Kale Kantoitik

Laboa eta Lete

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2020ko abe. 1a, 09:25

Belaunaldi batek nahi baino gutxiago jaso ohi du aurreko belaunaldien historiaz, edozein alorri begiratzen diogula ere, eta hala, inoiz gertatu zirenen bertsio sinplifikatuak –bizpahiru topiko– ikastera iristen gara, gehienez ere, baldin eta ez bagaitu, kasualitate edo jakin-minagatik, gai horren inguruan ikertzeko harrak jotzen. Halatsu gertatzen da, adibidez, kultur erreferentziekin ere. Abendu hasiera honek euskarazko artean garrantzi berezia izan duten bi figuraren heriotzaren efemerideak dakarzkigu: Laboaren eta Leteren heriotzen urteurrena.

Zilarrezko ahotsa ei zen Mikel Laboarena. Donostian jaioa, umetatik bizi izan zen musikaren bueltan. Mediku ikastera Bartzelonara joan zela eta, berak ekarri zuen Ez Dok Amairu sortzeko hazia; zehazki, Kataluniatik esportatu zuen hainbat adierazpide batuko zituen mugimendu artistiko bat sortzearen ideia. Laboak hamaika kantu ezagun utzi dizkigu herri-kantutegian, eta horiek dira gaur egun bera biziarazten duten aztarnarik agerikoenak; zer euskaldunek ez du ezagutzen eta gutxi-asko miresten txorien, izarren hautsaren eta maite ditut maite gure bazterren Laboa, ahots eta gitarraz melodia goxoak kantatzen zituena, eta balizko euskal ereserkien egilea. Bada, ordea, ez ikusiarena egiten diogun beste Laboa bat ere, arteak garai hartan zituen mugak apurtzera ausartu zena, onomatopeia-kantaria, berdin intzirika zein predikuka aritzen zena agertokian, Lekeitioak eta Gernikak performatzen zituena. Kontzertuetan, erotzat hartu izango zuten batzuek haurrentzako neuropsikiatria unitateko medikua.


Xabier Lete, aldiz, poeta abeslaritzat jotzen da, ordena horretan. Ikasketa teknikoak egin zituen, baina gogoak letretara eraman zuen: poesiara, artikuluak idaztera edota antzerkigintzara. Hirurogeiko hamarkada amaiera hartan, poeta gisa Ez dok Amairurekin bat egitean hasi zen kantari: kantua militantzia politikotzat zuen, konpromiso sozialtzat, horrek azaltzen du zergatik ulertzen zuen hasiera hartan bere kantari lana «oso koiunturaltzat». Umetan Oiartzungo abesbatzatik kanporatu ez zuten ba, kanturako balio ez zuela eta! Hala ere, gerora, ahots zakarra izateak ez zion publikoaren miresmenik kendu. Agertokietatik erretiratuta egon zen 70eko hamarkadan, giro eta publikoak eskatzen zion diskurtsorik emateko ezgai sentituta, eta hondoa jo zuen. Protesta-kantuetatik etsipenezko poesiara igaro zen, eta gero, bizitzaren amaieran, itxaropen-izpi batekin, kristau-kutsuko poesia egitera. Gaurko gazteoi oinordetzan iritsi zaiguna Lete abeslari «hunkigarria» da; haren ahotsean, hiltzen ikusi genuen inoiz bizi izan zenik ere ez genekien Xalbador. 


Orain, mito egin ditugu biak ala biak ere, epiko, eta euskaldunongan aski zabaldu da beren figuren aitorpena. Hitz egin dezakegu haien ibilbideaz, haien obraren ekarpenez, artea ulertzeko zuten moduaz, izan zituzten konbikzio politikoez, zer konpromisorekin lotzen ziren haien artea eta pentsamendua. Hitz egin dezakegu bataren ezkortasunaz, bestearen txikiteorako zaletasunaz, bi-bien sorkuntza-krisiez, lurtarrago bilakatzen dituzten ezaugarri guztiez; mirets ditzakegu haien alderdi batzuk bakarrik, beste batzuekin desados. 


Figura interesgarriak dira, inondik ere, gure iraganeko mugimendu artistiko eta sozialak eta gaur egungoak ulertzeko erreferente gisa, eta ez dut esango aitorpenik zor ez diegunik. Baina Laboa ez zen txorien edertasunaz jarduten zuen erresiñula, eta Leteren helburua ez zen entzuleei beren une malenkoniatsuetan lagun egitea. Eta justizia poetikoaren izenean, bi L hauek ez dira aldarean jarri eta omenaldi eske dabiltzan bi jainkotxo. Hori baino askoz gehiago dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!