Zazpigarren ilara

«Euskal zinemaren loraldia gertatu da azken urteetan»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2020ko abe. 6a, 07:58

Azkenaldian telebistan agertzen ari diren bi aktore ditugu Zazpigarren ilaran: Ainhoa Artetxe eta Kepa Errasti. Horrez gain, Amama filmari buruz ere tertulian aritu gara.

AINHOA ARTETXE URIARTE. (1993, BILBO)

Nik berrogeialdian zehar ezagutu nuen, bere Instagram kontuan Miren Gotzone pertsonaiari esker. Telebistan Pikuak telesailean ageri da, baita duela gutxi estreinatutako Hondar ahoak seriean ere. Patria eta La línea invisible serieetan ere egin ditu agerraldiak. Antzerkian, La maniobra Heimlich (Vomitando los 80) eta Pabellon 6k sortutako Gazte Konpainiaren ¿Qué fue de Ana García? aipa genitzake.

 

KEPA ERRASTI GORROÑO. (1981, ARETXABALETA)

Azkenaldian Barre Librean ikusten dugun aktorea, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarekin bira egiten dabil eta orain zinemara Mireia Gabilondorekin batera moldatu duen Erlauntza antzezlanaren autorea ere bada. Mami Lebrunen egindako lanagatik antzerkian gizonezko aktore onenari Besarkada saria eman zioten. Antzokietan Fernando Bernuesek zuzendutako Sisiforen paperak ikusteko aukera dugu, Egunkariaren kasua lantzen duen antzelana.

 

Non ikasi zenuten antzezten?

Ainhoa Artetxe: Madrilgo Estudio Corazza eskolan, lau urtez. Horrez gain, kurtso solteak ere egin ditut.

Kepa Errasti: Nik kazetaritza ikasi nuen lehenengo. Gero Donostiako TAE eskolan ikasi nuen antzerkia, nik ere lau urtez.

Zein izan zen zure lehen proiektu profesionala?

K.E.: Nirea, Goenkale. Kazetari bezala lehenago egin nuen lana, baina aktore bezala hori izan zen lehengoa.

A.A.: Nik ere Goenkalen kapitular bat egin nuen, baina benetako lan finkoa Pabellon 6n Gazte Konpainiarekin egindako Romeo y Julieta izan zen, Ramon Barearen zuzendaritzapean.

'Goenkale' luzaroan eskaini zen telebistan.

K.E. Hogeita bat urtez, uste dut. Errekorra dauka, estatu mailan denbora gehien iraun duen eguneroko seriea baita. Aktore askori ematen zion lana Goenkalek, urtean zehar zortzi edo bederatzi hilabetez.

A.A. Orain ere horrelako zerbait behar genuke. Telebistan egunero botatzen den serie batek asko lagunduko luke.

K.E. Bai. Proiektu batzuek hilabete eta erdi irauten dute eta oso ondo dago hori, baina denbora luzez lan finko bat edukitzea sekulako plazera da.

Ainhoa Artetxe: «Telebistan  egunero  botatzen den serie batek asko lagunduko luke» 

Gazteagoak garenok ez dakigu zer den hori…

A.A. Baina jakingo dugu. [Barreak].

Agertoki gainean gertatutako anekdotarik izango duzue.

K.E. Bai. Ane Gabarainekin Terapias antzezlanean barreak eman zidan behin baino gehiagotan. Apurua ematen dizu, baina gustukoa da nolabait. Asko gustatzen zait hori gertatzen zaidanean. Barre egin ezin duzunean barregura izatea ederra da.

A.A. Niri ere gertatu zait hori. Badakizu ezin duzula barre egin, baina irten egiten zaizu nahi gabe. Zeure buruari mesedez kontzentratzeko esaten diozu…

Interpretazioaz gain idaztea gustatzen zaizue.

K.E. Niri errespetua ematen dit dramaturgoa naizela esateak. Berez ez zait hainbeste gustatzen idaztea, baina bai gauzak kontatzea. Hala ere, idazten ondo moldatzen naizela uste dut, erraztasuna daukat. Dramaturgoa baino ni aktorea naiz. Beranduago agertokian interpretatuko ditudan pertsonaiak idazten ditut, nire neurrira. Bestela, dirua irabazteko ere idazten dut, eguneroko ogia lortzeko. Barruan duzun zerbait kontatzea polita da.

Zuzentzen ikusten al duzu zeure burua?

K.E. Inpresio handia ematen dit. Zalantza askoko pertsona naiz eta erabakiak hartzea kostatzen zait. Agian noizbait egingo dut.

A.A. Nik ere idatzi izan dut, bai. Orain Graciela Donizekin batera Winona eta Grace izeneko obra luze bat ari gara idazten, jada Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu. Pieza laburrak ere idatzi izan ditut antzerki arina egiteko eta baita film laburrak ere. Neuke produkzioak izeneko produktorarekin generoari buruzko serie bat daukagu eta horko film laburrak idatzi eta zuzendu ere egin ditut. Askotan, Kepak esan duen moduan, aktore moduan lan egin ez dudanean bestelako proiektuak ere egin ditut geldirik ez egoteko eta dirua irabazteko. Hala ere, nahiago dut aktore gisa lana egin.

K.E. Aktorearen lanaren barruan egon beharko luke sortzeko gogoa eta horretarako gaitasuna baduzu, ba askoz hobe.

Kepa Errasti: «Barre egin ezin duzunean  barregura izatea ederra da» 

Nola ikusten duzue euskal fikzioa?

K.E. Orokorrean arriskatzea falta da. Gauza desberdinak egitera arriskatu behar da, orain arte ikusi ez diren gauzak egitera, jende berriari lekua ematea ere bai… Betikoei eskaini ohi zaizkie proiektuak.

A.A. Keparekin ados nago. Ez dut esaten ni bertan agertzen naizelako, baina Hondar ahoak seriearekin asko arriskatu direla iruditzen zait. Kalitate handiko lana aurkeztu dute, bai aktoreen aldetik eta baita irudiaren tratamenduaren eta estetikaren aldetik ere. Hori aurrerapen bat dela iruditzen zait gure telebistarako. Horrekin ez dut esan nahi aurreko lanek kalitaterik ez dutenik. Nik uste eguneroko serie bat garrantzitsua dela aktoreon lana sustatzeko, lehen aipatutako Goenkale bezala, eta hortaz aparte serie gehiago egitea ideala litzateke. Orain serie gehiago ari dira egiten, hala jarraitzea espero dut.

Eguneroko serie batek aukera emango lioke aktore hasiberri bati benetako lan esperientzia bat izan dezan. 

K.E. Goenkale aktoreen harrobia zen. Pila bat ikasten duzu horrelako leku batean, ofizioa elkarbanatzen duzun jende asko ezagutzen duzu eta proiektu berriak sor daitezke hortik. Saretzeko modu bat da. Ederra litzateke berriro ere halako serie bat egotea eta hortaz aparte fikzio gehiago ere egitea.

Harro egoteko arrazoiak ere baditugu.

A.A. Gauza asko egiten dira ondo. Azken hamarkadan oso pelikula onak egin ditugu: Loreak, La trinchera infinita, Handia, Amama… zinema oso ona egiten da hemen. Teknikoei dagokienez, fama ona dugu. Kalitatezko zinema egiten da.

K.E. Euskal zinemaren loraldia gertatu da azken hamar urteetan.

Norekin lan egin nahi duzue?

K.E. Nik zineman paper txikiak egin ditut soilik, gustatuko litzaidake ibilbide luzeagoa duen pertsonaia bat egitea. Asier Altuna, Moriartiko hiru zuzendariak, Koldo Almandoz… zuzendari asko dago gauza interesgarriak egiten dituztenak.

A.A. Niri ere bai, Kepa bezala. Gustatzen zaizkit hemengo zuzendariak, denekin egingo nuke lan. Aktoreen aldetik, Elena Irureta datorkit burura.

K.E. Ni Bi eta baten Elenarekin aritu nintzen lanean eta asko gozatu nuen.

Euskal gazteriak ba al du etorkizunik euskal fikzioan?

K.E. Pabellon 6ko Gazte Konpainiatik aktore oso onak atera dira, Ainhoa bera barne. Gazteak gogotsu daude eta sortzeko indar handia ikusten diet. Inbiria ematen didazue, nik hori bizitzeko aukera izan ez dudalako.

A.A. Pabellon 6k arlo horretan lan potentea egiten du, aukera ematen baitigu profesionalki kondizio onetan lan duina egiteko. Iniziatiba handiko jendea atera da bertatik, baita Dantzertitik ere. Nik uste etorkizuna ona dela.

K.E. Ikuspuntu positiboa daukat, jende guzti horrengan konfiantza dudalako, ez egoera sozial honengatik. Noski, baliabideak ere eman behar zaizkie aurrera atera daitezen.

 

 
MOTZEAN

Pelikula bat?

A.A.: Los amantes del círculo polar.

K.E.: 80 egunean.

Telesail bat?

A.A.: Big Little Lies.

K.E.: Broadchurch.

Genero bat?

A.A.: Drama eta komedia.

K.E.: Komedia eta suspensea.

Aktore bat?

A.A.: Meryl Streep.

K.E.: Olivia Colman.

Zuzendari bat?

A.A.: Jean-Marc Vallée.

K.E.: Moriartiko hiru zuzendariak.

Pertsonaia bat?

A.A.: I'm not there filmean Cate Blanchettek egiten duena.

K.E.: Niretzat bada, nigandik asko aldentzen dena.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!