Tolosaldea Garatzenek kudeatzen du eskualdeko turismo bulegoa, bisitariei harrera egin, eskura dituzten aukeren inguruko informazioa eman eta fluxua eskualde osoan barrena zabalduz. Zerbitzua hobetzeko bulegoa berrituko da datozen hilabeteetan.
Zergatik bulego berri bat?
Asebetetze-inkestetan bulegoko arretaren eta informazioaren egokitasunaren balorazio bikaina egin arren, nabarmen jaisten da turistek kokapenari eta seinaleztapenari emandako puntuazioa. Bulego berriak hori hobetzea bilatuko du, zerbitzuaren kalitatean eragiteko.
Zein ezaugarri izango ditu?
Itourbask EAEko turismo bulegoen sarearen irizpideak beteko ditu: arreta pertsonalizatuko eta azkarreko mostradoreak, autokontsultarako gunea ukipen-pantailako ordenagailuekin, doako WiFi sarea, gailuak kargatzeko txokoa, barne-bulegoak… Abegikortasuna eta Tolosaldearen izaera islatzea ere bilatu da, argitasuna, egurra eta natura uztatuz.
Nola eragingo du digitalizazioak?
Euskarri digitalez lagunduta, egungo komunikazioak eskatzen duen dinamismoa izango du bulego berriak, unean uneko helburuekin bat egiteko kanpaina komunikatiboetara irudia egokitzea ahalbidetzeko aukera izanda, mezua modu efizienteago batean helarazteko.
Zenbat jende pasatzen da bertatik?
Azken urteotan hazkunde nabarmena izan du bisitari kopuruak. 6.700 turista pasa ziren bulegotik 2018an; 8.400 iaz. Bisita gidatuetako parte hartzaile kopuruak ere gora egin du: iaz mila lagun baino gehiagok ezagutu zuten lehen eskutik Tolosako Alde Zaharra, Azoka, Andre Maria eliza edo Sagardotegi zaharren ibilbidea.
Nola eragin dio Koronabirusak turismoari?
2020a gogorra izan da. COVID-19ak sektorean eragingo zuen inpaktuaren inguruan Eusko Jaurlaritzak apirilean egindako txostenean, urteko fakturazioan %64,3ko jaitsiera aurreikusten zuen. Galerak ez dira ekonomikoak soilik, baita enpleguari dagozkionak ere.
Zeintzuk dira aurreikuspenak?
Errekuperazioa Aste Santutik aurrera hastea aurreikusten da eta ordurako Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak sektorearen ondoan, inoiz baino prestatuago egon nahi du, digitalizazioaren erronkei erantzun eta krisia aldaketak egiteko eta hobetzeko baliatuz.
Zergatik da estrategikoa turismoa?
Industria turistikoak Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %7,6 sortu zuen 2019an. Beste sektoreen bataz bestekoaren gainetik hazi zen enplegua, 37.373 lanpostu izatera iritsiz. Transbertsala da turismoa, inpaktu ekonomiko positiboa du beste sektoreengan: lehen sektorean, ostalaritzan, merkataritzan, kulturan... Zerbitzu horiek garrantzitsuak dira herriak bizitzeko, baina askotan ez dira ekonomikoki bideragarriak herritarren kontsumoarekin soilik, eta kanpoko bisitarien kontsumoa ere beharrezko dute.