«Guk ez badugu ikusgarri egiten, ez du inork egingo»

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abe. 11a, 07:59

Joan den apirilean zen estreinatzekoa 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' dokumentala, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Pandemiak, ordea, bete-betean harrapatu eta ekainean aurkeztu zuten intsumisioari buruzko lana. Tolosan bihar egongo da ikusgai Leidor antzokian, 19:00etan; gaur amezketarrek eta asteasuarrek ere ikusteko aukera izango dute, herrietako proiekzioetan.

Bi mila eta hamabian Iruñeko kartzela zaharraren eraisketa grabatzeko baimena Labrit Multimedia ekoiztetxeak bakarrik lortu zuen. Garai bateko intsumiso batzuk bildu eta, eraikina bota aurretik, bertara sartu ziren kamerarekin. Material horretatik abiatuta eta Lander Garrok zuzenduta egin dute dokumentala Izar Films eta Labrit Multimedia ekoiztetxeek. Izaskun Arandia tolosarra Izar Filmseko ekoizlea da eta dokumentalaren nondik norakoen inguruan hitz egin du.

Zergatik da garrantzitsua intsumisoen borroka kontatzea?

Izugarrizko arrakasta eduki zuelako mugimendu honek. Intsumisoen borrokari esker, gaur egun, hemezortzi urterekin jada ez daukazu kondena hori. Oroitzen dut garai hartan nire inguruko guztiak aiama batean egoten zirela; bazekiten hemezortzi urte betetzean eskutitza iritsiko zitzaiela. Mugimendu baketsua izan zen eta, hala ere, jendartea alderik alde zeharkatu zuen. Merezi du gogoratzea. Gogoratzea eta ospatzea. Filmean askotan aipatzen den ideia bat da derrigorrezko soldaduska kentzea lortu zutenean, garaipen hori ez zutela ospatu ia. Bada, hori bera bilatzen du dokumentalak: intsumisioaren arrakasta ospatzea eta lortu zutena goraipatzea. Hausnarketa egitera ere bultzatzen du: ea garai hartako borrokatik zein irakaspen atera ditzakegun gaur egungo egoeretarako.

Zein publikori dago zuzenduta dokumentala?

Filma ikustera denetariko ikusleak joaten ari dira: jende oso gaztea, justu-justu jaiotzekotan zirenak intsumisoen mugimendua sortu zenean; 40 urte inguruko helduak ere ikusten dira, gatazka bete-betean bizi izan zutenak; eta baita helduagoak ere, garai hura gogoratu eta interesa dutenak. Ez nuen uste pelikula komertzial bat egingo genuenik, ezta gutxiago ere. Baina Iruñeko Golem zineman sei astez egon zen ikuskizunen sailean. Sekula ez zait horrelakorik gertatu ekoitzi ditudan beste lanekin.


Nolako harrera ari da edukitzen?

Jendeak beldurra hartu dio zinemara joateari. Oinarririk gabeko beldur bat nire ustez, frogatu baitute zinean ez dela kutsatzerik ematen… Baina beldur hori ere atzera egiten ari da; ikusleak ohartu dira zinea eta baita antzerkia ere oso seguruak direla. Aretoak betetzen ari gara eta poztekoa da hori.

Normalean film bat komertzialki estreinatzen denean, lehenengo hiriburuetan estreinatzen da; gero, hiri eta herri handiagoetan; eta, ibilbidea amaitzeko, herri txikiagoetan. Baina egoera hain arraroa zenez, ezohiko erabaki bat hartu genuen: eskatzen zuten guztiei dokumentala ematea. Eta gauza xelebre bat gertatu zen. Estreinako astean lau tokitatik eskatu ziguten: Iruñatik, Baionatik, Bilbotik eta Gaztelutik.

Atzera begiratuta erabaki egokia izan zela uste dut. Ez zaigu behin ere gertatu emanaldia antolatu eta inor ez joatea, edo bertan behera utzi behar izatea… Ari gara justu-justu pasatzen birus hau sortzen ari den kaos horren erditik, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Zine askotan ematen ari dira, kultur etxeetan, frontoi batean edo bestean ere bai… EiTB animatzen bada filma erostera, agian telebistan ere ikusi ahal izango da. Baina oraindik ez digute erantzun, ez dakit zer gertatuko den. Oraingoz, behintzat, oso pozik gaude. Agenda nahiko betea dugu abenduan, eta urtarrilerako zein otsailerako ere eskaerak iristen ari zaizkigu. Zoragarria izaten ari da.


Zer esan nahi du zuretzat dokumental hau ekoizteak?

Oso esperientzia aberasgarria izan da. Hainbat zuzendarik ez dute kontuan hartzen ekoizlearen ikuspuntua. Lander Garrorekin, ordea, oso gustura aritu naiz eta parte hartu dut sormen-erabakietan. Filmaren berezitasun bat da garrantzia handia eman diogula emakumeek intsumisio mugimenduan eduki zuten presentziari. Oso gai maskulinoa da intsumisioa: gizonezkoak bakarrik zeuden behartuta soldaduska egitera. Baina guk ere sufritu genuen; eta parte aktibo ere izan ginen. Benetan ederra izan da emakume horiek elkarrizketatzea. Historiako une garrantzitsuetan emakumeak ere hor egon dira. Zinean, zoritxarrez, hori ez da ikusgarri izan. Landerrekin hasiera-hasieratik hitz egin nuen horri buruz, eta bat egin genuen: guk ez badugu ikusgarri egiten, ez du inork egingo.

Zer esango zenioke dokumentala ikusteko zalantzan dagoen pertsona bati?

Ikustera joateko, noski. Zergatik? Garai historiko bat ezagutuko eta gogoratuko duelako, ondo pasatuko duelako, hunkitu egingo delako… Eta martxan jartzeko gogoa piztuko zaiolako. Aktibatu egiten zaitu dokumental honek. Borroka hau gertatu zela oso barneratuta daukagu Euskal Herrian, hemen eduki zuen eraginagatik eta presentziagatik, agian. Dena dakigula pentsatzen dugu, baina politikoki gauza asko gertatu ziren, eta dokumentalean horiek aztertzen dira… Interesgarriak dira oso, eta jendeak sorpresa bat baino gehiago hartuko du.

Erlazionatuak

Legea urratzea, aldaketarako bide

Aitor Arroyo Askarai 2020 abe 11 Anoeta   Tolosa 2

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!