Produktuak, materialak eta baliabideak ekonomian ahalik eta denbora gehien mantentzean oinarritzen den garapen eredua da Ekonomia Zirkularra, etengabeko hazkundetik eta gaur egungo kontsumo ereduak sortzen duen hartu-egin-bota kontzeptu linealetik ihes egiten duena.
Baliabideak mugatuak dira; zer esanik ez erregaiak. Eta kontsumo eta ekonomia ereduak sortutako hondakinen kudeaketa gizartearen kezka nagusi bihurtzen ari da. Hori dela eta, ezinbestekoa da baliabide gutxiago eta modu eraginkorrago batean erabiltzen dituen ekoizpen eta kontsumo eredu bat zabaltzea: hau da, garapenaren arlo guztietan ekonomia zirkularra aplikatzea. Hori da Tolosaldea Garatzenen helburuetako bat eskualderako.
OINARRIZKO KONPROMISOA
Baliabideekiko menpekotasuna eta hondakinen sorrera murriztea eta ingurumenaren kalitatea hobetzea bilatzen duen eredua da. Eta egon badaude adibideak inguruan; baina esperientzia isolatu izatetik harago, oinarrizko konpromiso behar du.
Produktu edo zerbitzu bat diseinatzen den unetik, ahalik eta hondakin gutxien sortuko duen planteamenduak garatzea da gakoa; ondoren, ekoiztu, kontsumitu eta desegiterako garaian arazoak gutxitzeko edo ekiditeko. Horregatik, Tolosaldeko Plan Estrategikoan ekonomia zirkularra aplikatzeko estrategia zehatza garatzea lan-ildo nagusi modura ezarri zen, beste batzuren artean. Eta eman dira urratsak norabide horretan: 2018 eta 2019 urteetan Tolosaldeko Ekonomia Zirkularraren estrategia definitu ondoren, aurten, tokiko entitateek Ekonomia Zirkularra nola txertatu landu dugu.
Ogi soberakinekin egindako garagardo bat
Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek TLHI, Fraisoro, Peñascal, Paper Eskola eta Inmakulada ogi soberakinekin garagardoa egiteko prozesuaren azterketa, garapena eta gizarteratzea lortu dute. Konposta egin ordez, birsortu eta berriro ere lehengai bihurtzeko apustua egin dute elkarlanean. Modu horretara, konpostera doan hondakin organikoaren kopurua jaistea lortzeaz gain, ikasleen artean ekonomia zirkularraren ereduaren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa sustatu dira.
Sagardotegietako hondakin organikotik, pektizina
Cortes enpresak, Kiri aholkulari teknologikoaren laguntzarekin, sagardotegietan sortzen den hondakin organikotik balio handiagoko azpiproduktuak sor daitezkeela demostratzeko proiektu pilotua garatu du. Pandemiak azterketa hankaz gora jarri badu ere aurreikusitakoa baino hondakin gutxiago sortu da sagardoaren patxari balorizazio teknika berriak aplikatu eta ikusi da posible dela elikadura eta farmazia industrietan erabilgarri izan daitekeen pektizina bezalako produktua bat sortzea.