaren auziak gainera, bereziki aipagarriak dira, emakumeon gorputzak objektu bilakatu eta horien aurreko bortizkeria oro normalizatzen baitute. Horrek, egoera zaurgarrienetan kokatzen diren emakumeen egunerokotasuna bete-betean baldintzatzen du. Era berean, horiek izaten dira orokorrean, bestelako aukerarik gabe, prostituzioa bezalako bortizkeria egoeretara kondenatuak direnak.

Testuinguru horretan, gizonaren gailentasunerako egoera paregabea ematen da eta ondorioz, emakume langileon aurkako etengabeko erasoak gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz.

Horren aurrean, beharrezkoa dugu emakume langileon kontrako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta emakume langileok egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!