Sexu esplotazioarekin amaitzeko eskatuz elkarretaratzea deitu du Itaiak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 18a, 14:00

Gaur, 18:30ean, Trianguloa plazan izango da elkarretaratzea; emakumeen aurkako eraso oro salatu nahi dute.

Aste honetan emakumeak jazartzen zituen "talde kriminal" bat atzeman dute Tolosan. Horren aurrean eta Gipuzkoa zein Bizakaian gai berari lotuta izan diren beste gertakarien aurrean, Itaiak gertatutakoak "gogor salatu eta gaitzetsi" nahi ditu, eta elkarretaratzea egingo dute, gaur, 18:30ean, Tolosako Trianguloa plazan, Sexu esplotazioarekin amaitu lelopean.

Honako irakurketa egin dute: 

"Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogia dira bizi dugun errealitate sozialean eta horrela berretsi dute aste honetan gertatutakoek.

22 urteko gizon bat atxilotu zuten Bilbon; sexu erasoekin lotutako 45 delitu egozten dizkiote, haurren artean pornografia zabaltzearekin batera. Gipuzkoan 8 izan ziren atxiloturiko pertsonak, gutxienez 17 emakume etxebizitzetan bortxaz sexu esplotaziora bideratzeagatik; horietako gehienak emakume etorkinak.

Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea, kasu honetan, prostituziora behartuak izatea edo helburu sexualekin buruturiko mehatxu birtualak jasan behar izatea. Pornografia eta prostituzioaren auziak gainera, bereziki aipagarriak dira, emakumeon gorputzak objektu bilakatu eta horien aurreko bortizkeria oro normalizatzen baitute. Horrek, egoera zaurgarrienetan kokatzen diren emakumeen egunerokotasuna bete-betean baldintzatzen du. Era berean, horiek izaten dira orokorrean, bestelako aukerarik gabe, prostituzioa bezalako bortizkeria egoeretara kondenatuak direnak.

Testuinguru horretan, gizonaren gailentasunerako egoera paregabea ematen da eta ondorioz, emakume langileon aurkako etengabeko erasoak gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz.

Horren aurrean, beharrezkoa dugu emakume langileon kontrako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta emakume langileok egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!