AECC elkarteak bazkide berriak lortu nahi ditu Tolosaldean

Ataria 2020ko abe. 10a, 17:00

Hamar urte bete ditu Tolosaldeko AECC elkarteak; horren harira, bazkide berriak lortzeko kanpaina bat jarri dute martxan.

Tolosaldean egoitza jarri zuenetik 10 urte bete direla ospatzeko, Minbiziaren aurkako AECC Gipuzkoa Elkarteak bazkide berriak lortzeko kanpaina jarri du martxan, "hazten jarraitzeko eta eskualdeko paziente eta senide gehiagorengana iristeko".

Pandemiagatik ezarritako murrizketek urteurreneko ospakizuna "baldintzatu" badiete ere, ez dute ezer egin gabe geratu nahi izan, eta bideo bat egin dute Tolosaldean 2010etik gaur egunera egindako ibilbidearen lapurpena jasoaz. Azaldu dutenez, bideo horrek profesionalen eta boluntarioen ikuspegitik kontatzen ditu mugarri, une eta istorio nagusiak, eta Olatz Peon Tolosako alkatearen lekukotza ere jaso dute. Etxez etxe liburuxka bat banatuko dutela adierazi dute, eta bertan azalduko den QR kodearen bidez bideoa ikusteko aukera izango da; baita sare sozialen bidez ere.

Azken datuak

Azken hamarkadan 400 lagunek baino gehiagok jaso dute zuzeneko arreta Tolosako Emeterio Arrese kalean dagoen egoitzan; bai terapia psikologikoaren bidez, bai gizarte arloko esku hartze edo kudeaketa bidez. Gainera, Tolosako egoitzan erretzeari uzteko terapiak eta logopedia tailerrak ere eskaintzen dira, laringektomia egina dutenek hitz egiteko gaitasuna berreskuratzeko. Artxiboetan gordeta dituzten datuen arabera, 433 lagunek jaso dutela laguntza azaldu dute, horietatik erdiak pazienteak, 224 hain zuzen, eta gainerako 209ak gaixo onkologikoen senideak izan direla esan dute.

Iazko datuei begira, minbiziak erasandako 68 pertsonak jaso zuten arreta egoitza horretan. Horietatik 40 pazienteak ziren eta 28 senideak. Saioei dagokienez, 2019an 198 saio psikologiko eta arlo sozialeko 162 esku hartze egin zituztela azaldu dute. Aurtengo datuak ere adierazi dituzte: gaur arte, minbiziak erasandako eskualdeko 41 pertsonak jaso dute arreta, 26 senide eta 15 pazientek.

Elkarteak, egun, 765 bazkide ditu Tolosaldean, eta horietatik 75 enpresak dira. Tolosaldeko AECCren lehendakaria den Mari Carmen Gilek esan duenez, "garrantzitsua da konpromisoa eta laguntza aldizkakoa izatea hazten jarraitzeko, eta gure arreta indartzeko, doako zerbitzuak areagotzeko eta une honetan gure arretarik gabe gelditzen direnengana iristeko".

Babesa emateko interesa dutenak 943 65 21 43 telefonora dei dezatela eskatu dute, edo joan daitezela Emeterio Arrese kaleko 2.ean dagoen egoitzara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!