Asuncionek askatasun sindikala eta adierazpen askatasuna urratu dituela salatu du LABek

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 26a, 11:58

Sindikatuak esan du prentsara egindako adierazpenengatik, gezurrak direla argudiatuz, zigorra jartzeko mehatxua jaso duela Asuncion klinikako zuzendaritzaren eskutik. Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 08:00etan Asuncionen.

LAB sindikatuak Asuncion klinikako zuzendaritzak izandako jarrera salatu du, bere ustez, askatasun sindikala eta adierazpen askatasuna urratu baititu. Hala, azaroaren 13an egindako bileran gertatutakoa kontatu du: "Sindikatu bakoitzetik partaide bakarra egoten utzi zuten (COVID-aren aitzakian), hau ere enpresaren inposizioa; LABeko delegatuari gutun bat helarazten zaio, eta gutunean, enpresak mehatxatu egiten du esanez  zigorra jar diezaiokeela prentsara egindako adierazpenengatik, gezurrak zirela argudiatuz". LABek azaldutakoaren moduan, Asuncionek adierazi dio "epea pasatzen utzi zuela santzioa gauzatu ez dadin".

LABen iritziz, askatasun sindikala eta adierazpen askatasuna "erasotzea" oso larria da. "Txantaia mota hau erabiltzea, langileak behartu eta presioa egiteko, eta beldurraren bidez isilik eduki nahi izateko". Asuncioneko zuzendaritzak bilera azalpenak eman, eta  COVID-19ak klinikan sortu duen egoera larria eta aurrerantzean hartu beharreko segurtasun neurriez aritu ordez, "delegatua mehatxatzeko besterik ez dutela erabili dio LABek.

Hori dela eta, elkarretaratzera deitu dute, astelehenean, hilaren 30ean, Asuncion klinikaren atarian, 08:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!