Argazki galeria

Intentsitateak irabazi du derbia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko abe. 5a, 21:19

Emozio handiko partida jokatu dute, Laskorainek eta Lauburu Ibarrak, Usabal Kiroldegian. Haritz Zabalak 11 segundo faltan egindako golari esker, ia galduta zuen partida berdintzea lortu du Tolosako taldeak: 3-3koa izan da azken emaitza.

Lauburu Ibarra taldeari ez zion axola, Covid-19agatik, denboraldia beranduago hasteak. Derbi bat, beti izango baita derbi bat, ezohiko egoeran jokatuta ere. Laskorainek, bestalde, lehen bi partidak galdu ondoren, puntuak pilatu nahi zituen. Gauzak horrela, eta harmailak hutsik egonda ere, espero zitekeen erritmo altua eta intentsitatea ezarri dute bi taldeek, lehen saketik hasi, eta azken jokaldiraino.

Hobeto ekin dio partidari etxeko taldeak. Ibartarrek, estrategia jokaldi baten bitartez lortu nahi zuten lehen gola, baina ez dute asmatu alboko sakearekin, eta Beñat Ugartemendia izan da denetaz aztiena. Baloia lapurtu, aurkarien arearaino gidatu, eta ez du barkatu Endikaren aurrean. 45. segundoa zen, eta jada aurretik ziren tolosarrak: 1-0.

Ondorengo minutuetan ere, intentsitate handiarekin jokatu du Laskorainek, aurkarien area inguruan presioa ezarriz, eta baloia lapurtu ahala, jokaldiak amaituz. Ibarra, ordea, partida aurrera joan ahala, aurkariari min handiagoa egitea lortzen duen taldea da. Baloi jabetzaren bitartez lortzen du hori. Izan ere, 10. minutura arte itxaron behar izan dute berdinketako gola ospatzeko. Andoni Agirrezabalak lortu du 1-1ekoa, kontraeraso bat bikain amaituz.

Berdinketarekin heldu dira bi taldeak atsedenaldira; beharrezkoa zuten deskatsua, erritmoa berdina baitzen, eta indarrez ere justu zenbiltzan jokalari guztiak. Azken bi minutuetan, baina, markagailuan aurretik jartzeko aukera ederra galdu du Laskorainek. Ibarrako taldeak, Raidek bigarren txartel horia ikusi ondoren, lau jokalarirekin aritu behar izan du. Sendotasun handia erakutsi dute defentsan, eta tolosarrek ez dute Endikaren atea zulatzea lortu.

Hutsartea, gakoa

Bigarren zatiaren hasieran ere, bi taldeetako batek erritmo handiagoa ezarri du kantxan, eta baloi jabetzaren bitartez, gehiago inguratu da aurkariaren areara. Kasu honetan, ibartarrek gozatu dute aukera garbienez. Eta baita aprobetxatu ere. Hirugarren minutuan Iñigo Iribarrenek 1 eta 2koa jarri du markagailuan, estrategiako jokaldi batean, kornerretik pasea jaso eta area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Handik minutu batera, Zumetak egin du 1 eta 3koa, kontraeraso batean, jaurtiketa ia lurrean zegoela egin ondoren.

Orduan heldu da partidako gakoetako bat: Narciso Pavo Laskoraingo entrenatzaileak eskatu duen hutsartea. Bazirudien atsedenalditik lokartuta irten direla etxeko jokalariak. Hala ere, erritmo bera mantentzeko eta erasokor jokatzeko eskatu die prestatzaileak. Jokalariek, berriz, entzun eta egin. Hutsartetik bueltan, bigarren zatiko seigarren minutuan, bakarkao jokaldi batean, aurkariari izkin egin, atzean utzi, eta atezainari bi hanken artetik igaro zaion jaurtiketa bati esker lortu baitu, Haritz Zabalak, 2 eta 3koa. Laskorainek ez zuen partidatik ihes egin nahi. Derbia zen, eta derbiak irabazteko dira.

Gol horren ondoren, partidako minuturik zoroenak heldu dira. Baloia area batetik bestera zebilen, erritmoa oso bizia zen, eta jokalariak nekatuago zeuden. Joko horretan, berez, erosoago sentitu ohi da etxeko taldea. Gaur, baina, ibartarrek izan dituzte abagune onenak, pare bat gol gehiago sartu eta partida itxita uzteko modukoak. Baina, barkatzen ohi denean, zigorra jasotzen amaitzen duzu. Eta horrela izan da.

Jokaldi inozoa

Neurketa amaitzeko 3 minutu falta zirela, atezain-jokalaria atera du Laskorainek. Tolosarrek, ordea, ez dute asmatu bost jokalarirekin jokaldiak amaitzen. Berez behar lukeena baino abiadura motelagoan mugitu dute baloia, eta horrela, ibartarrak oso eroso sentitu dira defentsan.

Hala ere, partida amaitzeko 11 segundo falta zirela heldu da arratsaldeko jokaldi inozoena. Ibartarrak 5 falta zituzten eginda ibartarrek. Laskoraingo jokalari batek, aurkarien atea bizkarrez zuela jaso du baloia zelai erdian. Arerioa berandu heldu da baloi horretara, eta atzetik hanka sartu ondoren, falta adierazi dute epaileek, seigarrena, eta beraz, 12 metrotako jaurtiketa Laskorainentzat. Partida erabaki duen jokaldia izan da. Jorge Sanchez eta Haritz Zabala aurrez aurre. Jaurtiketa bat, berdinketa ezarri edota ibartarrek garaipena eskuratzeko. Azkenean, atezainaren eskuin aldean zuloa aurkitu, eta 3 eta 3ko berdinketa ezarri du Zabalak.

Ibartarrek amorru handia zuten amaieran; tolosarrak, berriz, pozik ziren denboraldiko lehen puntuarekin. Derbi bikaina eskaini dute, eta amaieran, puntu bana eskuratu dute biek. Beste modu batera izan bada ere, ohiko argazkiak atera dituzte. Festa handia bizi ahal izango zen gaur bertan, nahiz eta jokalariek berdin gozatu duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!