Legea urratzea, aldaketarako bide

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abe. 11a, 07:58
Sanz, Amiama eta Odriozola. A.ARROYO ASKARAI

Joxe Manuel Amiama tolosarrak, Manu Odriozola anoetarrak eta Jorge Sanz tolosarrak intsumisio mugimenduak euren bizitzetan zein gizartean izan zuen oihartzuna izan dute gogoan.

Derrigorrezkoa zen. Hainbatentzat baita beharrezkoa ere, akaso. Heziketa militarra jasotzea ezinbestekoa dela defendatuko duenik ere izango da oraindik. Bestelako mundu-ikuskera zuten, ordea, XX. mende amaieran intsumisioaren alde borrokatu zirenek. Milaka izan ziren, eta milaka horien artean Joxe Manuel Amiama tolosarra, Manu Odriozola anoetarra eta Jorge Sanz tolosarra. Lehenak soldaduska 1975ean egin behar izan zuen; bigarrenari 1985ean iritsi zitzaion txanda, eta egiten ari zela intsumiso egin zen; hirugarrena, berriz, 1989an zen joatekoa baina, ez joatea erabaki zuen. Hirurak izan ziren intsumisio mugimenduaren parte.

Beraien ustez derrigorrezko soldadutzak gehiago zuen umiliazio tresnatik, heziketa militarretik baino. Azaldu dutenez, jendeak menpeko izaten ikasten zuen bertan, nagusiek esandakoari men egiten: «Gorputzean beldurra sartzen zizuten bizitza guztirako. Otzana izaten ikasten zenuen. Guk, berriz, aurkakoa aldarrikatzen genuen».

Zerbitzu militarraren zein intsumisioen mugimenduaren ondorioak mota askotakoak izan ziren eta borrokaren aurpegi publikoa maskulinoa izan zen arren, Amiamak nabarmendu du emakumeak ere beti egon zirela bai mugimenduaren inguruan, baita barruan ere: «Neskek rol aktiboa eduki zuten eta beraien jarduna ere ezinbestekoa izan zen. Protagonismoa mutilek eduki arren, ez zen, inola ere, mutilen kontua bakarrik izan». Emakumeek ausardia handia erakutsi zutela ere gehitu du: «Haiek ere onartu zituzten arriskuak; manifestazioetan gomazko pilotek ez zuten begirik, eta berdin kolpatzen gintuzten guztiok».


Jorge Sanz: "Guztiek ezinezkotzat zutena lortu genuen. Elkartzea eta tinko mantentzea lortzen badugu, ikaragarria da dugun indarra".

 

Kontzientziaren karga

Intsumiso izateagatik jasandako ondorioak hainbat motatakoak izan ziren. Odriozola, esaterako, hilabetez kartzelan sartu zuten soldaduska egiten hasi zenean intsumitzeagatik. Han egon zen bitartean militarrak ziegara joaten zitzaizkiola eta «denetariko jarrerak» eduki zituztela kontatu du: «Batzuk ni beldurtzera etortzen ziren; beste batzuk on itxura emanez edo- konbentzitzen saiatzen ziren. Bazen soldadu bat etengabe galdera bera egiten zidana: ea zenbat diru jasotzen ari nintzen errusiarrengandik hura egiteagatik [Barrez]. Ez zuten ulertzen».

Borroka aurrera eramateko Madrilgo KEM (Kontzientzia Eragozleen Mugimendua) taldearekin jarri zen harremanetan. Beraiekin elkarlanean lege-babesa jaso eta prozesuari aurre egiteko estrategia bat antolatu zuten. Gerra-kontseilu batean epaitu behar zuten Anoetako intsumisoa eta, azaldu duenez, epaiketa baino lehenago erabaki zuten soldaduska bukatu beharko zuela: «Abokatuek konbentzitu ninduten. Helburua mugimendua indartzea zen, eta hori lortu genuen. Prozesu juridikoak aurrera jarraitu izan balu asko luzatuko zen eta kartzelan urteak pasatzeko arriskua zegoen. Beraz, azkenean soldaduska egin behar izan nuen».

Sanz ez zuten kartzelara bidali baina, beste mota bateko zigorrak ezarri zizkioten. 1994an epaitu eta baldintzapean utzi zuten aske: hamabost egunean behin epaitegira joan behar zuen sinatzera eta 500.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Dena dela, zortea eduki zuelakoan dago Sanz, uste baitzuen bera ere gerra-kontseilu batean epaitu eta kartzelara bidaliko zutela.

Amiamak, berriz, mugimenduaren parte izatearen ondorioei egin zien aurre. Kontzientziazio lana egiten zuten eta «ardura handiko egitekoa» zela nabarmendu du. «Elkartasun beroaldian jende asko gerturatzen zitzaigun intsumiso egin nahi zuela esanez; batzuk ez ziren kartzela-zigorraren arriskuaz jabetzen. Hura ez zen tontakeria bat eta jende hari azaldu egin behar genien zertara zetozen». Bide horretatik, Amiamak azaldu du hainbat motako zigorrak ezagutu zituela: isun ekonomikoak eta kartzela-aldiak ez-ezik, kargugabetze kasuak ere izaten omen ziren.

Dena egiteko

Intsumisioak indar gehiena Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan eduki bazuen ere, oihartzuna Espainiar Estatu guztian zabaldu zuen. Hori antolatzeak, ordea, bere zailtasunak izan zituen. Odriozolak azaldu duenez, bera intsumiso egin zenean ez zegoen antolakuntza markorik Euskal Herrian. Zurrumurru bat ba omen zegoen: Espainiako Estatuan 10.000 gazte inguru zeudela soldaduskara joan nahi ez zutenak; baina horrez gain, bestelako informaziorik ez zuela kontatu du. Zerbitzu militarra egitera Madrilera joatea egokitu zitzaion eta bertan egin zuen harremana Kontzientzia Eragozleen Mugimenduarekin: «Hiri handia izanik, antolakuntza nahiko aurreratua zuten ordurako; beraien abokatuak zituzten, antolatzeko baliabideak… Ni beraiek lagundu ninduten». Bere esanetan intsumisioaren «garai gorena» 1990eko hamarkada erdialdea izan zen, Tolosaldean eta Euskal Herrian.

Sanzek ere uste du abangoardia lana KEMek egin zuela. 1980. hamarkada amaierarako Donostian bulego bat zuten, eta lege-babesa zein eman beharreko pausoen gidaritza haien bidez jaso zuen berak ere. Dena dela, intsumisoen mugimendua «oso espontaneoa» izan zela nabarmendu du; borroka «behe-behetik, herritik» sortu omen zen eta, haren esanetan, «oso garrantzitsua» izan zen hori.

«Heterogeneotasuna izan zen mugimenduaren ezaugarri bereizgarri bat», horrela hitz egin du Amiamak intsumisioaren inguruan. Bere hitzetan, mundu-ulerkera ezberdina zuen jendea batu zen borrokara: batzuk kontzientzia antimilitarista zuten eta horregatik zeuden armadaren aurka; beste batzuk soldaduska saihestea besterik ez zuten nahi; eta bazen «guztiaren aurka» oldartzeko zuen joeragatik bat egin zuenik ere. Antolatzeko garaian, askotariko pentsaera horiek norabide berera bideratzea zaila izan zela aitortu du, eta bakoitzak «ahal zuen neurrian» egiten zuen lan.

Antolatzeko bilerak gaztetxeetan egiten omen zituzten: inguruko herrietako plangintza egiteko Ordiziako eta Azkoitiko gaztetxeetara joaten ziren; Euskal Herri mailako bilerak egiteko, berriz, Iruñeko eta Gasteizko gaztetxeetan elkartzen ziren. Bestalde, testuinguru horretan, 1980ko hamarkadan sortu zen Kakitzat: Euskal Herriko Koordinadora Antimilitarista. Gerora, talde horrek dinamika autonomoak egin zituen herrian herriko talde antimilitaristekin eta baita KEMekin ere.

 


Manu Odriozola: "Ziegan nengoela, egunero gutun sorta handi bat jasotzen nuen. Alde guztietatik babes ikaragarria jaso nuen. Izugarria izan zen".

 

Desobedientzia, arma

Hainbat motatako ekintzak egin zituzten derrigorrezko soldadutzaren aurka. Zerbitzua egin bitartean Odriozola intsumiso egin izanak zein horren ondorioz kartzelan sartu izanak oihartzun handia eduki zuen Espainiako Estatuan, eta hari elkartasuna adierazteko mobilizazioak antolatu zituzten hainbat tokitan.

Protesta jendetsuak eta publikoak ez-ezik, bestelakoak ere egiten zirela kontatu du Sanzek: herriko ikastetxeetako paretak margotu zituzten, soldaduskarako neurriak hartzera etortzen zirenean neurketa-saioei boikot egiten zieten eta neurria hartzeko tresna ezkutatzera ere iritsi ziren. Anoetako kideari babesa emateko telegramak bidali zizkioten kartzelan egon zen bitartean. Odriozolak irribarrez gogoratu du garai hura: «Ziegan nengoela, egunero gutun sorta handi bat jasotzen nuen. Alde guztietatik babes ikaragarria jaso nuen. Izugarria izan zen».

Hitzaldiak ere antolatu zituzten. Ikastetxeetara joaten ziren eta etikako orduetan militarismoa eta autoritarismoa zer ziren azaldu eta horiek zalantzan jartzen zituzten. Hori egiteko, ordea, irakasleen baimena behar izaten zuten; eta horiek ez ziren beti intsumisioaren aldekoak. Baimenik lortzen ez zutenean, berriz, jolas-orduak baliatzen zituzten ikasleekin elkartu eta hitzaldiak emateko.


1992an, Trianguloan kanpaldi bat egin zuten Intsumisioaren alde. PATXI EGILAZ

 

Amiamak Tolosan egindako hainbat ekintza «gogoangarriak» izan zirela uste du: «Udaletxean itxialdiak egin genituen eta, 1992an, Trianguloa plazan kanpaldi bat ere egin genuen. Edozein aukera aprobetxatzen genuen gure borroka ikusgarri egiteko; militantzia oso aktiboa zen». Hirurek nabarmendu dute manifestazio eta elkarretaratze asko antolatu zituztela. Amiamak Odriozolaren kasua jarri du adibide moduan. Kontatu duenez, Tolosatik eta Oreretatik autobus bana bete zuten Madrilera haren alde egitekoa zen manifestazio batera joateko; eta jendea kanpoan geratu omen zen, eserlekuak mugatuak zirela-eta. Egin zuten borrokak sona handia «berehala» hartu zuelakoan dago Sanz: «Gazte batzuk soldaduskara ez zutela joan nahi esateak eta ez joateak zalaparta handia sortu zuen Espainiako Estatuan; ez zen gordetzeko moduko zerbait».

 



Joxe Manuel Amiama: "Udaletxean itxialdiak egin genituen eta, 1992an, Triangulo plazan kanpaldi bat ere egin genuen. Edozein aukera aprobetxatzen genuen gure borroka ikusgarri egiteko; militantzia oso aktiboa zen".

 

Babesaren gorakada

Mugimendua modu esponentzialean hazi zen. Hasieran sei pertsona inguru biltzen omen ziren Tolosako talde antimilitaristan; gero, pixkanaka handitu eta dozena bat izatera iritsi ziren; azkenean, berriz, jendea toki guztietatik batzen omen zitzaien. Dena dela, mugimenduak babesa ez zuela hasieratik jaso kontatu du Sanzek: «Inork ez zuen pentsatzen benetan ari ginenik. Lanean soldaduskara ez nintzela joango esan nuenean txantxetan nenbilela uste zuten; agur-festa ere antolatu zidaten ia». Gero, ordea, lanera azaltzen jarraitu zuenean lankideek egoera ulertu eta elkartasuna adierazi ziotela ere aipatu du, eta familian ere babestua sentitu zela.

Iritzi berekoa da Amiama ere; denbora-tarte laburra izan zen, baina babesa garatzeko prozesua pixkanaka gertatu zela esan du: «Gazte intsumiso bakoitzak familia oso bat zuen atzean. Hasieran beldurra sentitu arren, intsumisoari esker berehala garatu zuten kontzientzia antimilitarista senideek; eta berdin lagunekin ere. Beraz, jende asko zegoen intsumiso bakoitzaren atzean. Horiek guztiak bilduta lortzen duzun babes soziala oso handia da». Gero eta gazte gehiago intsumiso egin, orduan eta gehiago hazi zen haien aldeko jendarteko sektorea. Gainerako herri-mugimenduek ere berehala adierazi zuten bat egiten zutela intsumisioarekin, eta, azkenerako, alderdi politikoak ere borroka haren alde lerratzen hasi ziren. Azkenean, intsumisioaren gaia Espainiako Parlamentura ere iritsi zen.

Ageriko gainbehera

«Guk gero eta argudio gehiago eman soldaduskaren aurka, orduan eta zilegitasun gehiago galtzen zuen armadak». Amiamaren ustez mugimendua hazi ahala, errazagoa zen intsumisioaren alde jartzeko jendea konbentzitzea.

XX. mende amaieran herritarrek kontzientzia antimilitarista garatzeko hainbat faktorek eduki zuten eragina. Alde batetik, jendeak oraindik gogoan zuen diktadura frankistaren garaia; armadak erregimen hartan eduki zuen rolak jendea haren aurka jartzera bultzatu zuen. 1981. urtean Tejeroren estatu-kolpe saiakerak ere militarrek zilegitasuna galtzea areagotu zuen. Europako testuinguruari dagokionez, urte horretan Espainia NATOn sartu zen; baina, bost urte geroago, erabakia baieztatzeko erreferenduma egin zutenean, Hego Euskal Herrian NATOn ez jarraitzeko jarrerak irabazi zuen. Ostera, nazioartean, hainbat gatazka piztu ziren 90. hamarkadan, Golkoko Gerra, kasu.

Aipatu gertakari horiek mugimendu antimilitarista hauspotu zuten eta, aldi berean, bultzada eman zioten intsumisioari. Sanzek azaldu duenez, intsumisoen gatazkak «gain hartu zion» Espainiako Estatuari. Milaka ziren intsumisoak eta epaitegietan epaile bakoitzak «baremo ezberdinak» erabiltzen omen zituen. Egun bakarrean bospasei epaiketa egiten hasi zirela aipatu du Amiamak eta, bere ustez, horrek erakusten zuen epaitegiak eta kartzelak gainezka zeudela: «Militarrek egoeraren gaineko kontrola galdu zuten eta arazoa konpontzeko politikoei esan zieten. Horiei ere gainezka egin zien eta, azkenean, irtenbiderik gabe geratu ziren».

Itzali ez den sua

2001. urtean bertan behera geratu zen derrigorrezko soldadutza Espainiako Estatuan. Sanzentzat desobedientzia zibilari «zilegitasun handia» eman zion garaipen hura lortu izanak: «Guztiek ezinezkotzat zutena lortu genuen. Elkartzea eta tinko mantentzea lortzen badugu, ikaragarria da dugun indarra». Odriozola ere bat dator esandakoarekin: «Herritarrak elkartzen bagara, gaindiezinak gara. Sistema martxan jartzeko gaitasuna dugun moduan, geldiarazteko indarra ere badugu».

Ideia horretaz harago, Odriozolak lotura egin du intsumisioaren eta masa borrokaren potentzialitatearen artean: «Guztiok batera borroka bat hasten badugu helburuak lortu daitezkeela frogatu zuen intsumisioaren mugimenduak; eta jendea horretaz jabetzea garrantzitsua da».

Dena dela, ahanzturaren gaitzak jo du historiaren pasarte hori ere. Hiruetako bat bera ere ez da gogoratzen nola ospatu zuen garaipena haren berri eduki zuenean. Hari horretatik tiraka, intsumisioak lortutakoa gogoratzea eta ospatzea du helburu Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalak. Joan den ekainean estreinatu zuten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Tolosan, Amezketan eta Asteasun asteburu honetan emango dute.

Garaipenari meriturik ez diola kendu nahi, baina lortutakoa «erabatekoa» ere ez dela gehitu du anoetako intsumisoak: «Gerra inperialistak, errefuxiatuen aurkako errepresioa, gure eskubideen aurkako erasoak bizi zein lan baldintzetan… Horiek hor jarraitzen dute, eta borrokatu egin behar dira. Bizi garen sistema kapitalista da guztiaren erroa, eta horri bukaera jartzera iritsi nahiko nuke».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!