Zazpigarren ilara

'Amama'-z tertulia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2020ko abe. 6a, 07:59

Ainhoa Artetxe Uriarte eta Kepa Errasti Gorroño aktoreekin batera, baserri mundua pantaila handira eraman zuen filmaren azterketa laburra dator jarraian, tertulia gisara.

Emakume aktore errebelazio onenaren Goya sarirako izendapena izan zuen Iraia Eliasek bere lanagatik.

K.E. Zinemaldian ikusi nuen estreinatu zenean eta asko gustatu zitzaidan. Egia da kontatzen den hori nik ez dudala gertutik bizi izan, baina baserriaren mundu hori bizi izan duen jende asko hunkitu zuen pelikula honek, identifikatuta sentitzen zirelako.

A.A. Niri asko gustatzen zait Amama. Izan ere, oso film berezia, sentikorra eta sinbolikoa iruditzen zait. Oso emozionala. Familia, tradizioa… azaldu nahi den hori nola egiten den gustatzen zait. Asko hunkitzen nau. Naturaren elementuak artearekin nola nahasten diren ere deigarria egiten zait, zein kolore sortzen diren… Javier Agirre da argazki zuzendaria eta bere lana ikusgarria da.

K.E. Hala da, bai.

A.A. Planoak, koloreak… oso politak dira. Pertsonaiek egiten dituzten akzioak sinbolikoak dira. Dena oso zainduta dago, oso sakona da pelikula.

K.E. Ikusi nuenean zera pentsatu nuen: nahi dutena nahi bezala azaldu dute. Pelikula ederra da. Sinbolismo indartsua du, baina aldi berean ulerterraza da. Badago zerbait etxe guztietan gertatzen dena: gure arbasoekin daukagun lotura ikusezin hori apurtzen saiatzen gara sarri, baina ez dakit apur daitekeen. Agian beti egongo da lotura hori. Filmean oso argi islatzen da soka batekin. Borroka bat ikusten da, soka noraino tira ote daitekeen erakusten duena.

A.A. Ni ere ez naiz baserrian bizi izan, baina bai nire aitona-amonak eta haiek datozkit neure burura. Kandido Urangak baserritar prototipoa interpretatzen du, euskal gizona, gauzak ez hitz egite hori… Tira, ez dago elkarrizketa gehiegirik filmean, irudi eta isilune asko dago. Hori niretzako hemengo zerbait da, izan ditudan erlazio familiarrak Amaman islatuta ikusi ditut.

Ainhoa Artetxe: "Izan ditudan erlazio familiarrak 'Amama'-n islatuta ikusi ditut" 

K.E. Bakoitzak gauzak egiteko modu propioa du, horrek sortzen du gatazka. Jenerazio ezberdin guztien artean gertatzen den talka bat azaltzen da.

A.A. Garrantzitsua da ere bakoitzak familiaren barruan duen rola. Ander Lipusen pertsonaian argi ikusten da, txikitatik inposatu die nolakoa den. Askotan zaila da familiak ezarri dizun rol horretatik ihes egitea. Amona bera ere…

Modu berezian iritsi zen pelikularen parte izatera.

A.A. Bai, Asier Altunak azaldu zidan. Kalean ikusi zuen eta filmaren parte izateko eskatu zion. Emakume oso berezia da.

K.E. Sekulako begirada dauka.

A.A. Oso ederra da. Eta ez du hitz egiten! Dena begiekin esaten du. Oso interesgarria da bere perfila.

Zuhaitz bat baino gehiago mozten da. Motozerra enbor beltzetik ateratzean odola dirudien pintura gorria isuri da. Tradizioak protagonistarengan duen zauria irudikatzen al du?

K.E. Bai, nik uste hala dela. Aitak alabari dagokion zuhaitza bere aurrean mozten du gainera… Eszena hori oso potentea da.

AMAMA (2015)

 

Zuzendaria.

Asier Altuna Iza.

Aktoreak. 

Kandido Uranga.

Iraia Elias.

Amparo Badiola.

Klara Badiola.

Ander Lipus.

Manu Uranga.

Nagore Aranburu.

Ikusgai.

Filmin platforman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!