Lizartzan ekoitziko den gazta urdina aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 18a, 07:59

Agour gaztandegiak Alkizako Inazio Urruzola upategian aurkeztu du merkaturatu berri duen gazta urdina. Alkiza eta Lizartzako alkateek horrelako sinergiek eskualdean duten garrantzia nabarmendu dute.

Agour gaztandegiak joan den urtean inauguratu zuen egoitza berria Lizartzan. Duela 40 urte Heletan zabaldutako gaztandegiak hegoaldera zabaldu ditu mugak eta bertako artzainekin elkarlanean ari da. Orain, soilik, Lizartzako gaztandegiak ekoitziko den gazta aurkeztu du Agour etxeak: gazta urdina.

Peio Etxeleku Agour gaztandegiko presidenteak ekoizpenari erreparatu dio lehenik eta behin: "Iparraldean oso ohikoa da gazta urdina ekoiztea, baina hegoaldean ez da horrela. Hortaz, esan dezakegu gazta egiteko modu berritzailea ekarri dugula Lizartzara".

Bertako alkate Iñaki Azpirozek nabarmendu du gaztandegia Lizartzan zabaldu izana "oso garrantzitsua" dela, "bai herriarentzat, baita eskualdearentzat ere". 2020ko abuztuan Heleta eta Mendibeko gaztandegiak ezagutzeko aukera izan zuten lizartzarrek. "Bertatik bertara ikusi genuen lehen sektorearekiko Agourrek duen konpromisoa, inguruko ekoizleei esnea bilduz egiten duen lana".  Lizartzan, Tolosaldean, eta oro har Gipuzkoan, lehen sektoreak duen gainbeherari balazta jartzeko gogoa adierazi du Azpirozek: "Lizartzan bertan, zentzu horretan, premia galanta dugu eta horrelako proiektuek balio dezake balizko ekoizleak sortzeko eta lehen sektorea bultzatzeko. Prestutasun osoa eta elkarlanerako borondatea dugu".

Dagoeneko bost lagun ari dira Lizartzako lantegian lanean eta bi-hiru urteetan kopuru hori bikoiztu egingo dutela adierazi dute Agourreko arduradunek. "Helburu handiak dira, baina horri esker, 40-50 artzain biziarazteko asmoa dugu datozen urteetan".

Alkizako Inazio Urruzola upategian egin dute Agourren gazta urdinaren aurkezpena. Inaki Irazabalbeitia alkateak egin die harrera parte hartzaileei eta eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, bereziki, Agourri, gazta berria aurkezteko Alkiza aukeratzeagatik. "Irudipena daukat herria egiten ari garela gaurko ekitaldiarekin, Euskal Herria egiten ari garela", esan du Irazabalbeitiak. "Eskualdeko bi herri elkartu gara, Lizartza eta Alkiza, eta bertako ekoizleak elkarrekin gaude. Horrelakoekin lortuko ditugu sinergiak eskualde barruan. Demografikoki eta geografikoki berezia da gure eskualdea, herri txiki askoz osatua. Elkarrekin aritu behar dugu, bakoitzak bere aldetik ezer gutxi egingo duelako". Lehen sektorearen alorrean Iparraldetik zer ikasia badugula nabarmendu du Alkizako alkateak. "Zuen manerak gustatzen zaizkigu", esan dio Agourreko presidenteari. Zubigintzan jarraitzeko eta sakontzeko borondatea agertu du Irazabalbeitiak eta iragarri du aurrerantzean ere Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarlanean sakontzeko ekitaldi gehiago izango direla aurrerantzean Alkizan.

Gazta urdin krematsua

Agour gaztandegiak aurkeztu duen produktu berria hiru desafioren emaitza dela azpimarratu du Etxelekuk. "Lehenik, herri baten desafioa dago gazta urdin honen atzean, mugaz bi aldeetako lantegi bat sortzea ez baita erraza. Aurten zazpi lurralde historikoetan bilduko dugu esnea, euskal gaztagintzaren historian ez da inoiz horrelakorik gertatu". Lorpen hori, 40 urteetan egindako lanaren fruitua dela azpimarratu du Agourreko presidenteak, "artzainengandik konfiantza lortu dugulako, hain zuzen".

Etxelekuk berrikuntza jo du bigarren erronka nagusi gisa. "Gazta hau egitea ez da egun batetik bestera lortu, teknikoki oso-oso zaila eta luzea izan da". Hirugarren desafioa ekonomikoa izan dela esan du gaztandegiko presidenteak. "Bi milioi eta erdiko inbertsioa egin dugu produktu berri honetan eta baita Idiazabalen ere. Gure historiako apusturik handiena da". Hegoaldean, lau lurraldeetako 20 artzainekin ari dira elkarlanean eta latxa esnea kooperatibarekin akordio bat ari dira garatzen azken bi urteetan.

Aurkeztutakoa benetako gazta urdin bat dela esan dute Agourreko arduradunek. Ohiko euskal gazta baten itxura eman nahi izan diote, azal gogorrarekin. "Gure historiari lotzen gaitu horrek, beste euskal gaztek duten itxura du, baina barrutik biguna eta krematsua da". Teknikoki hori lortu izanaz "harro" agertu da Etxeleku. "Pertsonalitate eta zapore handikoa da, baina gazte urdin fuerteegiak gogoko ez dituztenentzat egokia".

Maridajea Juanitarekin

Etxelekuk esandakoa berretsi du Mikel Garaizabal ardo dibulgatzaileak Alkizan egin duen saio gidatuan. "Gazta krematsua da. Zaporea ere berezia da, izaera handikoa, erraz identifikatzen den horietakoa. Usaimenera, berriz, zapore intentsua du, baina ez da batere gogorra".

Inazio Urruzola upategiko Juanita ardo aparduna izan da maridajeko beste protagonista, Hondarribi zuri mahats motarekin egindakoa. "Fina, freskagarria eta garraztasun puntu atseginekoa", Garaizabalen esanetan.

Xabier Urruzola upategiko arduradunaren esanetan, lehen sektoreak eskaintzen du gaur egun aukera bertako produktuak eginez, kanpora ibilbide bat marrazteko. "Duintasunez eta harro, kanpoan oso salgarriak diren gauzak egin daitezkeela erakusten dute bai gaztak eta baita txakolinak ere". Alkizara, Garaikoetxea baserrira etorri ziren bizitzera Xabier Urruzola eta Garazi del Rey, sagastiak mahastiengandik aldatu eta txakolingintzan ari dira azken urteetan. "Gaur egun abangoardiako produktuak egiten ari gara, ekoizten zailak direnak".

Aurkezpenerako Juanita ardo aparduna jarri du Inazio Urruzola upategiak. Duela bost urte hasi ziren ardo klase hau egiten. "Florala, elegantea da, oso burbuila txikiarekin, atsegina, freskoa eta alaia". Ekoizpenaren %55a kanpora saltzen dute upategian eta Urruzolak nabarmendu du Alkizak argudio asko ematen dizkiela bide hori egiteko: "Benetan gara singularrak Alkizan bagaude edo gazta urdina da singularra Lizartzan badago. Komunitate baten parte gara hemen baldin bagaude". Ardogintza Tolosaldera ekartzeko ahalegin horretan pauso gehiago egiteko deia luzatu du Urruzolak eta horretarako instituzioen laguntza eskatu du, "mahastizaleak bultzatzeko, prozedura guzti horri duintasuna emateko".

 

 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!